Bilboko Basurtuko Ospitaleko Bihotzeko Kirurgiako Zerbitzua datorren astean ixtekoa zen, ezaguna denez, Gurutzetakoarekin bateratzeko. Baina auto judizial batek Osakidetzako buruzagien planak zapuztu ditu, lekualdatze hori kautelaz geldiarazi baitu. Jaurlaritzako Osasun Sailaren asmoak ezagutu zirenetik, kezka gero eta handiagoa izan da, profesionalen eta, noski, erabiltzaileen artean. Batera ikusi izan ditugu erabakiaren kontra egin diren mobilizazioetako batzuetan. Ulergarria denez, kezkaz ikusten dute osasun sistema publikoaren gainbehera, dagoeneko ia inork ukatzeko ausardiarik ez duena.
Ez dakigu etorkizunean zer gertatuko den, baina oraingoz denbora irabazi da Sagarduiren Sailak hartutako erabakiari buruz hausnartzeko. Albistea pozgarria da, batez ere, horrela ez delako areagotuko bihotzeko paziente larrienen bizi-arriskua, baina baita unibertsitate-ospitale batean ikerketa eta irakaskuntza-gaitasunari dagokionez sortuko den galera ekidingo delako ere. Batez ere, medikuntza fakultatea lekuz aldatzea eta Basurtura hurbiltzea espero denean. Arduradunek argi azaldu dute bihotzeko kirurgiaren arrakasta unitate bateko mediku bakoitzak egiten duen ebakuntza kopuruarekin lotuta dagoela, eta ez zerbitzuak orotara egin ahal dituenekin. Eta Gurutzetarako aldaketarekin, bigarrena mantentzerik balego ere, lehenengoaren aukerak murritzagoak lirateke. Gainera, nekez berrantola daiteke zerbitzu bat hobekien ezagutzen dutenen parte-hartzerik gabe.
Ez da erabaki eztabaidagarri bakarra. Egunotako albistea da kontratua berritzeari uko egin dioten bost medikuena, proposatutako baldintza berriek lana prekarizatzea dakarkielako; eta ondorioz, zerbitzua. Lan eskaintza publikoetako ustelkeria salatzeagatik jazarpena pairatu eta Osakidetza utzi behar izan duten medikuena ere gertukoa da. Bitartean, medikurik ez dagoela deitoratzen dute Jaurlaritzako buruek. Beldurgarria da sindikatu batek ohartarazi duena: arazoa ez da Osakidetza Madrilgo erkidego autonomoaren atzetik doala, baizik Ayuso dela EAEko osasun sistema eredu gisa hartzen ari dena.
Maria del Rio – Alternatiba
GARA/NAIZen argitaratua