Oskar Matute, Belen Arrondo, Arri Zulaika eta Dani Maeztu, EH Bilduko legebiltzarkideen iritzi artikulua
Ze burugogorrak diren aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialaren etsaiak! Ze itsuki defendatzen duten eurek sortu eta babestu duten ordezkaritza sistema! Ze erraztasun handia duten parlamentuetako lau hormen barruan geratzeko eta herritarren aldarrikapenen aurrean entzungor egiteko! Ba euren burugogortasunarekin eta itsutasunarekin legebiltzarreko lau hormen barruan geratuko dira ere maiatzaren 30ean, ostegunetako ohiko osoko bilkura egunez aldatu nahi izan ez duten alderdiak.
EH Bilduren 21 legebiltzarkideok ez dugu parte hartuko osteguneko bilkuran, hain zuzen, euskal gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorra egun berean egingo delako. Eta doala aurretik gure azalpena: gure helburua zen maiatzaren 30ean berdin-berdin errespetatzea lan egin nahi dutenen eskubideak eta greba egin nahi duten langileen eskubideak. Horretarako, eskaera bat aurkeztu genien EAJ, PSE eta PPri, osoko bilkura egunez aldatzeko; izan ere, ostegunetako osoko bilkurak eskatzen du legebiltzarkide guztien presentzia, bozketak egiten direlako. Egunez aldatuko balitz, hala nahiko lukeen legebiltzarkideak lan egin zezakeen, asteko gainontzeko egunetan egiten duen moduan; eta greba egin nahi dugunok aukera izango genuke greba egiteko.
Baina EAJ, PSE eta PPren bozek gure eskaera atzera bota zuten. Patronalaren eta kapitalaren diktadoreen konplize moduan jokatu zuten; izan ere, euren helburua da langileon mobilizazioen indarra eta ondorioak ahalik eta gehien apaltzea. Konplizeak izan ziren euren mezuan: «Greba orokorrak ez du ezertarako edo ia ezertarako balio»; eta konplizeak euren jarduera politikoan: «Ez da ezer berezia gertatuko ostegunean, eta, beraz, ez dago arrazoirik ohiko osoko bilkura atzeratzeko».
Baina legebiltzarreko pasilloek gordetzen duten historiak traizio egiten die. Baliteke greba orokorra ez izatea arrazoi nahikoa 75 legebiltzarkidetik 54rentzat, ohiko osoko bilkura bat egunez aldatzeko; ordea, garrantzi nahikoa izan zuten beste arrazoi batzuek, hala nola alderdi jakin batzuek kongresuak ospatzea, edo ordezkari jakinek osoko bilkuran ezin egon izatea. Horiek bai izan ziren taxuzko arrazoiak, bilkurak, esaterako, asteazken batera aldatzeko. Beraz, logikoena, justuena, duinena, eta baita egingarriena ere, Gasteizko osoko bilkuraren data aldatzea izango litzateke. Are gehiago, kontuan izanda Nafarroan euren alderdikideek izaten duten jarrera. Nafarroako parlamentuan ez da jarduerarik egongo ostegunean, Geroa Baik eta PSNk ere horren alde bozkatu ondoren. Zergatik Iruñean bai eta Gasteizen ez?
Aurrekariak ez dira nahikoa izan; ezta ere EAJri eta PSEri Nafarroako alderdikideek emandako lezioa. Gasteizko osoko bilkura ez da egunez aldatuko euren erabaki politikoaren ondorioz. Eta, hala ere, EH Bilduren 21 legebiltzarkideok erabakia hartua dugu: maiatzaren 30ean kalean izango gara, erakundea kaleengatik aldatuko dugu. Izan ere, uste dugu erakunde honek, legebiltzarrak, kalearen luzapena izan behar duela eta herritarren zerbitzura egon behar duela. Erakunde honetan politika jakin bati jarraituta egiten ditugun ekinbideek eta aldarrikapenek ez lukete inongo baliorik eta zentzurik izango, baldin eta lau horma hauetatik kanpo ez balego inor politika hori babestuko lukeenik.
Horregatik, jakin badakigu ostegunean gure jardunaren ordena aldatzea tokatzen zaigula. Legebiltzarra hustu egingo dugu, kalera ateratzeko eta herriaren aldarrikapenak entzuteko. Langileei eta pertsonei gure elkartasuna adieraziko diegu, langile klasearen parte izango gara, eta kalean borrokatuko gara aldaketa ekonomikoa, politikoa, soziala aldarrikatzen duzuenon ondoan. Botere ekonomiko eta finantzarioetatik autonomoa eta merkatu espekulatiboek agintzen ez duten sistema eraikitzearen alde borrokatzen segituko dugu.
EAJk, PSEk eta PPk saiakera egiten dute etsipenezko mezua gizarteratzeko. Euren estrategia politikoaren barruan dago esatea mobilizazioak ez duela ezertarako edo ia ezertarako balio. Kapitalarekiko independenteak izateko eta status-quo-a bukatzeko ezintasuna estaltzen saiatzen dira. Ez dute eredu aldaketa nahi. Baina borrokari esker lortu genuena ezin dezakegu utzi euren esku. Ezin gaitezke erori etsipenezko mezuan. EH Bilduren iritziz, protestak, borrokak, mobilizazioak balio du eskubide sozialik eta laboralik ez galtzeko. Kontuan izan behar dugu denbora gutxian urteetan zehar irabazitako langileon eskubideei eraso bortitza egin dietela. Zer uste dute, gure aurrekoek borrokaren bitartez lortu zutena borrokarik egin gabe galtzen utziko dugula?
Horregatik guztiarengatik, ostegun honetan aldaketaren aldeko alternatiba politikoa eta soziala kalean izango da. Era berean, gainontzeko egun askotan erakundean lanean izango gara alternatiba horrek indarra har dezan. Eta gure nahia da ostegun honetan aldaketarako gogo horrek fabrikak, zerbitzu publikoak eta erakundeak hustu ahal izatea. Ostegunetik aurrera, beste hainbat toki egongo dira erasoen aurka borrokatzen segitzeko.