Hirietako segurtasunari buruzko kezka gero eta handiagoa da. Egia da segurtasun-gabeziaren pertzepzioa ez datorrela beti bat benetan ematen diren delituen kopuruarekin. Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi arreta jarri behar ez zaionik, beldur horrek eragin argia baitu bizi-kalitatean, hala nola, antsietatea, ohitura-aldaketak edo isolamendua eragin ditzakeelako. Beraz, delituaren prebentzioa funtsezkoa da, baina baita delituarekiko beldurraren prebentzioa ere.
Prebentzioaz ari garenean, errezetak beti berdinak izan ohi dira eta, ondorioz, emaitzak ere bai; hortaz, begirada zabaltzea garrantzitsua da. Alde horretatik, ingurumen-kriminologiak eskaintzen duen ikuspegia aintzat hartzeko modukoa da. Kontuan hartzen du delitu-portaerek eragin nabarmena dutela bere ingurunearekin. Hiri-espazio batzuek, euren ezaugarriengatik, delitua gertatzeko aukerak murrizten dituzte. Aitzitik, espazio batzuek delitu-ekintzak bultzatzen dituzte. Ez da azalpen bakarra, jakina, baina, kontuan hartzeko aldagaia da. Zentzu horretan, ezagunak zaizkigu, esaterako, emakumeak segurtasun gabezia sentitzen duten lekuetako mapak.
Segurtasun ezaren fenomeno hiritarra da argi eta garbi, eta definitzen da konfiantzan eta elkar ezagutzan oinarritutako landa-komunitateen kontraposizioan. Beraz, espazioen diseinuak eta horien mantenu egokiak berebiziko garrantzia dute, baina baita bizitza komunitarioa indartzea ere; beharrezkoa da sare sozialak sortzea eta finkatzea. Esaterako, gizarte-kohesio txikiagoa izateak delitu bat jasateko arriskuaren aurrean bakarrik sentitzea indartzen da. Horrela, garrantzitsua bada ingurua ondo ikustea, argiztapen egokia beharko da, baina baita ikusmena oztopatzen duen elementurik ez egotea ere (adibidez, markesina opakuak). Era berean, funtsezkoa izango da beste batzuen laguntza jaso ahal izateko espazio publikoan egoten lagunduko duten tokiak: bankuak, oinezkoentzako kaleak, iturriak, bainugelak, itzalguneak… Azkenik, herritarren parte-hartzea sustatu behar da, hiri espazioaz jabetzea sustatu eta bizi kalitatea hobetzen duelako.
Maria del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua