Diotenez, nazioarteko krimen antolatuaren arduradun nagusienetako batzuk, martxoaren 3an Bilbon batzartuko dira, elkar elikatu eta beren jardun deliktiboarekin jarraitzeko asmoz. Hauek dira buruzagi bilatuenetako batzuk; ahalik eta zabalkunde zein laguntza handiena eskatzen dugu:
Christine Lagarde. Nazioarteko Diru Funtseko Zuzendaria.
Leporatzen zaiona: demokraziatik kanpo dagoen erakunde bat zuzentzea, herrien burujabetza murriztea eta bere ondasunak banku handiei ematea. Hirurogei urtetan, nazioarteko mafia honek munduko diktadurarik ustel eta odoltsuenetako batzuk babestu ditu, beti ere Estatu Batuen kanpo politikarekin bat eginda. Gaur egun, Troikan parte hartuz, Europako hegoaldeko herrialdeen baliabide publikoen ustiaketan dihardu.
Jeroen Dijsselbloem. Euro-taldearen presidentea.
Leporatzen zaiona: banku pribatuekin batera pentsio publikoen aurkako erasoa planifikatzea. Baita Greziako herriari bere diru publikoa esku pribatuetan jartzeko xantaia egitea ere.
Olli Rehn. Ekonomia eta Moneta Gaietarako Komisario europarra.
Leporatzen zaiona: Rajoyren gobernuaren murrizketa politikak sustatzea. Baita, irabazi pribatuak handitzeko asmoz, soldatak %10ean murriztea proposatzea.
Karel de Gucht. Merkataritzako Komisario europarra.
Leporatzen zaiona: lobby eta multinazionalen esanetara jardutea. Gainera, Estatu Batuen eta Europako Batasunaren artean hitzarmen bat negoziatu du, enpresari handiek eta bankariek euren espoliazioa jarduteko lege erraztasun handiagoak izateko. Besteak beste, 900.000 euro lapurtu dizkio Begikako herriari iruzur fiskalaren bitartez.
Joaquin Almunia. Konpetentzia Komisarioa eta PSOEko idazkari nagusi ohia.
Leporatzen zaiona: EBko herrietako industria politikei eta langileen eskubideen babesari trabak jartzea.
Werner Hoyer. Inbertsioen Europako Bankuko Presidentea.
Leporatzen zaiona: herrien zorpetzea eta bere ingurumena suntsitzea dakarren edozein lan finantzatzea; besteak beste, Abiadura Handiko Trena, Zubietako erraustegia edota Supersur errepidea.
Francisco Gonzalez. BBVAko Presidentea.
Leporatzen zaiona: krisi garaietan etekinak laukoiztu dituzten banku espainiarren elitea handitzea. Pentsio publikoen desegitea sustatu eta pentsio pribatuen negozioa ere elikatu du. Urtean 5,16 milioi irabazten ditu eta 80 milioiko pentsio pribatu bat jasoko du.
Pablo Isla. Inditex enpresako presidentea.
Leporatzen zaiona: Bangladeshen gertatutako 200 langileen sarraskia. Bere etekin pertsonalak 20 milioikoak dira urtean, bere Marokoko langileek astero 65 ordu lan egiteagatik hilean 178 euro jasotzen dituzten bitartean.
Jose Llado. Tecnicas Reunidas enpresaren jabea.
Leporatzen zaiona: Ibex 35eko enpresa gehienek egiten dute bezala, bere dirua paradisu fiskaletan mantentzea.
Jorge Sendagorta. SENER-eko presidentea.
Leporatzen zaiona: armak egin eta saltzeko, diru-laguntza publikoetan hainbat milioi kobratzea.
Ignacio Sanchez-Galan. Iberdrolako presidentea.
Leporatzen zaiona: energia nuklearrari esker bere burua aberastea eta Garoñako zentrala defendatzea. Gobernu espainiarraren erreforma elektrikoak idaztea leporatzen zaio. Hauei esker, 10 milioi euroko etekinak lortzen ditu egunean.
Cesar Alierta. Telefonicako presidentea.
Leporatzen zaiona: bere langileen %20a kaleratzea, bere etekinak egunean 10 milioi eurokoak direnean.
Mariano Rajoy, Luis de Guindos, Iñigo Urkullu eta Iñaki Azkuna. Agintariak.
Leporatzen zaiena: nazioarteko krimen antolatuaren alde egiteko legea usteltzea, diru publikoa enpresa handiei eta banku pribatuei ematea, eta euren kideentzako enpresa zein banku horietan urrezko erretiroak negoziatzea.
Juan Carlos Alfonso Victor Maria de Borbon y Borbon-Dos Sicilias. Erregea eta Francisco Franco diktadorearen ardurapekoa.
Leporatzen zaiona: Estatu espainiarraren erakunde militarraren burua izatea, herrien burujabetza ukatzea eta mundu osoko diktadore odoltsuen lagun-mina izatea. Bere aisialdian elefanteak erailtzen ditu eta gabon diskurtsoak ematen ditu.
Pertsona hauek atxilotzeko eta behingoz herritarren justiziaren eskuetan uzteko lagungarria izan daitekeen edozein informazio jakinaraztea eskertuko dizuegu.