Cristina Bereciartua eta David Pina – Alternatiba
Datorren uztailaren 7an hitzarmen kolektiboen ultraeraginkortasuna agortu egingo da azken lan erreformaren ondorioz. Komunikabideek gu engainatzen saiatzeko erabiltzen duten iruzurra ezagutzen dugu, saihestezina izango dela sinestaraziz, enpresariek lege-aginduz hitzarmena aplikatzen amaitu behar izango balute bezala. Badakigu zein ondorio izango dituen; uztailaren 8tik aurrera datorrena, ordea, ez daukagu hain argi; lan baldintzen murrizketari nola helduko zaion, alegia. Edonola ere, artikulu honen helburua ez da gako hauek aztertzea, ez da lege edo prozedurei buruzkoa ere… erraiei buruzkoa da, sentimendu eta beharrizanei buruzkoa.
Duela gutxi, gizarte esperimentu bat ikusteko aukera izan dugu, ultimatumaren jokoa izenekoa. Diru kopuru bat banatzean datza, 100 euro, non bi lagun parte hartzen duten. Lehenak zenbateko kopurua emateko prest dagoen erabaki behar du, bigarrenari eskaintza bakarra zabalduz, eta bigarren horrek tratua onartzen duen ala ez erabaki behar du. Tratua onartzekotan, kopurua banatzen dute eta jokoa amaitzen da; ez badu onartzen, biek guztia galtzen dute eta esperimentua amaitutzat jotzen da.
Banaketa parekidea denean, bi aldeentzat onuragarriak diren akordioak modu azkar batean lortzen dira. Aitzitik, eskaintzailearen diru-goseak bere buruari esleitutako kopurua handiegia izatea eragiten duenean, bigarrenari hutsaren hurrengoko zenbatekoa utziz, ohikoena da bigarren horrek tratuari uko egitea eta biak ezer gabe gelditzea. Zergatik nahiago du ezer gabe gelditzea, kopuru txiki bat onartzea baino? Azken finean, bigarren hori ezer gabe abiatu da eta hala eta guztiz ere tratuari uko egiten dio arerioa zigortuz: horri duintasuna deitzen zaio.
Hemendik aurrera, zalantzak besterik ez zaizkigu sortzen; noiz hasiko gara langileon duintasuna aldarrikatzen? Duintasuna lapurtzea onartuko al dugu? Tratu bat bidegabea denean, planto egiteko erantzukizuna dugu, ez onartzekoa. Askok pentsatuko dute, “bai, baina ez badugu onartzen ezer gabe geldituko gara”, eta ekuazioaren ezinbesteko alde bat garela ahazten dugu. Enpresarien eskuak al dira eraikinak egiten dituztenak, lantegietako makinak martxan jartzen dituztenak, ogia egiten dutenak edo lurra lantzen dutenak? Tratuari uko egiten badiogu, beraiek izango dira galtzaileak, euren enpresek ez dutelako berez produzitzen eta dirua ezin delako jan.
Zenbat balio du gure duintasunak? Zenbateraino onartuko dugu zapalduak izatea, aurkezten diguten eskaintza soziala bidegabea dela konturatu arte? Esklabotzaren pareko lan baldintzak, askok ordaindu ezin izango dugun osasungintza pribatua, aberatsen seme-alabentzat pentsatutako hezkuntza prekarioa, babes sozialaren desagerpena… aldi berean, aberastasun handiak etengabe hazten eta enpresen etekinak biderkatzen ikusten ditugu. Guztia gure lepotik, beti gure lepotik.
Batzuk egunero borrokatzen dugu gizarte justuago eta parekideago baten alde, eta apurka apurka indarrak batzen gabiltza, baina egoera guztiz iraultzeko, guztiok norabide berdinean arraunean egin behar dugu. Hitzarmenen ultraeraginkortasunaren amaiera ez da diru kontu bat, ezta lan baldintza kontu bat ere. Izan ere, gure gainetik pasatzen ez uztean datza, interes ekonomikoen zerbitzura dagoen eta bizitzaren gauza garrantzitsuek lekurik ez duten gizarte eredu bati aski dela esatean. Zoriontasuna, pertsonen arteko jokaerak, gizarte harremanak, familia, lagunak, bizitza azken finean, bizitzeko debora izatea besterik ez da.
Asko gara gelditzeko momentua heldu dela uste dugunok, tratuari uko egiteko unea, arerioari aurre egiteko eta galtzeko prest gaudela esateko. Zeren gu erortzen bagara, aurrean ditugunak ere jarraian eroriko dira eta gu baino askoz gehiago dute galtzeko, gure sufrimenduari esker aberastasun handia pilatu ahal izan dutelako. Durrutik esan zuen bezala, hondamendiak ez gaitu beldurtzen, gure bihotzetan mundu berri bat daramagulako. Behin eta berriro berreraikiko dugu; goazen berregitera baina, oraingoan, gure arauen arabera.