Kontuan izanik kapitalismoa kapitalozenoa (antropozenoa ere deitua) bihurtu dela, gizateriarentzat suposatzen duen arriskuarekin (zeinak miseria eta hondamendia gehienentzat sortzeaz gain lurraren eta gizakiaren arteko metabolismo oreka galtzen ari den), geure burua iraultzailetzat dugunok ez dugu lan makala konprenitzeko zergatik gizarteak ez duen ikusten egoerari buelta emateko beharrik; edo, beste modu batera esanda, horren soluziobidea izan daitekeen iraultza ekosozialista gauzatzeko konbentzimendurik. Inoiz ez dugu ezagutu, mundu gerra garaietan ere, egoerak eskatzen duenarekin eta gertatzen denarekin halako kontraesan historikoa. Alegia, premien eta soluzioen arteko aldea hain ikaragarria izatea. Are, amildegira garamatzan bidean tematzea.
Bestaldetik, oraindik eztabaidagai ditugu XX. mendean burututako iraultzen garaipen eta porroten zergatiak (Sobiet Batasunean esate baterako); edo haiengan jarritako esperantzen zapuzketa (Txina edo Nikaragua adibidez); eta horrek guztiak egungo egoeran duen eragina. Hau da, iragan hurbilean gertatutako frakasoak (zama moduan ditugu sozialdemokraziak ezkerrari egindako kaltea eta estalinismoak komunismoari), egungoarekin loturik daudela kontuan izanda (eta horrek suposatzen duen autokritikaren beharra), zer irakaspen atera, egoera berriei erantzun ahal izateko.
Abiapuntua: Kontuan izan behar dugu errebolta guztien oinarrian badaudela arazo edo arrazoi estrukturalak (ekonomiko, politiko eta historikoak), eta une jakin batean, arazo asko dela medio, lehertu edo eztanda egiten duela iraultzak. Gainera, hauxe hausnartu daiteke metodo materialistaren bitartez. Horretan txukun saiatu ziren Marx eta bere sokako iraultzaile handiak. Frogatu izan da historikoki iraultzak posible direla (Frantziakoa, Errusiakoa, eta abar), eta jakin badakigu nola gauzatu ziren eta nola eboluzionatu zuten.
Kapitalismoak ez du bere buruaz beste egingo. Bentzutu beharra dago. Marx ondorengo marxismoak uste zuen proletarioen etengabeko hazkunde eta kontzentrazio sozialak talka egingo zuela kapitalismoak gizarte desberdinetan hauspotzen dituen gerrate, krisi ekonomiko eta hondamendi sozialen ondoren. Eta horrek kapitalismoaren desagerpena bultzatuko zuela, sozialismoarekiko erreleboa gauzatuz. Usteak erdi ustel. Kapitalismoak politikoki maniobratzen daki eta, dela kontzesioak eginez, dela errepresioaren bitartez (edo biak tartekatuz), bere iraupena inposatu dezake, gehienetan gertatu den bezala. Gaur egun, horri guztiari erantsi behar zaizkio aldaketa estrukturalak, langile kontzentrazioaren ezabaketa adibidez, edo kontsumismoaren eragina eta neoliberalismoaren garaipen kulturala klase kontzientzia ahulduz, eta horrek duen garrantzia demokrazia liberala egonkortuta dagoen tokietan, zeinen eraginez, norbaitek esan duen bezala, ematen duen «sinesgarriago» dela «munduaren akabera kapitalismoarena baino».
Iraultza ala (eta) erreformak
Nik uste erreformaren eta iraultzaren arteko auzia ezin dela azaldu modu kontraesankor bezala, erreforma versus iraultza, dena zuri edo beltz: dagoena hobetzen saiatu ala dagoen guztia errotik aldatzen saiatu, modu kontrajarrian eta ez dialektikoan, Rosa Luxemburg-ek eta Leninek eztabaida horretan adierazi zuten bezala. Gramscik dialektika hori estrategia bihurtu zuen, erreformak lubakitzat izendatuz langileria indartzeko. Bide batez, ofentsiba edo oldarraldien bitartez sisteman arrakalak sortuz boterearen hegemonia ideologiko-kulturalari buelta ematea bilatzen zuen. Azken fasean talka politiko-militarra segurutzat jotzen zuen.
Gaur egunean dialektika hori, zoritxarrez, ezabatua dago bi muturretatik. Alegia, iraultza gure ideario eta imajinariotik desagertuz, erreformek ere atzera egin dute, are kontrarreformak ari dizkigute inposatzen. Egoera hau gainditzeko, dialektika eskuratzeko aukera bakarra ditugun arazo estrukturalen aurka herri, klase eta genero ikuspegitik mobilizatzen hastean dago, horren baitan txertatuz iraultzarekiko grina. Bernstein sozialdemokraziaren teorialariak bideari eman zion garrantzia, helmuga bost axola zitzaion. Rosa Luxemburg-ek, berriz, bidea lotua ikusten zuen helmugarekin.
Kapitalismoaren irabazi tasari langileen aldetik kosk egin gabe eta estatuaren zein ekonomiaren erreforma gauzatu gabe (nazionalizazioak, planifikazioa ekonomia kudeaketaren alorrean edo lan baldintzak hobetzea), ezin herriak eta langileriak bere bizitza hobetuz klase bezala indartu bere burua (eta horrek etsipena sor dezake, eskuin muturrari bidea irekiz). Baina askotan, zeregin horietan murgilduta, ezkerrak bestelako afana (benetako eraldaketa soziala) ahaztu izan du, kapitalismoa modu horretan egonkortuz.
Eta orduan? Iraultza, oro har, enigma bat izan da beti: ekonomikoki ustiatutako eta politikoki menderatutako klaseek burgesia nola eraitsi lezakete Estatu propioa asmatzeko? Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Gaur egungo testuinguruan, iraultzaren inguruko enigma hori indartu da ezker iraultzailearen eta langile mugimenduaren ahultasuna kontuan izanik. Nahiz eta azken urteetan mugimendu erradikalak sortu diren (baita altxamenduak ere), ezarritako botereak ezegonkortzea eta, batzuetan, erregimen diktatorialak eroraraztea lortu dutenak, ez dute benetan lortu ezarritako ordenarekin benetako haustura baten zentzuan urrunegi joatea. Alegia, ez da izan erreboltarik kapitalismoarekin haustura lortu duena. Ez 68ko Maiatzean, ez Sobiet Batasunaren gainbeheraren ondoren, ezta arabiar iraultzetan ere. Are, gehienetan iraultza horien porrotak atzerapauso nabarmenak ekarri ditu. Zergatik galdetzea ez da alferrikako ahalegina.
Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatibako kidea
Berrian argitaratua