Luis Maria Salgado eta Begoña Vesga – Alternatiba
Barcenas kasuaren une gorenean, Espainiako gobernua harrotu egiten da, Alderdi Popularraren esanetan, udal administrazioa arrazionalizatzea, txikitzea eta bertan bizirauten duten kargu publikoen kopurua murriztea xede duen lege proiektu bat aurkezteagatik. Halabeharrezko arrazionalizatzea arrazoizkoa dirudi; administrazioen murrizketa, ados egon gabe ere, ulergarria da, publikoaren alde egin beharrean pribatizazioa sustatzen duen alderdi batengan; eta buruzagien soldatak murrizteko aukerak, justuak bekatariengandik bereizten ez dituen munstroak, klase politiko deiturikoak eragiten dituen etengabeko murrizketak jasan behar izaten dituen herriari gozarazten dio.
PPren ustetan, zentzuzkoena da Espainiako legeak udalei bere eskumenak zeintzuk diren zehaztea eta zeintzuk eskuordetze bidez gauzatu ditzakeenak. Beste guztia, udalaren kolore politikoa edota egoera ekonomikoa edozein delarik, debekatuta dago. Horregatik udal entitateek ezin izango diote herritarrei bere eskumenetik kanpo dauden zerbitzurik eskaini, ezta horretarako baliabideak izanda ere, ezta administrazio eskudunek, murrizketengatik jota daudenak, eskaini nahi ez dituztenean ere. Horregatik udal ikuskatzaileak, Espainiako gobernuaren ordezkari txikietan bihurtutakoak, legea indarrean egon orduko esan behar izango dute zeintzuk diren modu desegokian erabiltzen diren eskumenak, eta zerbitzu horiek bertan behera geldituko dira. Bat-bateko erregulazioa indartzeko, PPren proiektuak Udalen eskumenen zerrenda murriztu du, orain arte modu zehatzean onartzen ziren batzuk ezabatuz. Ingurumenean ezer ez, zaborrak eta lorategiak ez ezik; etxebizitzan ezer egiterik ez; hezkuntzan zero; ezta gizarte zerbitzuetan ere, soilik -eta bakarrik azken kasu honetan- Autonomia Erkidegoak delegatzekotan eta udalerriak onartzen badu, eta beti ere lehenaren kontrolpean.
Eskumenak murriztu ostean, lege proiektuak udalek eskaini beharreko oinarrizko zerbitzuak gutxitzen ditu. Hilerriak, argiztapena, zaborrak, ura, estolderia, errolda, parkeak eta liburutegiak bezalako zerbitzuak, udala defizitarioa denean pribatizatu ahal izango dira eta beste zerbitzu guztiak -PPren ustez oinarrizkoak ez direnak- itxi egingo dira udalerriak ez baditu Madriletik agindutako aurrekontu egonkortasuneko baldintzak betetzen.
Adi egon daitezela egonkortasun sakro-santuaren aurka ezer esaten duten 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerriak; indargabe utzi eta ondokoari anexionatuak izango direlako. Izan ere, alderdi popularrarentzat -akaso konplexuren batengatik- tamainak badu garrantzia eta horregatik txikia dena deuseztatzen dute patologikoki; herritarren parte-hartzeari legeak egindako erreferentzia txikiak ezabatzen dituzte; Udalbatza Irekia -100 biztanle baino gutxiago dituzten udaletan indarrean dagoen gobernu eredu asanbladaduna- deuseztatzen dute eta udalez-peko erakundeak desagertzea errazten du. Izan ere, kudeaketa eta partaidetza espazio hauek, herritarrengandik hurbilegi daude, autoritate printzipioa ahaztarazi eta herritarrak demokraziara gaizki ohitu ditzake.
Ez pentsa erdikoak salbu daudenik; 20.000 biztanletik beherako herrietan ere arriskua egongo baita; ez disolbatzeko, baizik eta lapurtuak izateko. Izan ere, aldundiek udal hauei zerbitzuen kudeaketa kendu ahal izango die ditxosozko aurrekontuen egonkortasuna betetzen ez denean, edo eskala-ekonomiari ganorazko arreta ematen ez zaionean edo zerbitzuen kostua Espainiako Gobernuak ezarritakoa baino handiagoa denean. Bestela esanda; sudur-puntan jartzen zaienean. Arraroa dirudi liberala izateaz harrotzen den gobernuak zerbitzu baten prezioa ezartzea. Baina kontuan hartuta kopuru hori zehaztuko duen adierazleetako bat deuseztatzeko asmoa dutela, hitzarmen kolektiboak alegia, guztiak zentzua hartzen du. Era berean, zentzua dauka kontuak esleitzerakoan eskala-ekonomiak duen lehentasuna, zeren horren eskala handian, zerbitzuen hornitzaile bakarrak enpresa talde handiak izan daitezke, enpresa txikiak aukerarik gabe utziz. Nondik zetozen Barcenasen gutun-azal ezagunak ustez betetzen zituzten ustezko dohaintzak?
Bestalde, Rajoy eta bere lagunak, merkatu handi eta libre baten alde, urrats desarautzaile berri bat egin dute. Hala, jarduera ekonomiko bati ekiteko, udalaren baimena ez da beharrezkoa izango, lege sektorial batek hala zehazten ez badu. Arreta deitzen du jarduera ekonomikoa liberalizatzen den bakarra izatea, beste guztiarekin -aisialdi, espiritu edo elkarte alorrean- udalek zorrotz jokatzeko baimena izango dutelarik.
Tira, beti gelditzen zaigu zinegotzien soldaten murrizketaren kontsolamendua. Tamalez, soldata bazterketa batez ere oposizioko alderdiei eragingo die, eta txikienei bereziki. Udal langabetuen banaketa sistema proportzional bat zehaztu zezaketen, edo are gehiago, arreta berdina jarri zezaketen soldatapeko zinegotziak baino kopuru handiagoan dauden gobernu taldeen aholkulariekin. Adibidez, 240.000 biztanleko udalerri batean, soldatapeko 18 zinegotzirekin batera, 27 behin-behineko kargu egongo lirateke, erreformaren hutsuneei esker, guztiak aholkulariak izan zitekeelarik.
Proiektuaren letra txikiaren azken kontsolamenduaren ostean, gelditzen zaigun gauza bakarra da gure buruei galdetzea aldundiek Hego Euskal Herriko udalerriak oligopolioaren laguna den olatu antidemokratiko honetatik babestuko ote dituzten. Erantzuna arriskutsua da, baina kontuan hartuta Espainiako gobernuak ezarritako eta merkatuen zerbitzura jarritako salbuespen-egoera, UPN-PP ententea eta Rajoy eta Urkulluren arteko elkar-ulertzea, ez litzake harritzekoa foru izaera salbatuko duen eta aldi berean erreformaren oinarrian dagoen publikoa den guztiaren suntsipena bermatuko duen trikimailuren bat asmatzea.
Tamalgarria. Behin arrazionalizatzen eta murrizten hasita, norbaiti monarkia deuseztatzea bururatu ahal zitzaion, edo hainbat polizia Ebroaren bestaldera itzultzea, bankuei errutasun-presuntzioa ezartzea, senatua ixtea eta bide batez, pertsonen eskubideak babesten ez dituen eta zorigaiztoko nazio gutxituen nahiari erantzunik ematen ez dion Estatu hau desegitea… hasiera bikaina lirateke.