Alternatibako bozeramaile eta EHBilduren legebiltzarkide Oskar Matutek, koalizioko kide Dani Maezturekin batera, AHTren proiektua berehala gelditzea eskatu du eta bide batez, Europako Parlamentuan euskal Y-aren inguruan ikerketa sakona egiteko eskaera egingo dutela aurkeztu du.
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan ohi da. Eta horixe gertatu zen Legebiltzarrean, joan den ostegunean. Zenbaitetan herri ezberdin baterako proiektuak defenditzen dituztela antzezten duten horiek, berriro ere bat egin zuten mugagabeko garapen eredua babesteko. Enegarren aldiz bat egin zuten, abiadura handiko ‘Euskal Y’-a eraikitzen jarraitu ahal izateko.
Datu hutsek berez hitz egiten duten arren, ekonomikoki zein sozialki errentagarria ez dela izango badakiten arren, beren jarrera defendatzeko datu sendorik ez dutenez, falazia eta deskalifikazioa erabili zuten, defendatu ezin dena defendatzeko. EH Bildutik datuak eskatu genituen beste behin: konexio denborak, bidaiari eta merkantzia kopuruak, bidaia-txartelen salneurriak eta mantenu kostuak, besteak beste. Baina, beste behin, ez genuen erantzunik jaso.
Isiltasun hori susmagarria da oso. Lehenengo eta behin, Eusko Jaurlaritzaren inbertsioen %68 hartzen dituen obra kostuen eta onuren arteko azterketa zorrotzetan ez dela oinarritzen adierazte duelako. Hau da, 3.000 milioi euro baino gehiago gastatuak daudenean eta beste horrenbeste gastatzea aurreikusita dagoenean, dirutza hori gastatzea arrazoitzen duen ikerketa edo azterketa bat bera ere ez dago. Eraikuntza fasean eraikuntza enpresetan aritzen direnei errentagarritasun ekonomikoa etorriko zaiela dioten ikerketak baino ez daude. Ikastetxe edo ospitale bat eraikitzean, bere errentagarritasun sozialaren %98 bere eraikuntza fasean gertatzen dela esatea bezalakoxea da hori.
Baina, horrez gain, arrazoi gabeko gain-kostuez, modu artifizialean puztutako diru-partidez edo adjudikazio irregularrez hiru alderdi horiek gordetzen duten isiltasunak agerian uzten du Espainiako estatuan gertatzen den bezala, EAEn ere EAJk gastu publikoa onura pribatuekin lotzeko irizpidea duela azpiegituren alorrean. Eta hori gertatzen den bitartean, PPk eta PSEk ez dute gobernua kontrolatzeko lanik egiten, nahiz eta agerikoa izan diru publikoa xahutzen ari direla; azken baten, Espainian hain hedatua dagoen porlanaren kulturaren konplizeak ere badira.
EH Bildu ez da ezer egin gabe geratuko errealitate horren aurrean. Euskal gizartearentzat obra honek suposatzen duena salatzen jarraituko dugu. AHTren kilometro bakar bat egitea kostatzen denarekin, kontziliazio laguntza guztiei erantzun ahal izango zitzaien; AHTren eraikuntza lanetan dauden gain-kostuekin bakarrik osasun eta hezkuntza arloko langileen ordezkapenak ordaindu ahal izango ziren. Horregatik eskatu genuen joan den ostegunean obrak kautelaz gelditzea, obrak suposatzen dituen kostuen eta onuren arteko azterketa independentea esku artean izan arte. Era horretara jakin ahal izango dugu euskal gizarteak inoiz egin duen sakrifizio ekonomiko handienaren onura sozialak zeintzuk izango diren. Behin azterketa horren ondorioak ezagututa, erabakiak hartu behar direla uste dugu.
Baina berriro ere ezezko borobila izan zen jaso genuen erantzuna. Ezezkoa eman ziguten datu edo argumentu bat bera ere mahai gainean jarri gabe. Enpresa pribatuentzat dirua, gaur eguneko eta etorkizuneko ekonomia hipotekatzearen truke. Horregatik, gastu publikoa zentzuz egiteko aldarrikatzen dugu, AHT egiteko lanak irteerarik gabeko kale kantoia ez bihurtzea. Bizi dugun egoera ekonomiko eta soziala aintzat hartuko duen kostuen eta onuren arteko azterketa bat izan arte obrak gelditzearen alde egiten dugu, ‘Euskal Y’ gure Castelloko aireportua ez izateko. Eta behin azterketa horren ondorioak esku artean izanda, ezaugarri horietako obra batek suposatzen duen xahuketa ekonomikoa eta defizit soziala murrizteko erabaki zentzuzkoenak hartu ahal izateko.
Horregatik guztiarengatik, Europako Parlamentuari eskatuko diogu Eusko Jaurlaritzari eskatzea ‘Euskal Y’-ren kostuen eta onuren arteko azterketa zorrotza egitea; eta azterketa hori egiteko, neurri horretako azpiegiturentzat Europako Batzordeak daukan gida oinarri bezala erabiltzea. Azterketa hori egin ezean, era honetako azterketetan aritzen diren eragile sozialekin eta adituekin batzordea eratzea bultzatuko du EH Bilduk, tamaina honetako obrak euskal gizarteari suposatzen dion errentagarritasun edo defizit soziala zein den ezagutu ahal izateko.