Mireia Arginzoniz, Josu Aztiria, Karmele Aierbe eta Jokin Melida – EH Bilduko kideak
Diskurtso ofizialak eraginda, gizarteak ez du sinesten euskara desagertzeko arriskuan dagoenik. Gauza asko egin dugu denon artean eta hil-kanpaiak ez ditugu joko, baina errealitatea egoskorra da.
Behatokiaren urtez urteko txostenek erakusten dute euskaldunen hizkuntz eskubideek urratuta jarraitzen dutela Euskal Herri osoan, eta administrazio guztiek egunero urratzen dituztela; kale erabileraren neurketak eta inkesta soziolinguistikoak argi gorriak piztu dituzte. Agertutako datuek diote euskararen kale erabilera ez dela hazi azken hamabost urtean eta %13 eta %14 artean goia jo du. Hein horretan trabatuta dago, eta planto egin du. Soziolinguistikaren Klusterrak iradoki duen bezala, baldintzak aldatzen ez badira erabilerak ez du gora egingo, ez eta ez bada hiztun kopurua handitzen eta hiztunei euskara erabiltzeko aukera gehiago ez bazaie ematen.
Bestetik, euskaldunen kopuruak bost puntu egin du gora azken bi hamarkadetan Euskal Herrian, eta azken urteetan hazkunde hori apaldu egin da. Igoera hori batez ere gazteen artean gertatu da. Baina joera hori ez da islatu erabileran. Gazte elebidun gehiago egon arren, euskara gutxiago erabiltzen dute gaurko gazteek duela hogei urteko gazteek baino. Ez baitira euskaldun osoak; hobeto moldatzen dira erdaraz, eta euskaraz jarduteko zailtasunak dituzte; gune erdaldunetan bizi dira; euskararenganako atxikimendu apalagoa dute; eta pisu demografiko txikia dute, jaiotze tasak behera egin duenez.
Geldotze eta moteltze zantzuak sumatzen dira, beraz, euskararen normalizazioa galtze joeraren abiapuntu batean dago, eta ez badugu ezer egiten, galdu egingo dugu. Aurrera ez egitea atzera egitea da.
Bi estatu handien mehatxupean, euskarak mendeko estatus juridikoa du. Espainiako eta Frantziako Konstituzioek espainierari eta frantsesari balio hierarkizagarria ematen diete, estatuen baitan dauden gainerako hizkuntz komunitateak menderatu eta hizkuntza horietako herritarrak bigarren mailako bihurtzen dituzte. Asimetriak eta kanpo mugak nabarmenak dira: denok behartuta gaude erdara jakitera, baina ezin dugu inor behartu euskara jakitera. Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak Espainiako Konstituzioak ezarritako erdaldunen elebakartasuna toleratzen dute eta euskaldunena eragozten.
Gaur egun euskara ez da ofiziala Euskal Herriko bere lurralde osoan. Eta euskararen estatusa, bi estatutan zatitua, bost eraentza juridikok arautzen dute. Ondorioz, euskal hiztunak eskubide desberdinak ditu bizi den edo dagoen tokiaren arabera; eta ofiziala ez den eremuetan euskaldunak ez du hizkuntz eskubiderik.
Bidegurutzean gaude: euskararen egungo politika eta egitura juridiko hauskorrean jarraitzea ala euskararen politika aldatzea eta beste marko normalizagarri bat eraikitzea. EH Bilduk euskararen politika zaurgarri honetatik ahal den azkarren irtetea eta euskararen beste marko normalizagarri bat eraiki nahi du.
Orain arteko hizkuntz politikek ez dute balio izan euskaldun eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna berreskuratu eta berrezartzeko. Kasurik onenean ere, intentsitate gutxiko politikak izan dira. Euskararen garapenak behar dituen minimoen azpitik. Eta, oro har, euskararen egoera minorizatuak ito egiten ditu ahalegin normalizagarri horiek, oztopoak bultzadak baino handiagoak direlako.
Horrenbestez, EH Bilduren ustez, hogeita hamar urteko mendeko politika partzialaren ondoren, euskararen garapen osoa azkartu eta lortzeko, beste hizkuntz politika bat, lehentasunezkoa eta burujabea, garatu eta gauzatu behar dugu. Euskarari estatus egokia ematea ezinbestekoa da, berezkoa, normalizatu beharrekoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa izan dadin. Hizkuntz politika berriaren oinarriak honako hauek izan behar dute:
1.- Burujabea, kanpo esku-hartzerik gabekoa. Gaur egun dauden oztopoak eta debekuak gainditzeko eta politika eragingarria abian jartzeko.
2.- Estatus juridiko egokia duena. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa, hizkuntza ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa.
3.- Euskara erdigunean jarri eta baliabide nahikoak dituena: Euskararen normalizazioaren zentralitatea aldarrikatu eta praktikara eraman behar dugu. Euskara ardatz bai diskurtso eta praxi politikoan, eta baita administrazio publikoaren egituretan ere. Era berean, zentralitateak esan nahi du baliabide pertsonalak eta baliabide ekonomiko nahikoak bideratu behar direla euskararen normalizaziorako, pauso kuantitatibo eta kualitatibo nabarmena emanez.
4.- Zeharkakoa egin. Euskararen normalizazioa gizabanako eta eragile guztien bultzadatik eta auzolanaren eskutik etorriko da. Eragile guztien erantzukizun aktiborik ez bada, ez da normalizaziorik lortuko. Era berean, hizkuntz politika bateratua egiteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroa Garaiarekin eta Iparraldearekin koordinatzeko; tokian tokiko errealitate bakoitzaren abiaburua, baldintzak eta erritmoak kontuan hartu behar dira.
Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortu behar ditugu. Euskararen erabilera irabazpidean jartzeko, beste hizkuntz politika bat egiteko, euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko, euskara unibertsalizatzeko. Euskara denona eta denontzat izateko.