Cristina Bereciartua – Alternatibako kidea
Gabonak heldu dira; badaude argiak, apaingarriak, Olentzeroak leihoetan eta jendea opariak eta janaria etengabe erosten… Baina Gabonekin batera, kontsumismoaren sindromeaz gain, luxuzko elkartasuna ere heldu da: hirugarren munduko beltzen aitabitxi izan (gure artean bizitzera etorriko balira baztertuko genituzkeenak), GKEei diru gehiago ematen zaie, telebistan ongintzazko galak antolatzen dira proiekturen bat sustatzeko… Eskuzabaltasunaren izpiritua sustatzeko aukerak askotarikoak dira; munduan miseria handia dago eta ez dugu zertan urrundu behar hura aurrez aurre ikusteko.
Hainbeste karitate erakutsi nahi izatea eta, urtero, egunotan egiten dugun kontzientzia garbiketa honek, gogaitu egiten nau. Hipokresia hutsa. Izan ere, gure auzoan norbaitek komunitatea ordaintzeari utziz gero, neurri juridikoak hartuko ditugulako dirua erreklamatzeko. Zorrari zergatik ezin dioten aurre egin, guri bost axola. Langabezian dagoela? Berdin dio; Stop-Kaleratzeak deitutako kontzentrazioren batera joango gara, baina auzokoak berea ordain dezala.
Baina eguberriko itxurakeria honen oinarrian, bada zerbait benetan kezkagarria: gure seme-alabei helarazten dizkiegun baloreak, hain zuzen. Joan den astean, ohiko supermerkatuan erosketak egin ostean, 15 bat urteko neska irribarretsu bat gerturatu zitzaidan, bere eskolan antolatu duten egitasmo baten berri emanez; janaria jasotzen ari ziren elikagaien banku batera bideratzeko. Eta gaur bertan, errekaduak egiten nituela, irakasle batekin zihoan nerabe talde batekin egin dut topo, janari iragankorrez betetako kutxak aldean eramaten zituztela. Nola ez, ziurtzat hartu dut elikagaien bankuan entregatuko zituztela.
Beharbada, kontatu berri dizuedana, ez zaizue hain txarra irudituko; azken finean gure gaztetxoei elkartasuna erakusteko modu bat da. Baina hau ez da zuzena; izan ere, karitatiboak eta asistentzialistak izaten erakusten diegulako, limosna ematen. Ez al litzake interesgarriagoa izango eskubideak aldarrikatzen erakustea? Instituzio publikoetara hurbilduz, hauei dioten beldurra urrunduz, euren zerbitzura dauden tresnak direla irakatsiz eta ez menperatzen gaituzten erakundeak. Zilegi ez den zerbait aldatu nahi dutenean, nola eta nora zuzendu behar diren irakatsi behar diegu. Ekimen aldarrikatzaileak abian jarri ditzaketela erakutsi. Azken finean, haien burujabetzea sustatu. Horrela, benetako elkartasun eta konpromiso sozialean oinarritutako baloreak helarazi ahal izango dizkiegu.
Zilegi ez diren egoerei aurre egiteko, eskubideak aldarrikatzeko, gizarte justuago eta parekideago baten alde borrokatzeko prest dauden pertsonak hezi behar ditugu. Etorkizuneko belaunaldiengan balore eta kultura demokratikoak sustatu, politikoki aktiboak, konprometituak eta burujabeak diren subjektuetan bihurtzeko tresnak eta gaitasunak eskainiz. Euren eskubideak eta baita hauen erabilpen egokia aldarrikatzeko bideak ezagutuko dituzten pertsonak izango dira.
Baina Gabonetan gaude eta ez da egokia miseriei, hipokresiari eta gure gizartearen kontraesanei buruz hitz egitea; ulergarria, horregatik, garrantzitsuak diren gauzei buruz arituko gara. Beraz, kontsumitu, xahutu, gastatu, beharrezkoak ez diren gauzak oparitu, janaria zaborrera bota, eta ahal duenak, otarrainxkaz goza dezala. Eta soberan izanez gero, Eguberrietarako karitate aholku bat emango dizuet: zaborrera bota itzazue; ziur inor kontainerrean miatzen ibiliko dela jateko zerbaiten bila; sinetsita nago eskertuko duela.