Martxoaren 8an, Euskal Herriko emakumeak*, prekarizatzen eta pobretzen gaituen sistema baten aurka kaleak errebindikazioz eta borroka kolektiboz beteko ditugu beste behin. Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin batera, kaleak beteko ditugu zaintza-sistema publiko eta komunitario bat eskatzeko, pertsonen bizitzak eztabaida sozialaren eta politika publikoen erdigunean jarri ahal izateko.
Mugimendu Feministak azken urteetan lortutako mugarri garrantzitsuetatik gatoz. 2018an zein 2019an Euskal Herrian bat egin genuen nazioarteko greba feministaren deialdiarekin, martxoaren 8ko mobilizazioen esparruan. Bi mugarri horiek eragin sozial handia eta borroka feministaren bultzada ekarri zuten.
Azken hilabeteotako ibilbidea markatzen duen azken mugarria joan den azaroaren 30ean Euskal Herrian egin zen lehen Greba Feminista Orokorra da. Greba-egun horrek, Mugimendu Feministaz gain, euskal gehiengo sindikala, kolektiboak eta gizarte-eragileak batu zituen zaintzarako eskubide kolektibo baten alde, eta Euskal Herrian zaintza sistema publiko-komunitario bat eratzeko beharra aldarrikatuz.
Eta aldarrikapen eta politika feministek aurrera egiten duten bakoitzean bezala, kontraerasoak gogor erasotzen du, aurrerapenak gelditzeko eta eskubideetan atzera egiteko helburu bakarrarekin. Hor ikusten eta sufritzen dugu eskuinaren eta ultraeskuin antifeministaren oldarraldi erreakzionarioa, zeinak bere botere guztia erabiltzen baitu bizi garen zapalkuntza-sistema are gehiago indartzeko.
Ikusten dugunez, zaintzak eta bizitzak politika publikoen erdigunean jartzeaz inoiz hitz egin ez duten sektoreek nola aldatzen duten beren diskurtsoa, hipokreziaz eta konpromisozko hitz hutsak aipatuz honen inguruan. Termino publiko-komunitarioa bereganatzea eta hoiek erabiltzea zerbitzu publikoak pribatizatzeko, diskurtso eta adierazpen instituzionalek edo propaganda hutsezko argazkiek ezin dute ezkutatu Iñigo Urkullu eta Maria Chiviteren gobernuen inplikazio falta. Mugimendu Feminista argia izan da eta izaten jarraitzen du bere eskakizunetan erakunde publikoekiko eta gizarte zibilarekiko. Ibilbide-orri hori Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari Greba Feminista Orokorraren baitan aurkeztutako Gizarte Akordioan zehazten da, non epe laburrerako eta luzerako neurriak jasotzen diren. Erantzukizunak hartzeko garaia da.
Martxoaren 8an kaleak zaintza lanak errotik aldatzeko exijituko duten ahotsez beteko dira. Bada garaia zaintza-lanak duintasunez aitortu eta ordainduko dituzten politikak eskatzeko, bai eta gizonen eta emakumeen arteko eta eremu publiko eta pribatuaren arteko birbanaketa zuzena errazteko neurri zehatzak eskatzeko ere.
Aldarrikapen horiek esparru ekonomikotik haratago doaz. Zaintza publiko-komunitarioak oinarri hartuta, gure gizarte-harremanak berreraikitzeko oihua dira, , zaintza-lanari balio handiagoa emateko, erakundeei, gizarteari eta gizonei interpelazioa egiteko, haiek ere errealitate horren aurren duten erantzukizuna hartu eta zaintzetan dagoen desberdintasuna euren portaeraren ondorio dela onartu behar dutelako. Pertsona guztiak gure bizitzako hainbat unetan zainduak izan beharko garenez, pertsona guztiok dugu duintasunez zainduak izateko eskubidea, eta, era berean, gaur egungo testuinguruan lan hauek emakumeei inposatu zaizkienez, ez zaintzeko eskubidea aldarrikatzen dugu baita ere. Guztiok zainduak izateko eskubidea badugu, zaintza-sistema publiko-komunitario batean oinarritu beharko litzateke hauxe, eta ez emakumeei ezarri zaielako.
Amorruz, errebindikazioz eta borrokatzeko gogoz beterik, guztiz beharrezkoa den bidea egiten jarraitzeko prest gaude, emakume guztien bizitzak duinak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen. Alternatibak bat egiten du Euskal Herriko Mugimendu Feministaren aldarrikapenekin martxoaren 8rako, eta dei egiten dugu herri eta hirietako kaleak betetzera eta deituta dauden deialdi ezberdinetara parte hartzera.
Feminismotik sistema arrakalatu!
Gure bizitzekin negoziorik ez! ¡Haceos cargo ya!
Gora borroka feminista!