Gure Alternatibako kide eta EH Bilduren zinegotzi Alba Fatuartek mozioa aurkeztu du COVID-19ak sortutako pandemia kontuan hartuta, eskolara osasun-berme guztiekin eta pedagogikoki modu egokian itzultzea ziurtatzeko, hala nola, Bilboko Udalari eskatuz beharrezkoak diren udal-instalazio guztiak, hala nola kiroldegiak, liburutegiak edo barruti-zentroak, egokitzea eta Bilboko ikastetxeei eskaintzea.
Era berean, udal Gobernuari eskatu dio egoera aztertzeko eta baliabide horiek auzoz auzo antolatzeko, inguruko hezkuntza-komunitateekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lurralde Ordezkaritzarekin lankidetzan.
Alba Fatuartek, Bilboko EH Bilduko zinegotziak, azaldu duenez, COVID-19ak “bete-betean jo du hezkuntza sistema” eta egun gutxi barru irekiko diren ikastetxeen itzulerak “familia eta hezkuntza sektoreko profesional guztien kezka piztu du, ezjakintasuna eta ziurgabetasuna nagusi direlako”.
EH Bilduren ustez, “funtsezkoa” da ikastetxeetara “modu presentzialean itzultzea, pandemiak eragindako ikasleen behar sozio-afektiboei modu egokian erantzuteko, dagoen arrakala soziala are gehiago zabaltzea saihesteko, bai eta euskararen egoerari erantzuteko ere”.
Halaber, adierazi duenez, hezkuntza sektorearekin izandako harreman iraunkorren ostean, euren aldarrikapen nagusienak jaso eta iraileko itzulera ahal modurik seguruenean eta pedagogikoki egokienean egiteko; EH Bilduk proposatu du ikasgela bakoitzeko ikasle-ratioak jaistea, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioei jarraituz, taldeko hamabost ikasleren erreferentziarekin. Baina, Fatuartek zehaztu duenez, “horretarako, beharrezkoa da ikastetxetik kanpoko espazio berriak egokitzea”.
Espazio berri horiek ahalik eta modu eraginkorrenean egokitzeko asmoz, EH Bilduk Udalaren, hezkuntza-komunitateen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioa bultzatzearen alde egiten du, “auzoz auzo, ingurune bakoitzeko hezkuntza-komunitateekin benetako elkarrizketa eraginkorra bermatuz”. “Gure proposamena onartzea espero dugu ezinbestekoa delako ikasleen osasuna eta hezkuntza bermatzeko”, azpimarratu du.
Irakurri ehbildu.eus |n