Alternatibaren Uribe Butroeko asanbladako bozeramaile eta Gasteizko legebiltzarkide Diana Urreak Mungian gertatutako emakume baten erailketa salatu du: “Indarkeria matxistaren ondorio bortitz eta agerikoena izan arren, inondik inora bakarra ez bada ere; edozein kasutan gaurtik haratago eta gizartearen eremu guztietan arbuiatu beharrekoa da, ez bakarrik gaur eta halako gertaeren harira”. Ildo honetatik, gogorarazi du “patriarkatua menpekotasun sistemarik zaharrena dela eta pobrezia, indarkeria edo bazterkeria ematen den leku guztietan, emakumeok modu bortitzagoan pairatzen dugula beti”.
Hala, Alternatibatik gogorarazi dute emakumeak erailtzea ez dela gertaera isolatua edota zorizkoa, aitzitik, “egiturazko desberdintasuna ezarri duen gizarte patriarkalaren ondorio zuzena da, non emakumeok askotariko bortizkeria formak pairatzen ditugun, askotan estamentu, komunikabide eta instituzio batzuek isilarazi eta justifikatu ere egiten dituztenak”. Erakunde publikoen harira, hain zuzen ere, parekidetasunaren aldeko benetako legeak eskatu ditu, propagandatik haratago. Izan ere, “kontraesana” iritzi dio Eudel bezalako erakunde batetik hilketa honen inguruan berdintasunaren alde lan egitera deitu izanari, bere lehendakariorde Jose Antonio Santanok, bitartean, “alkate den herrian, Irunen, urtero emakumeen kontrako bazterkeria publikoki sustatzen duela”, alardea gogorarazita.
Bestaldetik, eraildako emakumearen jatorria zehazteko eta azpimarratzeko hedabideek egiten dituzten saiakerak salatu ditu legebiltzarkideak, “emakumeen kontrako indarkeria etengabeak ez daki ez mugaz, ez nazionaltasunaz, berriki argitaratu den txostenak baieztatzen duen bezalaxe, Europako hiru emakumeetatik batek, 62 milioi emakume baino gehiagok alegia, bere bizitzan indarkeria fisikoa edo sexuala sufritu dutela berresten duena”.
Bukatzeko, alderdi ezkertiarraren Uribe Butroeko asanbladatik, gaur arratsaldeko 19:00etan Mungiako udaletxean egingo den elkarretaratze isilarekin bat egitera deitu dute “terrorismo matxista eta patriarkalaren enegarren biktimaren” heriotza salatzeko. Bertan, Diana Urrea bera eta Alternatibaren Bizkaiko bozeramaile Asier Vega izango dira, eskualdeko militanteekin batera.