Ana Etxarte eta Asier Vega – Alternatibako bozeramaileak
Kapitalismoak eta babesa ematen dion egitura politiko, sozial eta kulturalak sortu duten zibilizazio krisialdiak erakunde eta herritar ezkertiarrei alternatibak eraiki, proposatu eta ezartzeko lanean gogor jardutera behartzen gaitu. Alternatiba hauek erradikalak eta asmo handikoak izan behar dira gizarte eredu bidezko eta zuzenago bateranzko norabidean gida gaitzaten, gaur egungo sistema jasangaitz eta ustelduaren aurrean; Alternatiba integralak, burujabetza ekimen anitzak biltzen dituzten alternatibak, feministen, ekologisten, sozialisten, baserritarren eta hiritarren topaketa errazten dutenak; era berean, alternatiba bideragarriak izan behar dira, gaur bertan gauza daitezkeenak, beste mundu bat beharrezkoa, premiazkoa eta posiblea dela frogatuz.
Egunotan, apirilaren 17an baserritarren borrokaren nazioarteko eguna ospatzen dugula 1996an Carajasen erail zituzten baserritar brasildarren oroimenean, Alternatibak elikadura burujabetasunak dakarren proposamen erradikal, integral eta bideragarriaren aldeko apustua egin nahi du. Elikadura burujabetzak gaur egun mundu osoko zein Euskal Herriko elikaduran nagusi den eredu agroindustrial kapitalistari aurka egiten dio. Eredu honek egungo munduko elikadura krisiaren, munduan zehar milaka eta milaka baserritarren bazterketaren, aldaketa klimatikoan sakontzearen eta transgenikoen bidez kontsumitzaileen osasun segurtasun ezaren erantzukizuna du. Azken finean, euskal nekazaritza eta abeltzaintza galzorian egotearen errudun da ere.
Elikadura burujabetzak aurre egiten dio gaur indarrean dagoen ereduari; produkzio eta banaketa kate erraldoietan oinarritu eta enpresa multinazionalek kontrolatzen duten eredua; laborantza intentsiboa eta labore bakarra azalera erraldoietan praktikatzen duena; epe laburreko produktibitatea lantzen duena; nazioarteko ezagutza patente bidez menperatzen duena; elikadura burujabetza oinarrizko elikagai ugariren nazioarteko prezioak finantza merkatutan ezartzearen aurka ere dago.
Honen aurka, elikadura burujabetza herri bakoitzak bere elikagai eredua erabakitzeko askatasunean oinarritzen da. Bestalde, eredu sozio-ekonomiko alternatibo bat aldarrikatzen du, egroekologian eta baserri ekonomian oinarrituta. Kulturaren aldetik ere egokiak diren elikadura eredu ekologikoak defendatuz. Baita nekazaritza estentsiboa ere. Eredu honetan baliabide naturalak (lurra, ura, haziak…) gobernu eta gizartearen menpe egongo lirateke. Haien mantenuaren erantzukizuna publikoa izanik. Nekazari eta abeltzainen diru-sarrerak bidezkoak izan behar dira era berean. Baserri ekonomia sustatu behar da eta banaketa zirkuitu laburrak, tokikoak, indartu. Oinarri guzti hauek gizarte osorako elikadura osasuntsua izatearen giza eskubidea bermatu behar dute gaur egun kapitalismoak elikadurari ezarri dion merkantzia izaeraren aurka.
Beraz mundu osoa elikatzen duten nekazari eta abeltzainen eskubideak eta kontsumitzaile guztionak defendatzeko bidean indarrak batu behar ditugu elikadura burujabetasunaren alde. Bidezko mundu osasuntsu eta seguru batera heltzeko elikadura burujabetza beharrezko baldintza da egungo ereduaren ahultasunaren eta aukera desorekatuen aurrean. Bidezkoa eta posiblea da gainera aldarrikatzen duguna.
Beharrezkoa den indar metaketa honen barnean Euskal Herriko erakunde publikoei dei egiten diegu agroindustria eten dezaten eta, bitartean, elikadura subiranotasun estrategiak ahalbidetzen dituzten politikak bultza ditzaten. Gobernuek, aldundiek eta udalek agenda honen aldeko apustua egin behar dute Urduñaren bidea jarraituz. Urduña izan baita elikadura burujabetzaren alde konpromiso argi eta zehatzez beteriko Adierazpen Instituzional bat sinatu duen lehen euskal udala.
Horregatik, Urduñako Adierazpena jarraituz, politika publikoetan elikadura burujabetza betearazi dezagun: lehenik eta behin, eredu agroekologikoa errazten duen eredu produktiboa eraiki dezagun: produkzioari lagunduz lurjabeen aurrean. Enpresa handiei bakarrik laguntzen dieten baldintza fitosanitarioak baztertuz. Lurra erabiltzeko eskubidea bermatzen duten lurralde antolamendu politikak sustatuz. Baliabide naturalen kudeaketa eta kontrol publikoa babestuz. Hazien trukea ahalbidetuz eta baserri jakintzari lehentasuna emanez industrialaren aurrean. Bigarrengoz, bertakoan oinarritutako banaketa eredu bat sor dezagun: azalera handiko merkataritza eragozten duena, eta udalerriko azoketan nekazari eta erosleen arteko harreman zuzena errazten duena, elkartasunean eta bidezko prezioetan oinarrituta. Elikadura zerbitzu publikoak udaleko kontsumo agroekologikora lotzen dituena. Hirugarrengoz, aurrera egin dezagun lan baldintza zuzenetan, kontsumitzaileen osasunean eta ingurugiroaren iraunkortasunean oinarritutako gizarte eredutan kapitalismoaren diruzalekeriaren aurrean.
Neurri guzti hauek borondate politikoa izanez bermatu daitezke, ekin dezagun beraz. Berauen ezarpena eska dezagun, ez baitago aitzakiarik. Elikadura ez da baserritarren kontua bakarrik, guztion ardura da, gizadiarena eta ama lurrarena. Bizitzaren defentsan, zure bizitzaren defentsan hain zuzen ere, gizartearen defentsan, oihu egin ezazu, kalera atera zaitez, bete ezazu… elikaduran ere, Euskal Herria burujabea orain!