Iagoba Itxaso – Alternatiba
Azken egunotan Alfonso Fernandez askatzearen aldeko elkartasun mezuak ugaritu direla ikusi dugu, A14an atxilotutakoen artean, Europako langileen borroka egunean, oraindik kartzelan dagoen pertsona bakarra.
Egoerak deja vu sentsazioa sortzen digu: jazarpena, segada, froga falta, inkomunikazioa, behin-behineko espetxealdiak, kartzela aldaketak, FIES erregimenak, babesgabetasuna… Deja vu bat baino, egoera berari buruz hitz egiteko faltan dugun gauza bakarra presoa ehunka kilometrora dagoen kartzela batera eramatea da.
Poliziaren baldartasunak eta botere politiko herdoildu, atzerakoi eta zapaltzaile baten menpe dagoen lege sistema espainiarrak, barrutik eta kanpotik desegiten ari den Espainia agerian uzten dute.
Zaila dirudi Espainia markarako preso politiko madrildar bat irenstea, baina boterean daudenek ez ezik, ingurukoek ere trakestasun larria azaltzen dute. PSOEk esaterako, batzuek argudiatutako epeltasunagatik baino, koherentziagatik egiten baitu; ez baita bakarrik zapalkuntza honen konplizea, ezarri ere egin izan du, eta horregatik isilik dago orain. Bakar batzuek hautsitako isiltasuna da, edonola ere, haiena, gutxiengoak ukabila altxatuta haserrera adierazten duelako, sozialismoaren arbasoek lotsaz ikusiko luketen jokabidearekin.
Baina baldartasunak gehiagorako ematen du, zenbait eragile eta norbanakoek Alfon preso politikoa dela deskubritu dutenean ezusteko gisa hartu dute, Palestinan edota Guantanamoko presondegian eman daitezkeen egoerak gogora ekarrita, baina ehunka euskal presoena zeharo ahaztuta. Beren burua “muturreko ezkertiar” gisa azaltzen duten eragileak dira, hedabide batzuek ere hala deitzen dieten arren, guztiek diote Alfon dela estatuko preso politiko bakarra.
Nire trakestasuna ere bada, hitzok aski dela eta mutil hau berehala askatu behar dutela esanda hasi behar nituelako, errugabetasuna aitortu behar diotela eta kartzela benetan merezi duenak bere bahiketan parte hartu zuen horiek direla. Hori egin beharrean, aldaratzeetan galdu eta Alfon babesten dutenei eraso egin diet.
Izan ere, Espainiaren euskotartzea deritzoten honetan sentimendu kontrajarriak sorrarazten zaizkigu. Guztiz ezinezkoa egiten baitzaigu preso politiko madrildarren inguruan hitz egitea ahaztuta Euskal Herriko preso gaixoak, sakabanaketa eta honek eragiten dituen heriotzak, zigorren luzamendu bidegabeak, iruzurrez beteriko epaiketak, torturak eta preso zein senideen kontrako erasoak.
Zorionez, Madrilen Amaiur ordezkatzen dutenak ez dira hain trakets ibili eta ederki asmatu dute Alfonen amarekin egoten eta, aldi berean, datorren hilabeteko mobilizazio garrantzitsuarekin bat egiten.
Alfon askatu eta U12 Bilbora!