Juan Maria Sanchez eta Diana Urrea – Alternatibako Mahai Ekologista
Y también la lluvia izeneko filma Cochabambako uraren Gudaren testuinguruan gertatzen da, 2000. urtean, Bolivian. Orduan, euriaren ura jasotzeagatik ere kobratzeko asmoa zuten.
Rajoyren gobernuak proposatutako autokontsumo elektrikoa arautzeko Errege Dekretuak asmo bera dauka: eguzki izpiak erabiltzeagatik kobratzea eta, gainera, autokontsumoarekin amaitzea, oligopolio elektrikoaren etekinak bermatuz eta norberaren indar elektrikoa ekoiztea hura erostea baino %27 garestiagoa izatea lortuz. Non da burujabetza energetikoa?
Batetik, “babes-bidesaria” delakoa sortu da, energia propioa ekoizteagatik kobratzen dizuna ekoizten ez duzuna saretik kontsumitzen duzulako, eta horrek ordaindu beharreko kostu bat duela argudiatuta. Demagun zure letxuga propioak landatzeagatik ordaindu behar duzula, zuk ekoizten duzun hori baino gehiago behar izanez gero, dendara jo dezakezulako eta eskuragarritasun hori ordaindu behar duzulako.
Bestetik, fakturaren gastu finkoa, hau da kontratatutako potentziarena, %70 igo da, kontsumitutako argindarrarena %23 murriztu den bitartean. Ondorioz, tarifa finko bat sortu da, hain oinarri handia izanik fakturan kontsumoa murrizteko ahalegin guztiek eraginik izango ez dutela. Krisi deitutako iruzur honen eraginez energia kontsumoa jaitsi dela? Eraginkortasuna handitzen dugula kontsumo elektrikoa murrizteko? Ba fakturaren zati finkoagatik gehiago kobratzen dugu etekinak berdintzeko, aurrezteari trabak jarriz baina etekinak bermatuz. Kontsumo arduratsua?
Zeintzuk dira autokontsumo elektrikoa arautzen duten herrialdeak? Bada, Alemania, Italia, AEB, Belgika, Danimarka, Japonia, Mexiko; eta horietako batean ere ez dago babes-bidesaririk. Munduan ez dago antzeko zergarik, auto-kontsumitzaileek enpresa elektrikoen hanka-sartze estrategikoak ordaintzeko asmoarekin sortutakoa. Izan ere, enpresa hauek gasaren eta gas naturalak jasotzen dituen itzuli-beharrik gabeko diru laguntzen alde egin zuten; babes-teknologiatzat jotzen dena.
Nondik sortu da indarra garestitu eta bidesari hau sortzeko ideia? Kasualitatez, Gonzalo Saenz de Miera, Iberdrolako zuzendariaren proposamenak dira, 2012ko apirilaren 12an aurkeztutako “Autokontsumoari buruzko azterketa Espainiako sektore elektrikoan” izenekoan daudenak. Ondoren, Iberdrolaren logotipoa Espainiako Aldizkari Ofizialaren irudiagatik ordeztu, eta voila.
Komeni zaigu Iberdrolako akziodun nagusia Qatarko Fondo Burujabea dela jakitea, eta baita Qatarko Emirerria Espainiaren hirugarren gas hornitzaile handiena dela. 2005 eta 2012 bitartean gasa Iberdrolaren elektrizitate iturri nagusia izan da, %40 hain zuzen. Aitzitik, ziklo konbinatukoak, gasa erretzen dutenak alegia, %10eko erabilera tasa izan dute 2013ko lehen hiruhilabetekoan.
Ez ditzagun ahaztu hain ondo koipeztatuta dauden ate birakariak. Acebes ministro ohia Iberdrolan mailaz igotzen doa, baina soldatapean ere Fernando Becker (PP), edota Manuel Marin eta Amparo Moraleda (PSOE) daude. Jose Mª Aznar Endesako aholkulari da, Felipe Gonzalez Gas Natural Fenosakoa. Soria ministroak merituak egiten ditu bere eserlekua lortzeko ministerioa uzten duenerako. Bada, nor harritzen da lege honengatik, gutxi balitz, bere instalazio berriztagarriak ixten dituzten enpresak ere sarituko dituena?
Iberdrolak aho txikiarekin protesta egiten du erreforma dela eta 170 milioi euro ordaindu behar izango dituelako; aitzitik ez du aipatzen zergetan 1.500 milioi aurreztuko dituela Montoro Ministroaren lege batek erraztuko dion kontabilitate-ingeniaritzari esker.
Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, autokontsumo era ezberdinen erabileraren ikuskaritza Estatuko Administrazio Orokorrak egingo du autonomia erkidegoekin elkarlanean. Jaurlaritzari puntu honetan desobedientziaren bidez zentzugabekeria honi aurre egiteko eskatzen diogu, kontrako jarrera azalduz eta elkarlanari uko eginez; jarrera araugilea har dezan, energetikoki menpekoa den herri batean autokontsumo elektrikoa sustatzeko eta babesteko asmoz. Burujabetza energetikoaren alde egiteko eskatzen dugu; herritarrei erantzukizuna eskatzen diegu, kutsakorrak ez diren eta enplegua sortuko duten energien aldeko apustua egin dezaten.
Boliviak, eskainitako zerbitzu eskasagatik Iberdrolaren menpeko enpresa nazionalizatu zuenean, Rajoyren gobernuak ziurgabetasun juridikoaz hitz egiten zuen. Lege honetan proposatutako aldaketek ekoizleak saritzen dituen sistemaren berraztertze sakona dakartzate. Fotovoltaikoan inbertitu duten sozietateek, ekoizpenari pizgarriak kobratzetik gobernuarentzat “arrazoizkoa” den errentagarritasuna -diotenez, %7,5- lortzera igarotzeak dakarren ziurgabetasun juridikoa salatu dute. Instalazioen antzinatasuna kontuan hartuko denez, ziurtzat jotzen da atzeraeraginezko efektua gertatuko dela, denbora gehien martxan daramaten instalazioak zigortuz. Berriztagarrietako inbertitzaile txikientzat, eta zehazki eguzki-ortuetan inbertitu duten aurreztaileentzat, galera handiak izan ahal dituzte.
Guzti hau salneurriaren defizitarekin amaitzeko aitzakia baino ez da, ate birakarian dauden politikariek eta oligopolioak herritarrak are gehiago espoliatzeko asmatutako mitoa. Salneurriaren defizitaren kontu-ikuskaritza serioa eskatzen dugu, datu errealak kontuan hartuta, ez oligopolioak asmatutakoak. Horregatik, dekretu honi desobedientziaren bidez aurre egitera deitzen dugu, autokontsumoaren alde eginez eta %100ean iturri berriztagarrietatik sortutako elektrizitatea saltzen duten Goiener bezalako kooperatiba elektrikoei erosiz.
Irudia: Manel F.