Aurreko zutabean hezkuntzan izaten ari diren mobilizazioez aritu nintzen. Gaurkoan, osasun sistemari begiratu beharko diogu.
Deialdi zabalak izan dira arlo honetan ere egunotan, eta bihar Bilbon manifestazioa egingo da Bilbon. Kexa horien arrazoiak ez dira asko azaldu behar, herritar gehienok jakinaren gainean baikaude: Osakidetzaren gainbehera bizitzen ari gara. Euskal osasun sistema publikoaren ahultzea begi-bistakoa izan da azken urteetan, Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketen eta pribatizazioen ondorioz. Koronabirusaren krisia heldu orduko, aurretik bizi zen egoera agerian gelditu da, bere indarren mugan dagoen osasun sistema ikusi da. Langileen ahaleginei esker hainbat gabezia larri arintzea lortu da, baina euren osasun fisikoa eta psikikoa arriskuan jarriz. Horren emaitza da langileak akituak daudela, eta nabarmena da giza baliabideen eta baliabide materialen falta. Hala ere, pandemia baino askoz lehenagotik lehen arretan mobilizazioak eta grebak izan dira, sistemaren oinarriaren egoera larria salatzeko.
Ez dauka zentzu handirik osasun aurrekontuaren zati handi bat bideratzea etor daitekeen balizko pandemia baten aurrean prestatzeko. Baina horrek ez du esan nahi osasun-sistema moldagarria behar ez dugunik, hau da, beharrizan aldakorretara egokitzeko gaitasuna duen sistema ezinbestekoa ez denik. Horretarako, errezeta magikorik ez badaude ere, pisu handia izango du, besteak beste, osasun publikoaren egitura sendoa, sistemak finantzaketa egokia izatea, plantilla egonkorra, zerbitzuen arteko koordinazio ona, baita gizarte-sistemarekiko koordinazio egokia ere. Finean, beharrezkoa da sistema indartzea eguneroko beharrei modu egokian aurre egiteko gai izateko, horrela, probabilitate txikiagorekin gerta daitekeenerako prestatuak izango gara, edo askoz prestatuagoak behintzat. Funtsezkoa da, halaber, Eusko Jaurlaritzak eskaini ez duen komunikazio estilo gardena eta zuzena, adituei presentzia handiagoa eskainiz.
GARAn argitaratua