Ana Etxarte eta Carmen Garcia – Alternatiba Bilbo
Bistakoa da gizartea gero eta gehiago aldentzen ari dela erlijioengandik, eta bereziki eliza katolikotik, gehiengo sozialaren balore eta sinesmenak ordezkatzeko erakusten duen ezintasuna dela eta. Aitzitik, Bilboko Udala eta bestelako instituzioak, Estatu eta Elizaren arteko harreman estua mantentzen tematuta daude, akonfesionaltasuna gauzatzeko duten erantzukizunari aurre egin ordez.
Harreman estu hau, Udalak Eliza Katolikoaren alde duen jokaera bereizlea, azken Udalbatzan ikusi ahal izan dugu. Bertan, PNVk babestu egin zuen Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasun bihurtzeko PPk egindako proposamena, euren esanetan, Bizkaitar gehienen sinesbide erlijiosoa kristautasuna delako.
Gutxienez, gure buruari uste hau egiazkoa ote den galdetu beharko genioke. Eta azaleko irakurketa bat eginez, ezezko erantzuna datorkigu burura. Mezaren ostean edozein elizako atean biltzen den jende kopuruari besterik ez diogu erreparatu behar, tenplu kristauetara euren fedea praktikatzera doazenak jendetza ez direla ikusteko.
Gainera datuak gure susmoa indartzera datoz. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, euskal gazteriaren %54ak ateo, agnostiko edo ez erlijiosotzat jotzen du bere burua. Kopuru hau urterik urte hazten doa, eta bere burua katolikotzat jotzen duen %34ari aurre egiten dio, zeinetatik %4ak besterik ez dio praktikantea denik.
Hau da egungo errealitatea, zeinean erlijio hegemonikoak espazio publiko guztiak indarrez hartzen zituen garai ilunei aurre eginez, gizartea erlijiotik gero eta aldenduagoa dagoen, inongo kredorik praktikatu gabe.
Baina dirudienez, PPk datu hauek alde batera uzten ditu, eta nahiago du Eliza Katolikoarenak kontuan hartu. Hauen arabera, bataiatutako pertsona oro eliztarra da. Ez du axola pertsona horrek erlijioa ez praktikatzea, ez sinestea edota katolizismoari uko egin nahi izatea. Eliza katolikoaren ustez, Estatuarekin negoziatu eta etekin ekonomikoak lortzeko asmoz, pertsona horiek eliztarrak izango dira betirako. Edozein sektan gertatzen den bezala, behin sartzen zarela, ezin izango zara inoiz irten.
Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasun bihurtzearen alde PNVk hartutako erabakiaren ezaugarririk larriena, gure gizartearen izaera akonfesionalaren eta laikotasunaren aurka jotzea da. Gaur egun, erlijio katolikoaren arabera definitutako hamaika ekitaldi, jaiegun eta errealitate publiko daude. Erabaki honek, are gehiago indartuko du zilegi ez den logika hau, tradizio katolikoetatik eta hauen atxikimendutik gero eta aldenduagoa dagoen gizarteari so egiten ez diona. Bertan, erlijio aniztasuna oso zabala da, eta erlijio guzti horiek eremu pribatura mugatu behar izango lirateke.
Laikotasun gehiago behar dugu; bide horretan aurrera egin behar dugu. Hauxe da sinesmen ezberdinak dituzten pertsonen artean bizikidetza bermatzeko testuinguru bakarra. Eta arau hori ez betetzeak diskriminazioa, pertsona batzuen baloreak besteei inposatzea eta oro har, kontzientzia-askatasunaren oinarrizko eskubidearen urraketa dakar.
Administrazio publikoa erlijio ezberdinetatik aldentzea, udal publizitatean Aste Santuko prozesioak gure ondare eta izaeraren ezaugarritzat ez jasotzea dakar, pertsona askok ez dugulako gure burua erlijio katolikoarekin identifikatzen. Honez gain, eta hau oso garrantzitsua da murrizketa garaietan, egitasmo hauek diru publikoarekin -aurten 9.000 euro izan dira- ez finantzatzea dakar. Egokiagoa litzake diru hori pertsona guztien sinesmenak errespetatzen dituzten bestelako kultur-ekintzei ematea, auzoetako jaiei, esaterako.
Zoritxarrez, PNVk hileta zibilak leku publikoetan eta udal lokaletan egitea onartzeko Bilduk aurkeztutako mozio bati ezetza ematen dion bitartean, baietza ematen dio beste proposamen honi, PPren eta PNVren eskuma bilbotarraren izaera babestuz: erlijio kontserbadorismoa, Bilbo turismoari zuzendutako hiri-erakustoki batean bihurtzeko obsesioari gehituta.
Azkunari eta bere lantaldeari adierazi nahi diogu Bilbotarrek nahiago dutela bestelako egitasmo batzuk Interes Kulturaleko Ondasun bihurtzea. Gure herrian benetako sustrai sakonak dituzten egitasmoak alegia, guztion sinesmen eta eskubideak errespetatzen dituztenak, eta sufrimenduarekin, erruarekin, odolarekin eta militarismoarekin zerikusirik ez dituztenak, hauek baitira Aste Santua definitzen dituzten ezaugarriak. Nahikoa sufrimendu pairatu behar izaten dugu jada, eskumako alderdiek martxan jartzen dituzten erreforma eta murrizketen ondorioz.