Asier Vega, Joseba Permach, Ainhoa Beola eta Unai Ziarreta
Banku-fundazio bihurtzeak orain arte, kontu-emateen bidez, kutxen nolabaiteko kontrola eraman duten batzar orokorrak desegitea dakar, baita hamarkadetan ezagutu ditugun administrazio kontseiluak ere. Kutxetako zuzendaritza ez dute bezeroek edota erakunde publikoek euren ordezkari gisa aukeratutako gizon-emakumeek egingo, euren burua soilik ordezkatuko duten pertsonek baizik. Ez diote inori euren erabakien berri eman behar, ez diote inori egiten dutenaren kontu eman behar; are gehiago, eurak izango dira euren buruak epaitu ez ezik, aukeratuko dituztenak.
Beraz, astelehenean, BBK eta Vital banku-fundazio bihurtuz gero, kutxen eta Kutxabanken kontrol publiko eta soziala galduko du herri honek.
Nola egin dezake aurrera bere aberastasunaren gainean erabakitzeko eskubidea ez duen herri batek? Nola egingo dugu aurrera egungo testuinguru kapitalistan herritarrok ez badugu geure aurrezkien gainean erabakitzeko eskubiderik?
Ezin esan liteke euskal kutxek hartu duten pribatizazioaren bideak harritu egin gaituenik. Bilduk 2011n eman zuen fusiorako oniritziaren biharamunean bertan EAJk hautsiak zituen bertan jasotako akordioak, PPren eskutik, Bilduren ahalmena murriztu, Espainiako Legea aldatu eta egun erabiltzen duten «derrigortzen gaituzte» mantra sortzeko.
Hasiera-hasieratik zuten argi zein zen euren helburua. EAJk, Urkullu, Ortuzar eta Egibar jaunak buru dituela, ez du herri honen burujabetzarako ezinbesteko diren tresnak eraikitzeko borondaterik; alta, guztiz kontrako bidearen hautua egin zuen eta finantza-sistemari dagokionez, bertako ezaugarriei muzin egin eta herriari, baita espainiarrari ere, hainbeste desgrazia ekarri dizkion finantza-sistema espainiarra hartu du oinarri eta erreferente. EAJk ez du «Euzkadi»-ko ekonomia ardatz izango duen finantza-tresnari eutsi eta indartzea helburu betiere herritarron ongizate eta garapen egokia bermatzeko, oligarkia jakin baten aseezintasunari jaten ematea baizik. Ez gaitezen engaina, oligarkia jakin hori izan da EAJren agintarien gainetik gailendu dena, oligarkia jakin hori izan da orain dela gutxi arteko oreka zail horiek hautsiz, Gipuzkoa edota Araba Buru Batzarraren gainetik, Bizkai eta Euzkadi Buru Batzarreko gizon guztiei gailendu zaiena.
Honaino iristeko egin behar izan duten bidea, ordea, luzea izan da. EAJ, PP eta PSEren arteko aliantza ezinbestekoa dute neoliberalismo sutsuenari aurre egiten dion herriaren interesak behin eta berriz zapalduz, kapital metaketaren alde egin ahal izateko. Azken salto hau ez zaie hain erraz aterako, ordea. Kutxak «despolitizatzearen» aitzakiapean egin zuten Madrilgo Legea EAJ eta PPk, baina patronatu berria osatzeko aukeratu dituzten pertsonak enpresa-gizon edo bankariak izan beharrean, hain zuzen ere, alderdietako pertsonak dira, hiru alderdietako gizon-emakumeak. Politikariak kentzearena aitzakia merkea zela pentsa genezake beraz… baina ez, eurek politikari jakin batzuk kendu nahi zituzten, gero eta gehiago izan gaitezkeen politikariak, oligarkiaren interesak barik, herriaren interesak defendatzen ditugun eta defendatuko ditugun politikariak, hain zuzen ere.
Eta eurak asko dira, eta demokrazia burges eta ordezkatzaileak eskaintzen dizkien gehiengoak osa ditzakete, oraingoz, baina gu gero eta gehiago gara, gero eta gehiago gara merkatuen diktadura deuseztatu eta pertsona ekonomiaren gainetik jarri nahi dugunak; gero eta gehiago gara, etorkizun duinaren eraikuntzan, doiketa estruktural kapitalistari aurre egin eta eraldaketa sozialaren bidea hautatu dugunak; gero eta gehiago gara neoliberalismoak ondo erakutsita, EAJren sasijakitunen hitz politen aurrean, pobreziara kondenatu nahi gaituztela ikusten dugunak. Herri bat eraiki edo deseraiki egin baitaiteke, eraldatu edo pobreziara kondenatu, ahaldundu edo espoliatu… eta hori guztia egiten lagundu edo oztopatu egin dezakegu.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduko kideok, gure paperaren garrantziaz jakitun izanik, baina herriaren papera are garrantzitsuagoa dela azpimarratuz, bidegabekeria eta lapurreta handi honen aurrean, herriarekin gaude, kanpoan zein barruan, kalean zein batzarretan, bere etorkizunaren jabe izan nahi duen herriaren ahotsa ozen entzunaraziz.