Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak koalizioak proposatutako Alokairua Ordaintzeko Udal Laguntza Plana aurkeztu du. Bilboko gazte birekin batera, hauek etxebizitza baten alokairua ordaintzeko dituzten arazoetaz hitz egin du. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, gazteen langabezia tasak bikoiztu egiten du populazio osoarena.
Bilbo egoera horren adibide argia da. Gaur egun ia 8.000 gazte langabezian daude eta lan egiten dutenen artean prekarietatea da nagusi. Egoera horretan, eta kontuan izanda etxebizitzara bideratu beharreko soldataren zatia gehienez %30eko izatea gomendatzen dela, gazte batek egun duen soldataren bikoitza beharko luke etxebizitza libre bat alokatu ahal izateko. Izan ere, etxebizitza alokairuaren batezbesteko prezioa 925 eurokoa da.
Alokairua Ordaintzeko Udal Laguntza Programa
Egoera horren aurrean, eta beste udalerri batzuetan egin den bezala, Bilboko Udalak gazteriaren emantzipazio prozesuak bultzatzea helburu dituzten politikak abian jartzea proposatzen du EH Bilduk.
“Jakin badakigu hau ez dela soluzio bakarra eta behin betikoa gazteen emantzipazio arazoekin amaitzeko. Beste neurri askoren artean, ezinbestekoak dira zerga sistema eta aurrekontuen berregituraketa; etxebizitza eskubide subjektiboaren defentsa; etxebizitza babestuak soilik alokairukoak izateko politikak; etxebizitza hutsak behar sozialetara bideratzeko politikak” esan du Alba Fatuarte zinegotziak.
“Diru-laguntza zuzenak eskainiko dituen programa bat martxan jartzea behin-behineko abagune neurri bat dela uste dugu, baina era berean, guztiz beharrezkoa eta urgentziazkoa, egungo egoera sozioekonomikoa dela eta, gazteentzat ia ezinezkoa delako euren kabuz eta laguntzarik gabe emantzipatzea”, adierazi du Fatuartek.