Eusko Jaurlaritzak berriki sinatu du espetxeak kudeatzeko eskumenaren eskualdaketa. Bada, beraz, aurrera begira erronka handia eta aukera paregabea gauzak beste modu batean egiteko. Kartzela eredua aldatzeko hartu beharreko neurriez gain, bada abagunea ere espetxeen helburuan eta esanahian sakontzeko; espetxeei bizkarra emateari uzteko unea eta hausnartzen hasteko, eta ez soilik ikuspuntu juridiko batetik.
Berriki egindako ikerketek baieztatu dute herrialde baten preso kopuruak lotura estua duela gastu sozialarekin eta desberdintasun ekonomikoekin. Aitzitik, delinkuentzia tasarekin harreman txikiagoa dauka, eta ez da oso argia bi aldagaien arteko zerikusia. Horren adierazlea da Zigor Kodean egin diren erreforma murriztaileak ez direla bat etorri kriminalitate-estatistiken gorakadarekin; are gehiago, ez direla beti gertatu komunikabideen edo herritarren eskarien presiopean. Zer da, orduan, gertatzen dena?
Fenomeno konplexua bada ere, azalpen posibleetako bat da politika neoliberalen ezartzeak dakarren segurtasun ezaren kudeaketa, gehien bat, zigor-sistemaren bidez egin dela, hura hedatuz eta gogortuz. Lan-merkatuaren prekarizazioak eta gizarte-politiken ahultzeak kroniko bihurtu du zenbait biztanleria-sektoreen ahultasun egoera. Horren aurrean, zigor-funtzioa aldarrikatzen den estatuaren esku-hartze minimoaren diskurtsotik kanpo geratu da. Estatuaren esku hartzea kriminalizazioan eta zigorrean guztiz zilegi ikusten da oraindik.
Gainera, presoen kopurua handitzeko zigorrak gogortu beharrik ere ez dago, egun gizarte-urrakortasunak zaurgarritasun penala baitakar. Kapital sozialaren falta (familia, lagun sareak) edo kapital ekonomikoaren gabezia (lana, baliabide ekonomikoak) pertsona fidagarria den erabakitzeko orduan erabakigarria izango da. Hortaz, funtsezkoa izango da zenbait neurri hartzeko askatasun aurreratuaren formak lortzeko edo behin-behineko espetxeratzea ezartzeko. Finean, norbanakoaren erantzukizunak ezin du eragotzi gizarte eztabaida gure gain hartzea.
Maria del Rio – Alernatiba
GARAn argitaratua