Behin eta berriz jarri da mahai gainean gizarte zerbitzuen sistemari prestigioa emateko beharra, gizarteak zaindu beharreko ondasuntzat har dezan. Maiz azpimarratzen da osasun sistemari edo hezkuntza sistemari aitortzen zaien balio bera eman beharko litzaiokeela. Helburua da ulertaraztea gutako edozeinek une batean edo bestean laguntza behar izatea litekeena dela. Ez hori bakarrik, gizarte zerbitzuetan inbertitzeak gizarte osoari dakarzkigun onurak mahaigaineratu nahi dira. Ez da prestigioa lortu nahi duen zerbitzu publiko bakarra, betiere, helburutzat izanik herritar guztiek jo ahal izateko tokia izatea eta arreta egokia ematea. Gogoan dut, adibidez, Bilboko Metroak garaian behin eta berriz esaten zuela jendea operara dotore jantzita joateko zerbitzua ere eskaini nahi zuela.
Ez da hori izan, ordea, euskal osasun publikoaren kezka nagusia, historikoki balorazio onena jaso duen erakundea izan baita. Hala ere, zalantzarik gabeko errekonozimendua ahuldu egin da azken urteotan. Ez dute lagundu, jakina, zuzendaritzak eta zenbait goi karguk eragindako eskandaluek. Hala ere, kezkagarriena izan daiteke, pandemiaren inguruan egin den kudeaketa modu negatiboan baloratzen dela, eta gero eta modu argiagoan ikusten dela lehen mailako arreta indartzeko beharra. Pixkanaka-pixkanaka herritarren konfiantza galtzen ari da; osasun sistema publikoaren zutabeetako bat kolpatua izaten ari da.
Bestalde, laborategi eta klinika pribatuen aurrean sortutako PCR probak egiteko ilara luzeak irudi puntual eta anekdotikoa baino zerbait gehiago direla dirudi. Areagotu egin da osasun aseguru pribatuen kontratazioaren azkenengo urteetako hazkundea. Ziurrenik pandemiak eragindako sistemaren gainkargaren osteko fenomeno koiunturala baino zerbait gehiago da. Pribatizazioa mehatxu argia da; osasun sistema publikoa ahultzen du, eta eragin negatiboa du haren legitimitatean eta herritarren eskura ditzaketen baliabideetan, besteak beste. Izandako izen ona galtzea ez da alde batera utz dezakegun arrisku txikia, osasuna merkantilizatzeko lehen pausua izan daiteke.
Maria del Rio – Alternatiba
GARA/NAIZen argitaratua