Bizi dugun osasun larrialdiak kultura lehen lerrora ekarri du; tira, agian igarrenera; baina, zalantzarik ez, inoiz ez bezalako arreta izan du. Kultura goraipatu da jendartearen ongizatearen zutabetako bat bezala. Esan da kulturak pertsona hobeagoak egiten gaituela, nahiz eta horren frogarik ez izan. Instituzio publikoen aldetik laguntza bereziak bideratu ziren sektorea laguntzeko, nahiz eta horietako gehienak gauza handirik konpondu ez; gogoratu bestela Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru aldundiek esleitutakoak, ezer gutxi konpondu zutenak, agindutako laguntzen parte txiki bat besterik ez zutela banatu; batez ere, jarritako baldintzak sektoreko errealitatearekin bat ez zetozelako. Udalak ere saiatu dira kultura ekimenak herrietan mantentzen. Baina, agian, garrantzitsuena izan da kulturgintzako jendeak bere ahotsa altxatu duela bizi duen egoera salatuz. Greba Digitalak edo teknikarien mobilizazioek
kulturgintzaren haserrea eta ezinegona azaleratu zuten, Alerta Gorria ekimena jarraipena ematen ari zaiola aldarrikapenari. Kultur langileen prekarietatea ez du pandemiak ekarri, aurretik zegoen egoera da, oraingoan lehertu besterik ez da egin.
Esan da kultura arriskuan dagoela, desagertzeko zorian batzuentzat. Ez dut nik horrela ikusten. Ez dut uste antzezlanak egin eta programatzeari utziko zaionik; idazleek libururik idatziko ez dutenik; musikariek partiturak abandonatuko edo dantzariek etxean geldituko direnik. Ez da halakorik gertatuko, sormenak egoerarik txarrenean ere bidea egiten baitu. Beti egongo da leku bat, une bat sormen lanek arnas har dezaten. Remedios Zafrak dioen moduan, entusiasmoa baitago sortzaile eta artisten ekitean. Ez, kultura ez dago desagertzeko zorian; aldiz, kolpatzen gaituen izurri honek agerian utzi duena da sortzaile eta artisten prekarietate izugarria.
Unescok 1980 onartu zuen “Artista izaeraren gaineko aholkuak” izeneko txostena. Bertan gobernuei dei egiten die sortzaileen lana bideragarria egingo dituzten baldintza materialak gara ditzaten, prekarietateari aurre egiteko. Egiten diren sortzaile eta artisten lan profesionalen gaineko azterketa desberdinek bat datoz, bizi duten egoera profesional ekonomikoa azaltzerakoan.
2020an Kulturaren Euskal Behatokiak ateratako ”Artistentzako eta kultura-arloko profesionalentzako etorkizuneko aukerak” edo Kataluniako Consell Nacional de la Cultura i les Artes CoNCA-k 2014an argitaratutako
36 propostes per a la millora de la condició professional en el món de la cultura txostenek sortzaileek eta artistek euren lana duintasun ekonomikoz eta profesionalez egiterakoan dituzten zailtasunak eta arazoak aipatzen dituzte: behin behinekotasuna, ezkutuko lan harremanak, diru sarreren ezegonkortasuna, prekarietatea, gehiegizko burokrazia, fiskalitatearen desegokitzeak… Lan baldintzak zein ekonomikoek prekarizazio endemikoa ekartzen diete kulturaren artista eta sortzaileei. CoNCA-ren beste txosten batean seinalatzen da jarduera artistikoa beste jarduera ez artistiko batekin partekatu behar dutela gehienek. Bestalde, autonomo izan beharraren arazoa ere aipatzen da, kontratazioetan harreman laboralak baino, merkantilak behartuz, autonomo faltsuen figura agertuz, eta kontratatzaileak, gehienetan administrazio publikoa, arlo administratiboa eta karga fiskalak sortzailearen gainean ezarriz. Honek guztiak, sortzailearen eta artistaren egoera ekonomikoa larriagotu egiten du.
Pandemiak eragindako kultur krisia, beraz, ez da berria, kate luze baten beste katebegia baino ez; eta hori larriki jasaten dutenak, hain zuzen, kultur ekoizpenak izatea ahalbidetzen dituztenak dira. Kultur ekosistema ezin da oinarritu Remedios Zafrak aipatzen duen artisten grinan, euren lan jardunarekiko duten entusiasmoan.
Profesionalen lan baldintza duinak bultzatzen dituen kultur politikak behar dira. Eta horiek ezin dira bakarrik programazioetan oinarritu, bestelako neurriak gauzatu behar dira. Bizi dugun krisi egoera aukera ona da honi guztiari heltzeko. Kulturgintza pandemiatik nola irtengo den orain landu behar dugu. Kultur politiketan, berriz, ez da aldaketa nabarmenik sumatzen, badirudi krisia noiz pasako zain daudela, gero bide beretik jarraitzeko, oinarrizko aldaketak egin gabe. Aldaketa horretarako Unescoren agirian aipatzen den bezala, ezinbestekoa da artista eta sortzaileen erakundeek kultur politiken garapenean parte har dezatela, eta horrekin batera euren lan baldintzen defentsan. Kultura salbatu nahi dugu, baina noren lepotik?