Toni Ramos eta Cristina Bereziartua – Alternatiba Araba
Maroto jauna, egunotan egin dituzun adierazpen arrazista eta xenofoboen aurrean, gure gaitzespenik irmoena ozen adierazteko beharra sentitzen dugu. Ez dakigu herritarrekin nahita aritu zaren gezurretan edo zure ezjakintasuna azaldu besterik ez ote duzun egin ziurtatzean aljeriarrak eta marokoarrak laguntza sozialak jasotzeko Gasteizen erroldatzen direla. Zure iruzur sozialaren aurkako gurutzadaren datuak ikusita, argi dago erroldatik kanporatutako pertsona gehienak, %75, bertakoak direla, eta %18ra ere heltzen ez direla jatorri magrebtarrekoak. Ez legoke gaizki zurea bezalako kargua dutenek informazioa bilatzea halako salaketa larriak egin aurretik, are gehiago herritar guztiek -zuk ere bai- dakitenean zure alderdiko bulego dotoreetan esertzen direnetako asko iruzurrarekin eta ustelkeriarekin harreman zuzena dutela, herritarren lepotik gainera, diru publikotik milioika euro desagerrarazten dituztela. Beraz, zuzenagoa litzateke esatea zu zeu, PPkoa izate hutsagatik politikari ustela zarela, pertsona jakin bat magrebtarra izateagatik iruzurra egiten duela esatea baino.
Zoritxarrez, zure adierazpen arduragabeekin ohituta gaude dagoeneko, are okerrago, ildo beretik doazen politikak ezartzera ohituak gaituzu, Frantzian Le Pen bezalako muturreko eskuindarrek babestutako politiken parekoak direla. Mota honetako diskurtsoak, Maroto jauna, arrazakeria eta xenofobiaren txinparta piztu besterik ez dute egiten krisiak kolpatutako gizartean, etorkinak egoera horren errudun bilakatuta. Baina egoera hau, zure alderdiak Gasteizko Udalean, Arabako Aldundian zein Espainiako Erresumaren Gobernutik ezarritako politiken emaitza zuzena dira. Zure hitzak gezurra baino askoz gehiago dira, gizartean pentsamolde faxistari bide egiten dion pozoitzea ekar dezakete.
Oker dabilena, are gehiago oker dabilena alkatea denean eta herritarrei kalte egiten dienean, okerra zuzendu eta publikoki barkamena eskatu behar du. Baina egia esanda, ez dugu uste hala jokatuko duzunik, zure politika arrazista eta xenofoboak aldatuko dituzunik uste ez dugun bezala. Ez dirudi, halaber, arduraz aritzearen argia piztuta diskurtso populista lagako duzunik hitz pedagogikoak eta arrazoituak erabiltzen hasteko. Eta benetan diogu, Maroto jauna, gustatuko litzaigukeela honetan oker dabiltzanak gu izatea.