Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba
Garai biziki interesgarriak dira hauek, zapalkuntzaren egituretan pitzadurak irekitzen ari baitira. Baina, aldi berean, ziurgabetasun garaiak ere badira bidean jarriko dizkiguten trabak (errepresio areagotua barne) gainditzeko egin beharreko ahalegin itzelaren aurrean.
Horregatik, irekitzen diren aukerez gain (Grezia lehen katebegia da) geure ahuldadeak ere kontuan eduki behar ditugu, horiek gainditu ahal izateko.
Aurreko garaietan indartsuagoak ginen kalean instituzioetan baino. Horregatik saiatzen nintzen orduan azpimarratzen borroka soziala, indartsua izanik ere, eremu politiko instituzionalean islatu beharra zegoela. Gogoeta berezia behar da egoera iraultzaile gisa definitutakoetan, instituzio zaharrak desegiten ari direnean eta gizarte iraultzailean indarrean dagoen boterea aldarazteko asmoz kontrabotere-erakundeak sortzen direnean.
Gaur egun, balantza beste aldera makurtzen da. Europa osoan mobilizazioen beherakada ematen ari da, baina, paradoxikoki, estatu gobernuak kudeatzeko posibilitatea duten ezkerreko aukerak sortzen ari dira.
Antzeko zerbait gertatu zen PT brasildarraren garaipenarekin. Partidu hau saiatu zen boterera iristen mobilizazio indartsuen bultzadaz eta ez zuen lortu; baina mobilizazioak behera egin zuen denboran irabazi zituen hauteskundeak. Horrek erakarri zuen PTren eskubiratze bat. Partidu bat ez da eskuinera mugitzen bere eliteen ustelkeria hutsagatik. Mugimendu sozialen ahuldadeak zer ikusteko handia du bilakaera horietan, bereziki langile mugimenduarenak. Mobilizazio horiek baitira ezkerreko omen den gobernu bat bere lekuan jar dezaketenak.
Jaime Pastorrekin bat nator esaten duenean Espainiako Estatuan Podemos efektua-ren eragin positiboa dela «kasta botatzen ahal dela» konbentzimendua zabaltzen ari delako; baina aldi berean dio arriskutsua dela gehiengo sozial sumindua 2015eko zikloan gehiengo elektorala bihurtzearen aldeko diskurtsoa ez bada azpimarratzen haustura-iruditeria baten inguruan loturiko aldez aurreko mobilizazioa, autoorganizazioa eta burujabetza.
Horrela bada, gobernu programa eta estrategiak lantzearekin batera zehaztu behar dira helburuak (zorra ilegitimoaren ukazioa, publikoaren defentsa, murrizketa eta kontrarreforma guztien derogazioa, ekonomia eko-sozial baten zerbitzurako banku publikoa, herri gisa erabakitzeko eskubidea, herritarren demokrazia modu horren sakonduz); eta, aldi berean, praktikara eramanez borroka modu berriak, desobedientzia zibila bezalakoak, kaleak okupatuz, greba orokor gisako modu klasikoagoetan sakonduz eta hobetuz…
Europari dagokionez, han hartzen baitira benetan eta sakon eragiten diguten neurriak, uste dut premiazkoa dela, Euskal Herritik, herri desberdinen eta klase langileen arteko zeharkako aliantza zabala sendotzen ahalegintzea, interes komunetan oinarritua: estatu kapitalista oligarkiko eta antidemokratikoekin amaitzea, baita nazioarteko kapitalaren defentsarako eraiki den Europako Batasuneko gaur egungo ereduarekin ere. Zentzu horretan doa Tsiprasen azalpena: «Grezian irabaziko bagenu ere, eta ezkerreko gobernua lortuko bagenu ere, ez badugu esperimentatzen botere banaketan eta indar harremanetan pausoz pauso aldaketak egitea, gobernu hori geratuko zen sinpleki herrixka galiar bat bezala, isolatua».
Euskal nazioari eta Espainiako estatuari dagokionez. Mendetasunik ez marko estatalarekiko (adibidez, esaten denean Katalunia aske izango dela Espainia bera aske denean), eta hauxe da Podemosek CUPi emandako erantzunaren ondorioa; eta etsai beraren aurrean, kapitalaren eta bere estatuaren botere oligarkikoaren aurrean, ezin gara aritu elkar ezagutu gabe edo bizkar emanez. Benetan, ez dago independentziarik (aldebarkatasunez aldarrikatua edo adostua) helburu horren aldeko gehiengo organizatu eta mobilizaturik gabe. Baina zailtasunak handiagoak izango dira (gauza bera presoen askatzeari edota bake prozesuari buruz) ez bada lortzen Espainiako Estatuko beste nazioetan babes herrikoi bat, edo gutxienez, estatuaren ukazio eta errepresio saioekiko kontrako jarrera praktikoa.
Euskal Bidearekin hasitako bultzada konstituziegilea nolabait erlazionatu beharko genuke estatu espainiarrean gertatzen diren aldaketekin irekitzen diren aukerekin. Ezin gara mugatu gertakari greziarrak eta hark sortzen dituen itxaropenak agurtzera, eta menpean gaituen estatuan gertatzen ari diren aldaketekiko (mobilizazio andaluziarrak, mareak eta abar…) eta batez ere Podemosen balizko garaipenak ekarriko lukeen bira kopernikarrarekiko urrun eta axolagabe izan.
Berria egunkarian argitaratu izan da