Alternatibako bozeramaile Asier Vegak ondorengoa aditzera eman du, gaur Mariano Rajoyren Gobernuaren eta Errege Etxearen arteko negoziaketak eman direnean eta exekutiboak azken hau gardentasun legearen barruan sartu nahi duenaren informazioa prentsan publikatu denean: “Guztiz ironikoa eta iraingarria da egun iruzur kasu gehien irekita dituen alderdiak, diktaduraren oinordekoa eta gizarteak sekula hautatu izan ez duen instituzio opaku eta antidemokratikoarekin batera, haien izen garbiketa egiteko helburua duen legea guztioi saldu nahi izatea”.
Alternatibatik zalantzan jartzen dute “boteretsuen esanetara eta herri klaseei bizkarra emanda gobernuak egindako lege batek inolako erabilgarritasunik izango duenik”. Are gehiago, Vegak gogoratu du: “ekimen honen atzean dagoen alderdia, egunetik egunera gezur berri batekin esnatzen gaituen alderdi bera da bere karguen gehiegikeriak estaltzeko helburuarekin. Hau al da saldu nahi diguten gardentasuna Barcenasekin duten harremana oraindik argitu ez dutenean?”.
Aldi berean, euskal errepublika sozialista aldarrikatzen duen alderdiko bozeramaileak honako hau azpimarratu du “ez da egia ere monarkiaren inguruko ezer garrantzitsurik ezagutaraziko duenik, ez baitu Zarzuela –Frankok izendatutako estatu buruzagitza- behartzen herritarrek ordaindutako dirua zertan gastatzen duen aitortzera, ez eta familiako kide bakoitzak dituen ondasunak argitzera ere”. Bestaldetik, eliza katolikoa ere ez da lege honen menpekoa izango, urtero diru publiko mordoa jasotzen badu ere, hainbat zerga ez ordaintzeaz gain.
Azkenik, kartzela zigorraldien edota hauteskunde zerrendetan parte hartzeko gaitasungabetzeen harira, Vegak ondorengoa galdetu du “zein da ustezko zigor hauen balioa momentuko presidenteak, une hartan Zapaterok, bankari ezgaitu bati indultua ematen dionean eta justiziaren erabakiaren kontra eginez, Rajoyk legea aldatzen duenean Emilio Botinen konfiantzazko pertsona (Alfredo Saenz) jarduteko baimena izan dezan berriro?