Isiltasun konplizeak amorrua ematen dit, bidegabekeriaren aurrean gor-mutuarena egin eta inguruarekiko konpromisoarekin eta elkartasunetik jokatu beharrean beren kontzientzia isilarazten dutenekin nekatuta nago. Horregatik, hitzetik ekintzara pasa behar naiz.
Badakit ez dela erraza izango, gehiengo isilen etsipen erosoa dela belauniko nahi gaituztenak boterean iraunarazten dituena, gure eskubideak eta duintasuna murrizten dituztenak. Etsipenean erortzea axolagabetasunez beteriko kale ilunetan bizitzea da, eta nik kolorez egin nahi dut amets, pertsona askeez beteriko zumardiekin.
Jakin badakit nire borroka ez dela nahikoa besteenarekin bat egin ezean, maila berean kokatuz, nire aldarrikapenak besteen oihuei lehenetsi gabe, aurpegi desberdinen atzean ezkutatzen den arerio berari aurre egiten diogulako.
Errepresioaren eta eskubide urraketen aurrean, erabateko burujabetza nahi dut, gure etorkizuna eta eredu alternatiboa eraikitzeko. Erresistentziarako herri harresiek bestelako errealitateak altxatzera garamatzatelako, parekidetasuna eta herritarren jabekuntza helburu.
Nire auzoan, unibertsitatean, lantokian; suspertutako kontzientzia berri bakoitza sistemari aurre egiten dion erronka berria da, eta besteekin bat egitean, bere gaitasuna biderkatzen du. Aktibatzea nahikoa ez delako… antolatu.
http://alternatiba.net/old-files/Diptikoa 2 RGB.jpg
http://alternatiba.net/old-files/Antolatu A3 EUSKARA RGB.jpg