Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista
Duela zenbait hamarkada jada, Eduardo Galeanok Las venas abiertas de América Latina (Latinoamerikako zain irekiak) idazkian aipatzen zituen lurralde honek bere historian pairatutako espoliazioa, inposaketa, kolonialismoa eta indarkeria; planetan izandako bortitzena konkistaren garaietatik. Horrela, Galeanok azaltzen zuen Latinoamerika, azken bost mende luzeetan, beti izan dela botere globalentzat ahalik eta etekinik handiena lortzeko erabilitako lurraldea, erabakitzeko ahalmenik eta burujabetzarik gabekoa, non pobrezia eta desberdintasun sozial handiak, nazioarteko egituran duen menpeko funtzioak eragindako alboko efektuak besterik ez direlarik. Zainak irekita dauzkan lurraldea beraz, gutxi batzuen mesederako odolusten ari dena.
Gaur, XXI. mendeko lehen hamarkadan, beharbada azpi-kontinentearen gainean bestelako irakurketa egin genezake. Irakurketa baikorragoa, azpimarratuz 1992an genozidioaren urteurrenean harira -batzuek Amerikako aurkikuntza deitutakoa- burrunba egindako aski da! oihu hura, karakterizazio historiko horri aurre egiten dieten prozesu politiko eta sozialetan bihurtu dela. Hala, zalantzarik gabe lurraldea burujabetzan eta integrazioan hobetu da, eragile eta politika neoliberalei aurre eginez, eta baita indarrean dagoen sistema gaindituko duten alternatiba burujabeak proposatuz ere. Gaur egun beraz, sarraskiarekin amaitzen eta kontinente ernegatu eta duin baten zain irekiak sendatzen tematuta dauden indar, botere eta agendak badaude (bereziki gogoratu nahi dugu Hugo Chavez, Amerikak azken hamarkadetan izandako kirurgilaririk hoberena).
Halaber, prozesu alternatibo hauek, oraindik sendoak eta itxaropentsuak, gupidarik gabeko erraldoi bati eta historian irmoki eraikitako egitura batzuei aurre egiten diete. Hala, Latinoamerika odolusten darrai, nahiz eta gaur egun, egoerari buelta emateko gai izateko esperantza dugun. Itxaropen hori bera, lurraldea zeharkatzen duen esperantza, bereziki zigortuak izan diren estatuetara heldu da; Guatemalara esaterako, bere zainak oraindik zabal-zabalik dituenak. Izan ere, Guatemalan odola bor-bor jaulki da gatazka armatuak iraun duen bitartean (1960-1996). Eta Guatemalan, gaur egun, odola borborka jaulkitzen jarraitzen duelako.
Eta hau hala da, ikuspuntu kolonialista, arrazista, antidemokratikoa eta boterearen aliantza berrien interesaren aldekoa (gobernu militarrak, enpresa transnazionalak, interes-talde nazionalak, narkotrafikoa), ez delako batere aldatu, eta ez dutelako nahi emantzipazio haizeak eta sendatzeko nahiek Guatemalan lekua izan dezaten. Aurrez aurre, herri eta gizarte mugimenduek sustatutako erantzunaren aurka, gero eta handiagoa dena, eta gizartearen gehiengoari zuzenduta, haien agendan kokatu dituzten proposamen alternatiboen aurka agertzen dira. Hortxe kokatzen da beldurra sustatzeko, ekintzaile sozial eta politikoak kikiltzeko, protesta kriminalizatzeko estrategia eta baita berau mantentzeko indarkeriaren erabilera ere.
Testuinguru honetan kokatzen da pasa den martxoaren 18an gertatutako, Marcos Ucelo Xinca Herriaren buruzagi komunitarioaren erailketa. Aurretik beste hiru kideekin batera bahitu zuten, galdeketa komunitario batetik itzultzen ari zirela. Ekintzaile ezagunak dira, Martxa Indigena eta Nekazaria bezalako mobilizazio handietan parte hartu dutenak, eta haien lurren jabetza komunaren alde borrokatzen dutenak, enpresarien interesei aurre eginez. Estrategia honen beste adibide bat, beste hamaikaren artean, Ruben Herreraren espetxeratze bidegabea da; lagun-mina eta Huehuetenengoko Departamenduko Asanbladako buruzagia, besteak beste terrorismoagatik salatua, soilik Galiziako zentral hidroelektriko bat herri galdeketarik egin gabe eraikitzearen aurka agertzeagatik. Gertakari honetan interes politiko eta enpresarialak nahasten dira -beste askotan bezala-, eta hildako komunitario bat, onartutako setio-egoera eta hamahiru atxilotu baino gehiago eragin dituena; noski, guztiak komunitateetakoak direlarik. Ruben azkena izan da, beste guztiak dagoeneko aske dauden bitartean, haien aurkako frogarik ez dagoelako.
Negozioa, espoliazioa, beldurra, kikiltzea, indarkeria basatia, gobernuarena edo enpresena. Hau da proposamen ofiziala. Lehendakariak, Otto Perez Molinak, hala adierazi zuen Madrilera eginiko bisitan. Bere diskurtso ulergaitza itzulita, honakoa esan zuen: “Zatozte enpresa espainiarrak, herri hau salgai dago eta. Segurtasun juridiko, legal eta soziala eskaintzen dizkiegu inbertsioei, kosta ahala kosta”. Eta kosta ahala kosta honek hildakoak ere badirela esan nahi du, Marcosena bezalakoa; eta atxiloketak badirela, Rubenena bezalakoa.
Baina Rubenek badaki, Marcosek zekien bezala, eta Guatemalako herri eta sektore herrikoiek dakiten bezala, eragin nahi duten beldurra, botereak duen beldurrarekiko proportzionala dela. Aldaketa haizeak dagoeneko heldu direlako, Baqtun berri bat martxan da, eta atsekabetutako herri honen zainak sendatuak izango dira. Beharrezkoa delako eta egingarria delako. Inork ezin dio haizeari mugarik jarri, ezta Guatemalan ere. Eutsi goiari Ruben!