Gure Alternatibako kide eta EH Bilduren parlamentari Ander Rodriguezek larritzat eta onartezinatzat jo du aldi baterako lan erregulazioan dauden langileek oraindik kobratu ez izana Jaurlaritzak iragan ekainean agindutako gehienezko 150 euroko ezohiko laguntza. “Milaka langile lan erregulazioan sartu ziren martxoan eta izugarria da oraindik, sei hilabete pasata, Urkulluren Gobernua inolako laguntza bideratzeko gai ez izatea. Atzerapena onartezina da, iraingarria da egoera ekonomiko larrian dauden milaka langileentzat eta argi erakusten du Gobernu honen gaitasunik eza”.
Rodriguez legebiltzarkideak, abuztuan eskatu zizkion laguntza horiei buruzko azalpenak Beatriz Artolazabal sailburuari eta gaur jaso du erantzuna, prentsaren bitartez. Ekainean agindutako laguntzak ez dira ordaindu, ezta bat ere. “Errua, beti bezala, besteena da, Gobernu espainolarena kasu honetan, Jaurlaritzaren arabera; bada garaia Jaurlaritzak aitzakiak alde batera utzi eta bere ardurak bere gain hartu eta behar bezala betetzeko. Eta bada garaia, baita ere, enplegu arloko eskumen guzti-guztiak euskal instituzioen eskuetara pasatzeko; horrek kudeaketa sinplifikatu eta hobetzea ekarriko luke, euskal langileen mesederako. EAJ-PSE gobernu akordioaren arabera, Lanbideren kudeaketa Idoia Mendiaren eskuetara pasatu dela jakinda, espero dugu, hitzetatik harago, departamentuari benetan beste norabide bat ematea. EH Bildu laguntzeko prest egongo da, asmoa hori baldin bada”.
Horren harira, Rodriguezek gogora ekarri du EH Bilduk legez besteko proposamena erroldatu duela Legebiltzarrean aldi baterako lan erregulazioan dauden langileentzako laguntzak hobetzeko. Lehenik eta behin, zenbatekoa igotzeko, baina baita ere laguntzak lan erregulazioan egon diren edota dauden langile guztiengana iritsi daitezen, Jaurlaritzak ezarritako irizpidearekin pandemia hasi zenetik erregulazio espedientean egon diren 10 langileetatik zortzi laguntzetatik kanpo geratzen direlako. Halaber, ezohiko laguntza hauek hil honen 30ean bukatuko direla jakinda, EH Bilduk epea luzatzea proposatu du, aldi baterako lan erregulazioak ere luzatuko direlako. Azkenik, azaldu du Rodriguezek, behar-beharrezkoa da baldintzak betetzen dituzten langile guztiei laguntza bermatzea, eta horrek eskatzen du Jaurlaritzak horretarako behar den zuzkidura ekonomikoa ziurtatzea; izan ere, gaur baldintzak betetzea ez da nahikoa laguntza jasoko dela bermatzeko”.