Bilboko Udalak, Azkuna alkatearen ekimenez, Bilbotar Ospetsu titulua eman zion iaz Iberdrola enpresari. Araudiaren arabera, hiriaren zein hiritarren irudi zein mesederako eginiko lan goraipagarria egin duten pertsona edo erakundeak bereizten ditu Udalak aipatu tituluarekin. Izendapena, azken batean, jokabide zibiko eta eredugarriaren aitortza da.
Esan daiteke nahiko modu arraroan ulertzen duela jokabide zibiko eredugarria gobernu taldeak: herritarrak energia nuklearraren arriskupean jartzea; bizkaitarron onurarako politika sozialak garatzea galarazten dituzten zerga kenkariak baliatzea; azpikontratatutako enpresetako langileen eskubideak urratzea eta, azken finean, Iberdrola ezartzen den leku orotan inpaktu sozial eta ekologiko lazgarria izatea, Latinoamerikan batez ere. Hau al da jokabide eredugarria haientzat?
Fukushiman gertatutakoa gertatua ere, Iberdrolak Garoñaren bizitza luzatzearen aldeko jarrera dauka. Herritar guztiak mehatxatzearen parekoa da hori, 40 urtetik gora duen zentral nuklearraz ari garenean. Argi dago mozkina dutela lehentasun, eta oso bigarren mailan, gu guztion segurtasuna.
Iberdrolak, halaber, Madrilgo Gobernu desberdinen lan erreformak baliatu izan ditu bere langileak zapaltzeko, azpikontraten bidez multinazionalarentzat lan egiten dutenak batez ere. KONEKTA da adibiderik argigarri eta, era berean, mingarriena. Izan ere, Iberdrolaren bezeroekiko arreta zerbitzua kudeatzen dutenetik 50 langile kaleratu dituzte. Jokabide benetan eredugarria bai.
Azkenik, multinazional guztiek bezala, irabaziak beste ezerren gainetik lehenesteko estrategiaren baitan, Iberdrolak ez du inolako eragozpenik beste herrialde batzuetako baliabideak ustiatzeko, bere diskurtso berdea zeharo ahaztuta eta bereziki Latinoamerikan aztarna beltza utzita: giza eskubideen alde nazioartean jasotzen diren eskubide sozial, politiko eta ekologikoak ezabatuta. Hala, eta herrialde jakin batzuek enpresa transnazionalekiko dituzten legedi eskuzabalak baliatuta, erabat ohikoak dituzte kaleratzeak, sindikatutako langileekiko mehatxuak, prezioen zein ordainketen gaineko iruzurra, lur desjabetze zein jende kanporatzeak haien proiektu energetikoen ondorioz, eta abarrekoak.
Saritzeko moduko portaerak al dira aipatutakoak? Eredugarria al da Latinoamerikan pertsona askoren bizitzaren lepotik ahal bezain beste mozkin lortzen jarraitzea? Gure segurtasuna kolokan jar dezaketen azpiegituren aldeko apustuari eustea da bilbotarrok eskertu behar duguna? Langabezia, pobrezia eta bazterkeria nagusi direnean urtero 9 milioi eurotik gorako saria duen Sanchez Galan presidentea goraipatzea?
Iberdrolaren ohiko jardueren zati bat besterik ez dugu birpasatu baina, non da zibismoa guzti honetan? Elkartasun, etika zein justizia gabezia baino ez dugu ikusten. Onartezina deritzogu halako jokabideak saritzeari. Guztiz lotsagarria da pertsonen aurkako hainbeste zapalkuntzen errudunei saria ematea eta, horregatik, Bilbotar Ospetsu titulua ken diezaiotela aldarrikatuko dugu behin eta berriro, gero eta ozenago.
Ana Etxarte – Alternatiba Bilbo