Koalizioak hauteskunde kanpainan emandako hitza bete du horrela eta legegintzaldi berrian defendatu duen lehenengo ekimenak etxegabetzeekin zerikusia izan du. Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideak adierazi du EH Bilduk ez daukala asmorik lege aldaketei itxaroteko. “Etxebizitza eskubidearen aurkako erasorik bortitzenak dira etxegabetzeak, eta horregatik, gaur arazoarekin bukatzeko lehenengo urrats garrantzitsua eman gura genuen, lege aldaketa heldu arte eta erakunde finantzarioen borondatea aldatu arte”, azaldu du Beitialarrangoitiak.
Baina EAJk eta PPk, UPyDrekin batera, EH Bilduren legez besteko proposamena bertan behera utzi eta bi alderdien arteko erdibideko proposamena onartu dute. Koalizioak hitzartuta zeukan PSErekin 10 puntutako proposamena. EH Bilduren ordezkariaren iritziz, “hitzetan geratzen den proposamena da, soluziorik ematen ez duena”. Beitialarrangoitiak gogor kritikatu du arazoari aurre egiteko hiru alderdi horien “borondate falta”. “Minimoa zen finantza erakundeak presionatzeko neurri zehatzak hartzea eta hori ere erortzen utzi dute. Arazoarekin bukatzeko ekimena hartu behar da; bestela, euskal gizartea aterako da galtzailea”, ohartarazi du.
Marian Beitialarrangoitiak gogor kritikatu du ere finantza erakundeek eta bereziki Kutxabankek arazoaren aurrean daukan jarrera: “ezin da bankuen borondatearen esku utzi gai honekin zerbait egitea. Ardura maila handiagoa eskatzen diegu bankuei, bereziki Kutxabanki, duen zeregin soziala aintzat hartzea, alegia”. EAJri ere leporatu dio “Kutxetako asanbladetara etxegabetzeen gaia eramateko oztopoak jarri izana”.
Eusko Legebiltzarreko eskuineko bi indarrek eta UPyDk euren botoak elkartu dituzte, etxegabetzeekin bukatzeko helburuarekin EH Bilduren legez besteko proposamena indar gabe uzteko.