Igor Nabarro – Alternatibako militantea
Egunotan asko entzun eta irakurri ahal izan dugu Hollandek, Frantziako presidente berriak, kanpainan eginiko proposamenaren inguruan: milioi bat eurotik gorako errentei, PFEZren zerga tipoa %75era arte igotzea, hain zuzen.
Neurri honen harira proposatzen ari den auzian ez dago argi justizia soziala ezartzeko helburua ote duen edo “aberatsa” zigortzeko neurria besterik ez den.
Nahiko argi dago hauteskunde garaietan “botatzen” den horietako bat dela, hau da, neurri elektoralista eta populista hutsa, ezerezean geldituko dena… baina, ez dago zalantzarik, gizartean eta kalean gero eta gehiagotan islatzen den haserrearekin bat datorrela.
Haserre hau muturreraino heldu izan da hainbat aldiz eta hala ikusi dugu Parisen, Londresen, Atenasen eta beste hainbat hirietako herritarren amorruak eztanda egin izan duenean, eta batek daki euskal lurraldeetan ere halakorik gertatuko ez ote den…
Zuzen esan denez, laurogeiko hamarkadatik klase baxu eta altuen arteko tartea zabaldu egin da Mendebaldean. Aldaketa bortitza izan da eta gaur egun, gauzak dauden moduan “aberatsen eta pobreen” arteko ezberdintasunak etengabe areagotuz doaz.
Espainiako Erresuman Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak eskaintzen duen erosteko ahalmena barregarria eta iraingarria den bitartean, enpresa pribatuko “marrazoek”, jainkoak diruditen futbol jokalariek, soldata bikoitza eta hirukoitza irabazten duten politikariek eta pertsonaia famatuek diru kopuru iraingarria irabazten dutela ikusi behar izaten dugu eta, gainera, ehunekoak alderatuz, edozein langile “prekariok” baino askoz diru gutxiago kotizatzen dute…
Beharbada, kotizazioan %50a gainditzea gehiegizkoa izan daiteke, azken finean ez ditugu martiri izaera eman nahi… baina oso ondo legoke kapitalaren atzaparrek Estatu Soziala lapurtzen diguten bitartean, modu bidegabean aberasten ari diren guztiei gauzak garbi jartzea.
Baina ez bakarrik haiei. Neurriok haien aberastasuna espekulazioari esker eraiki dutenei ere ezarri beharko litzaieke; baita erregimen politiko oligarkikoei (hau da, mendebaldeko ia “demokrazia” guztiei edo guztiei esker), langile klasearen esplotazioari, gizarte patriarkal eta androzentristari, aspaldiko errentagarritasunei ere, eta antzeko adibideen zerrenda luze bati esker aberastu direnei. Zerrenda honetan ez ditugun inondik inora aurkituko ez elkartasuna, ezta berdintasuna ere, eta hirukotea betetzeagatik, ezta anaitasuna ere…
Beti bezala, aberatsentzako zergak eta pobreentzako zergak daude, eta momentuz ez dirudi aberatsentzako zergetan (sozietate zerga, ondasunena, ondorengotzena, etab.) “eskua sartzeko” prest dagoen inor dagoenik, nahiz eta neurri hauek ekonomia onbideratzeko mesedegarriak izango liratekeela jakin.
Aitzitik, gehien daukatenei mesede egiten zaie eta euren soldatarekin, edota soldatarik gabe “biziraun” behar dutenei behin eta berriro astintzen zaie…
Doktrina liberalak aberastasuna pertsona bakoitzaren lanaren eta merituaren emaitza dela baieztatzen jarraitzen duen arren, jakin nahiko nuke, munduko pertsonarik aberatsenen zerrendan agertzen direnetatik, eta ondasuna herritarren batez bestekoa baino 100.000 aldiz handiagoa dutenetatik, zeintzuk hasi diren langile klaseko norbaiten puntu beretik…
Liberalismoa gezur bat da, eta aberastasun handiak oso gutxitan, (inoiz ez) eraikitzen dira justizia sozialaren irizpideak jarraituz…