Legeak aldaketarik inon eragin badu, erakunde publikoen barne-antolaketan izan da, Udaletan, Aldundietan eta Jaurlaritzan. Lehenago ez-ohikoak ziren berdintasun-sailak eta -unitateak orokortu egin dira, gero eta hobeto prestatutako pertsonez osatu, koordinazio-guneak eta elkarlanerako sareak ugaritu eta modu planifikatuan lan egiten ari dira gero eta gehiago. Neurri horiek ezinbesteko baldintza dira erakunde publikoen jardueran genero-ikuspegia txertatzeko, emakumeen eta gizonen arazoak, beharrak eta interesak kontuan hartzeko, alegia; baita berdintasun-politikak egiteko ere. Ezinbesteko baldintzak dira, baina ez dira nahikoak. Izan ere, ahizpa pobrea izaten jarraitzen du berdintasunak, eta berdintasun-sailen eta programen finantzaketa beti da gutxiegi, beti da eskasa, eta erabat mugatzen du behar besteko indarrez eragiteko ahalmena. Emakumeen eta gizonen berdintasuna gerorako utz daitekeen helburutzat hartzen da, bigarren mailakoa, zer esanik ez krisi garaian. Laburbilduz, lehentasunik ez ematea, baliabide mugatuak eta finantzaketa eskasa porroterako osagai ezin hobeak dira, eta inertziak aldaketarako aukerak jaten ditu.
Legeak aldaketarako potentzial handiko elementuak proposatzen ditu, politika publikoak egiterakoan genero-eragina ebaluatzeko azterketak egiteko betebeharra kasu. Hau da, edozein politika publiko egin aurretik, politika zehatz horrek emakumeen eta gizonen bizitzen gain izango lukeen eragina aztertu beharko litzateke eta, behar izanez gero, neurri zuzentzaileak ezarri. Potentzial handiko neurria baina, hamar urteren ondoren, garatzeke dagoena.
Erakunde publikoak ez ezik, hedabideak eta publizitatea ere interpelatzen ditu Berdintasunerako Legeak, baina gehienek horietako asko balio eta estereotipo sexisten habia izaten jarraitzen dute, Legeari bizkar emanda. Legeak debekatu egiten die pertsonak sexu-objektu gisa aurkeztea, eta sexu bien presentzia orekatua eta irudi anitza bermatzeko betebeharra ezarri, edertasun-kanonetatik eta estereotipo sexistetatik aparte. Irizpide interesgarriak, inondik inora, baina errealitatetik baino desioen mundutik gertuago daudenak oraingoz. Edozein modutan, gure ustez larriena da: Euskal Irrati Telebista publikoa behar lukeenak ere ez dituela irizpide hauek jarraitzen. Legearen ahulezia nabarmena da esparru honetan. Hedabideak eta publizitatea ez dira interpelatuta sentitzen, baina Jaurlaritzak interpelatzen al ditu?
Erabakigune eta botereguneei dagokienez, emakumeen eta gizonen parte-hartzeak parekidea behar duela izan jasotzen du Berdintasunerako Legeak. Emakumeek, baina, erabakigune nagusietatik baztertuta jarraitzen dute. Apartheid egoera da araua eta parekidetasuna salbuespena. Erakundeetako ordezkari politikoei dagokienez, emakumeen eta gizonen presentzia orekatu samarra da posturik ikusgarrienetan, Jaurlaritzako kontseilarien eta Aldundietako diputatuen kasuan, esaterako. Baina egoera oso desorekatua da gainontzeko postuetan, kontseilari-orde, idazkari eta zuzendaritzatan. Emakume alkateak ere gutxiengoa dira, eta zer esanik ez sindikatuen eta patronalen zuzendaritzetan eta enpresa handien administrazio-kontseiluetan, gizonei erreserbatutako guneak oraindik ere.
Emakumeen bizi-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da berdintasuna benetakoa izan dadin; baina bizi-baldintzak hobetzerik ere ez du ekarri Legeak. Ezer gutxi egin du Jaurlaritzak gizonak eta erakunde publikoak pertsonen zaintzan inplikatzeko. Ezer gutxi egin da, era berean, emakumeen lan-merkatuko lan-baldintzak hobetzeko. Alderantziz, Jaurlaritza bera enplegu publikoa suntsitzen ari da, emakume askoren enpleguak, Osakidetzan eta Hezkuntzan kasu. Emaitza: emakumeek galtzen jarraitzen dute, lanaren banaketa desorekatua sufritzen, lan-merkatuan bigarren mailako enplegatu eta etxeko zaintzaile nagusi. Paradoxikoa dirudien arren, emakumeek, bizitzaren eta ongizatearen arduradun nagusiak, ez dute bizitzaz eta ongizateaz gozatzeko eskubiderik.
Berdintasunerako Legeak beharrezko arau eta neurriak jasotzen ditu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun egoera batetik parekideagoa izango den egoera baterantz pausoak emateko; berdintasun formaletik berdintasun errealera igarotzeko tresna baliagarria izan liteke; baina ez da tresna eraginkorra izaten ari, batez ere Legea gauzatzeko borondate politikoa falta delako. Urteetan gerorako, biharko, utzi da eginkizun hau; baina bihar iritsi da, eta bihar orain da.