Aitor Montes Lasarte – Familia medikua
Euskararen aldeko aldarrikapenen artean, edo euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko eskakizunen artean, osasun arreta euskaraz eskatu izan da aspalditik. Baina argi daukagu zer den benetako osasun arreta euskaraz? Zer da euskararen normalkuntza? Hizkuntza baten benetako normaltasun egoera zein den badakigu?
Osasun arretak, osasun sisteman paziente edo gaixoarekiko harreman eta prozedura guztiak bere baitan hartzen dituela esan genezake. Helburua hortaz, harreman hauek guztiak euskaraz izatea izan beharko litzateke. Kontuan hartu behar dugu, baina, harreman hauek konplexuak direla, maila ezberdinetan burutzen baitira, eremu ezberdinetan, jende askorekin, era ezberdinetan.
Gaur egun, zoritxarrez, erabiltzaileen hizkuntz eskubideak ez dira bermatzen; ez da osasun arreta euskaraz eskaintzen Euskal Herrian. Eta honek euskara bigarren mailako hizkuntza bilakatzen du, eta euskaldunak bigarren mailako hiritarrak. Eskubideen hierarkia ezartzen da. Osasungoa egungo gizartearen ardatzetako bat da jakina, zutabe bat; EAJk adibidez bere hauteskunde programan ere ondo adierazi zuen: “las políticas de salud y nuestro sistema de salud son pilares fundamentales de la calidad de vida y del bienestar de nuestra sociedad”. EH Bilduk hauxe zioen bere programan: “osasun eskubidea, hezkuntza eskubidearekin eta Euskal Herrian bizi garenon gizarte babeserako eskubidearekin batera, Ongizate Estatuaren oinarrizko euskarria da.” Bat datoz. Baina behar bada ez gara ohartzen osasun arreta ardatz bat izanik, erdara hutsean burutzen den artean ez dugula euskararen normalkuntzarik lortuko. Euskal Herria euskalduna ez dago lortzerik osasungoa euskalduntzen den arte. Ez dira hizkuntz eskubideak bermatuko sekula. Hala ere, osasungoa erdaraz onartzen dugu, normaltzat hartzen dugularik euskararen bazterketa esparru horretan. Ohituta gaude.
Egia da osasungoan arretari ematen zaiola lehentasuna; kalitatezko arreta da hemen garrantzitsuena, eta euskarak ez omen du hainbesteko garrantzirik. Edo, beste era batera esanda, pazientea da garrantzitsuena, ez euskara. Aukeran, euskaltzale amorratuenak ere segurtasuna nahiago du. Gaixoak ez dira ospitalera joango eskubideen eske, osasun arreta eskatzera baizik; hiltzeko beldurrez dagoenak ez du “euskaraz mesedez” esango. Eta bere goganbeharrak, kezkak, bere ahuldade eta menpekotasun egoeraz aprobetxatuz, gazteleraz egitera behartua izango da, behartuko dugu. Ez gara konturatzen hori ez dela benetako kalitatezko osasun arreta, izan ere ez baitu kode deontologikoa ere errespetatzen. Ez genuke ahaztu behar euskara eta kalitatea banaezinak direla. Azken batean, kalitatezko osasun arreta pazientearen hizkuntzan burutzen dena da. Gaur egun gure herrian egiten ez dena, hain zuzen.
Euskal Herrian kalitatezko osasun arreta euskaraz izan behar da, paziente euskaldunentzat behintzat. Eta osasun arreta euskaraz, benetakoa, bere osotasunean, ahoz eta idatziz izan beharko litzateke. Bere osotasunean, hau da, maila eta esparru guztietan; kontsultategi, osasun-zentro edo ospitaleetan; familiako mediku zein espezialistekin, erizainekin edo administrariekin; edonon, edonorentzat. Idatzizkoa esaten dudanean, ez naiz ari Osasun Zerbitzuak banatzen dituen paper, ohar, aholku edo karteldegiari buruz bakarrik, baizik eta pazienteak jasotzen dituen idatzizko guztiei buruz, hau da, osasun txostenak edo txosten klinikoak, proba osagarrien informeak, proba horien eskakizunak edo bolanteak, kontsulta-arteko dokumentuak edo zerbitzuen arteko bideratzeak, etab. Eta hemen, erabateko garrantzia duena, historia klinikoa da. Funtsean, pazienteen osasun arretaren erregistroa, euren bilakaera jasotzen duena. Osasun arreta euskaraz aldarrikatzeko orduan, ez genuke ahozko harremanetara mugatu behar, hori ez baita egoera normala. Historia klinikoa euskaraz eskatu eta garatu behar dugu, osasungoa euskaraz izan dadin bere osotasunean. Hemen dago gakoa.
Hori lortzeko tresnak, baliabideak, eta gaitasuna badauzkagu; borondatea da falta zaiguna.