Egun, bi Trans legegintza-ekimen daude abian: batetik, Eusko Legebiltzarraren indarrean dagoen legearen aldaketa, eta, bestetik, Diputatuen Kongresuan lantzen ari dena, LGTBI eta trans pertsonentzako eskubideak aitortzen dituena. Bigarren horren tramitazioa biziki polemikoa izaten ari da, funtsean, genero-autodeterminazioaren kontzeptua txertatzeagatik, eta, bereziki, adingabeekin aplikatzeari dagokionez. Trans eta LGTBI kolektiboen aldarrikapen historikoa izan da hori; sexua eta erregistro-izena erabakitzeko aukera ematen du, egungo diagnostiko mediko edo psikologikoaren baldintza eta gutxienez bi urteko hormona-tratamendua jaso izanaren baldintzarik gabe; hau da, ez du eskatzen hirugarren baten ebaluaziorik. Betekizun patologizatzaileak eta estigmatizatzaileak dira biak, eta, gainera, argi esan daiteke ez datozela bat egungo testuinguruarekin. 2018an, OMEk transexualitatea kendu zuen buruko eta portaeraren nahasmenduei buruzko kapitulutik, eta 2015ean, Europako Kontseiluak izena eta sexua aldatzeko autodeterminazioan oinarritutako prozedurak garatzeko eskatu zien herrialde kideei.
Era berean, ezin dugu esan erabakia aitzindaria denik, lortu nahi dena bat baitator Europako beste herrialde batzuetan (esaterako, Danimarka, Irlanda, Belgika eta Portugal) egindako aldaketekin. Autodeterminazioa ere kontuan hartu dute autonomia-erkidego gehienek, beren eskumen-eremura mugatuta, noski; eta, beraz, NANaren edo pasaportearen aldaketarekin eremu garrantzitsu batzuk kanpo utziz.
Eztabaidak oihartzun handia izan du eta ez da inondik inora eraikitzailea izan, trans pertsonen kriminalizaziora ere jo baita. Debatea gezurrez josita egon da, eta sare sozialetan sortutako zalapartaz harago, kezkagarriena samina eta frustrazioa eragin diela egoera zaurgarrian dauden pertsona askori. Finean, hain konplexua den, eta hainbeste inplikazio dituen, eztabaidaren ñabardurei heltzeko aukera eragotzi da. Baina, nork du gure nortasuna eta besteekin nola harramantzen garen definitzeko gaitasuna?
Maria del Rio – Alternatiba
GARA/NAIZen argitaratua