María del Río, Bilboko EH Bildu Udal Taldearen bozeramailea; Ima Garrastatxu, Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko EH Bilduren zerrendaburua; eta Iker Casanova, Bizkaiko EH Bilduren bozeramailea, agerraldia eskaini dute gaur, joan zen igandeko hauteskundeetan Bilbo eta Bizkaian izandako emaitzen balorazioa egiteko.
Ima Garrastatxu, Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko zerrendaburuak gaur Bilbon eskainitako agerraldian, EH Bildu inoiz baino emaitzarik hoberenak lortu dituela azpimarratu du. “Emaitza historikoak izan dira, lehenengo indarra gara gaur egun Euskal Herrian, eta Bizkaian sekulako emaitza lortu dugu; bigarren indarra gara eta alternatiba sendoa bihurtu gara gure herrialdean”.
Zenbakietatik haratago, aldaketa kualitatiboa aipatu du ondoren Garrastatxuk. “Igandeko emaitzak argi eta garbi adierazten dute garai berri bat ireki dela Bizkaian. EH Bildu eta EAJrekiko aldea ez da inoiz hain txikia izan, baina, gainera, joera bihurtu da distantzia hori geroz eta laburragoa izatea hauteskundez hauteskunde. 8 legebiltzarkide gara hain justu Gasteizen Bizkaia subiranistago eta ezkertiarrago baten alde ekarpenak egingo ditugunak”.
María del Ríoren esanetan, “hirian berriro mugak gainditu ditugu, ezker subiranistak inoiz atera dituen emaitzarik onenekin. Goranzko joera nabarmena da, bai botoetan bai ehunekoetan”.
“36.000 bilbotarrek bozkatu dute EH Bildu igande honetan. Bost pertsonatik batek. Agian bilbainada dirudi -gaineratu du EH Bilduko bozeramaileak- baina perspektiban jartzearren, EH Bilduren igoera osoaren % 13,5 da hauteskunde hauetan”.
Baina datu esanguratsu hauen gainetik, “are itxaropentsuagoa da Bilbon bigarren indar gisa sendotu gara. Egungo gobernu eta kudeaketa-ereduaren alternatiba gara. Xirimiriak bere horretan jarraitzen du; botoen % 52ko igoerarekin, guztira 12.468 boto gehiagorekin, lehen indarretik gero eta gertuago gaude”. Lehen indarra da EH Bildu Deustuko Erriberan, Zazpi Kaleetan, Atxurin, San Frantziskon eta Bilbo Zaharrean. Eta bigarren indarra 29 auzotan, hau da, aurreko hauteskundeetan baino 8 auzo gehiagotan.
Hauteskunde kanpaina lanean modu desberdinetan izan jendeari esker ona erakutsi ondoren, “etorkizunerantz arraunean jarraituko dugu” gehitu du. “2040. urtean jartzen dugu begirada, zainduko duen hiri bat sortu, hiri jasangarri bat, bizitza erdigunean jarriko duena da gure helburua”.
Iker Casanova Bizkaiko EH Bilduko bozeramaileak horrela hasi du bere hitzartzea. “Hauteskunde hauen emaitzetatik ondoriozta daiteke 50 udalerritan gehiengoa garela, etorkizun hurbilean udalerri berria izango den Usansolo barne. Duela lau urte izandako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik hona, 112.000 boto izatetik, 160.000 izatera igaro gara, eta % 30eko ordezkaritza izatera hurbildu gara, 4,7 puntu igoz”.
Argazki dinamiko baten eta finko baten arteko kontrastea antzematen da gero eta nabariago Casanovaren esanetan, “EH Bildu lehen indarra da Araban eta Gipuzkoan, baita Bizkaiko erdi-ekialdean ere; EAJren presentzia Bilbo metropolitarrera mugatzen da gehien bat, eta, hala ere, hemen ere, hirian eta inguruan, distantziak murrizten dira, haiek beheranzko joerari eusten diote eta EH Biduk ez du oraindik goia jo”.
Bizkaiko ordezkariaren arabera, EH Bilduren lan egiteko modua, proposamenak, transmititzeko ilusioa kokatzen dira emaitza onen oinarrian. “Gure hazkundeak, ezker konfederaletik etor daitezkeen botoei ez ezik, EAJren boto-emaile ohietatik, gazteengandik eta abstentziotik datozenei ere erantzuten die. Eta horren ondorioz, hauteskunde hauek oso garrantzitsuak dira Bizkaiko aldaketa politikoaren bidean, hegemonia berri bat sumatzen dela esan dezakegu”.
Iker Casanovak gaineratu du “Bizkaiko ezkerreko erreferentzia bakarra eta indartsuena” dela EH Bildu, “eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritzarik gabe geratu diren 32.000 ezkerreko boto-emaileak Eusko Legebiltzarrean ordezkatzeko konpromisoa berretsi nahi dugu gaur hemen, ezinbestekoa baita ezkerreko botoak batzen jarraitzea gizarte-politiketan Bizkaiak behar dituen aldaketei ekiteko”.
EH Bilduk hiru lurraldeetan batu dituen botoetatik, % 50 Bizkaikoak dira eta 2015ean hasitako goranzko joeran du jatorria. “EAJren nagusitasuna lehiatzen ari gara, baita Bizkaian eta Bilbo metropolitarrean ere. Badakigu zeintzuk diren erronkak eta horretan lanean jarraituko dugu, horixe da EH Bilduren komunitate osoaren apustua”, azaldu du Casanovak.