Gipuzkoako Foru Aldundiak Dikaztelu eta Ezkio-Itsaso eta Castejon-Muruarte arteko 400.000 voltioko lineen proiektua bertan behera uzteko eskatu du. Izan ere, Foru Aldundiak dioenez, Red Electrica Española enpresak sustatu nahi duen egitasmoa ez dago estatu energia elektrikoaren gaur egungo garraio sarearen plangintzan, eta, horrekin lotuta, 13/2012 Errege Lege Dekretuak honako hau dio hitzez hitz: “Ministroen Kontseiluak energia elektrikoa garraiatzeko sarearen plangintza berririk onartu arte, ezingo da Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren garraio-instalazioetarako administrazio baimen gehiagorik eman”. Beraz, Dikaztelu eta Ezkio-Itsaso eta Castejon-Muruarte arteko lineen proiektua gaur egungo plangintzan ez dagoenez, eta ezin denez, plangintza berririk onartu ezean, baimen gehiagorik eman, administrazio eskudunek bertan behera utzi beharko lukete proiektua. “Bestela, ez litzateke araudia beteko”, adierazi du Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.
Gogoan izan bi linea hauek 120 kilometro hartuko lituzketela, guztira, eta haietatik, hamalauk Gipuzkoa zeharkatuko luketela. Linea, hain zuzen ere, Gipuzkoako Partzuergotik barrena sartuko litzateke lurraldean, eta ondorengo udalerrietan izango luke eragina: Idiazabal, Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa eta Gabiria. Linea altzairuzko dorre sorta batek osatuta legoke (Gipuzkoan 28 jarriko lirateke): dorreek 80 metroko altuera ere izango lukete, eta haien arteko batez besteko tartea 400 edo 500 metrokoa litzateke. Linea hau babesteko, 40 metroko zabalerako korridore bat egin beharko litzateke, non murrizketak ezarriko litzazkiekeen zuhaitzei. Lanak egiteko eta dorreen mantenimendua bermatzeko, 5,3 kilometroko bide berriak egin beharko lirateke Gipuzkoan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat helegite aurkeztu dizkio tentsio altuko linea proiektuaz egindako ingurumen txostenari. Nagusia, lehen esandakoa. Horrez gain, Aldundiak dioenez, “gai honi buruz aurkeztu den informazioa ez da aski ezarri nahi diren instalazio horien benetako premia objektiboa justifikatzeko. Oinarrizko eta funtsezko gabezia horrek behartu beharko luke benetan eta seriotasunez hausnartzera proiektua aurrera eramatea komeni den ala ez”.
Are gehiago, Foru Aldundiak azaldu duenez, energia elektrikoaren eskari gordina nabarmen gutxitu da Estatu mailan azken sei urteetan, eta aurrerantzean ere joera bera izatea espero da. Horregatik, “eskariaren jaitsierari buruzko datuek adierazten dute ez dagoela elektrizitatea sortzeko eta garraiatzeko instalazio berririk egin beharrik, eta jasangarritasunaren ikuspegitik egin beharko litzatekeena energia aurreztea eta eraginkortasuna bultzatzea dela”. Ildo horretatik, proiektuan, ez dago daturik linearen beharra justifikatuko luketen energia planta berriez, ezta Estatuko gaur egungo lineen balizko saturazioaz ere.
Ingurumen eragina ere ez da behar bezala baloratu, Aldundiak dioenez. Ez dezagun ahaztu, esaterako, tentsio altuko lineak Natura 2000 Sarean babestutako hainbat eremutan izango lukeela eragin zuzena, eta hainbat espezierentzat –hegaztiak, batik bat- kaltegarria izan litekeela. Proiektuak herritarren artean kezka eta aurkako jarrera eragin duela ere gogorarazi du Aldundiak.
“Begien bistakoa da makroproiektu honek gabezia eta hutsune nabarmenak dituela: sustatzaileek ez dute haren beharra justifikatu; ingurumen azterketa ez da behar bezala egin, nahiz eta ingurumenean eta babestutako eremuetan eta espezien artean izugarrizko eragina izango lukeen; herritarren artean kontrako jarrera garbia eragin du, eta araudia bera ere ez luke beteko. Beraz, baimenik ez emateko eta bertan behera uzteko eskatu diogu Espainiako Gobernuari”, adierazi du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.