Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba
Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiaren eskariz, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuak Ertzainek eta haien familiek ETAren mehatxuaren ondorioz jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena (1990-2011) egin du. Ondo deritzat gatazkak, eta ETAk konkretuki, sorturiko sufrikario osoa aztertzea eta ezagutaraztea.
Nago baina, azken urteetan onddoak bezala sorturiko institutuek eta idazkaritzek arreta gehiago jartzen dietela bidegabekeria mota batzuei besteei baino, egilea nor den arabera betiere. Batean eta bestean jarritako dirutza edo erabilitako bitartekoen desoreka nabarmena da gainera. Hor dabiltza zenbait ikerle boluntario, zailtasunak zailtasun eta musu-truk, memoria historikoa lantzen edo torturaren mapa ikusezina aztertzen –Europak zortzigarrengoz zigortu du Espainia, tortura ez ikertzeagatik–, eta beste batzuk, berriz, baliabide guztiekin hileroko soldata jasotzen.
Areago, oso deigarria egiten zait zein arreta gutxi jartzen zaion, terrorismoaren aitzakiaz, urteetan ezarri eta gorpuztu diren lege eta jarrera errepresiboen ezabatzeari, salbuespenekoak omen zirenak, baina betiko geratu direnak. Lege horiek ez dute eraginik bizikidetzan? Honezkero badira hauxe diotenak: ETA desagertu da baina orain arrisku jihadistari aurre egin behar diogu.
Jarrai dezagun Ertzaintzak urte horietan izandako deserrotze, ikusezin eta gainerako arazoekin. Bistan da, tamalez hori dena gertatua dela, baina nago ere, dena ez dela ETAren eta bere “aldeko”en erantzukizuna. Ertzaintzak bere jarduerarekin badu bere ardura –zer esanik ez beste bi polizia motak– deserrotze eta gizarteratzeko arazoekin. Duela pare bat urte Kukutzaren gatazkaren inguruan orriotan gogor salatu nuen Ertzaintzaren jarduera.
Ertzaintza (polizia guztiak) injustizia ugari eragiten duen sistemaren adar bat da. Horrek ezinbestez gizartearen zati batekiko deserrotzea, are, areriotasuna, dakarkio. Galdetu greba batean astindutako langileei zeinen alde egiten duen Ertzaintzak. Askotan, gainera, ordenak betetzetik baino harago joan da. Gogoratzen dut AHTren aurkako manifa baketsu batean atxilotutako lagunak Auzitegi Nazionalaren eskuetan jarri zituela Ertzaintzak. Antzekoa munduko beste poliziei buruz. Los Angelesko polizia buruak sarri kexu dira, herritarrek sistemarekiko amorrua beraien aurka bideratzen dutelako. Frantzian gertatzen ari diren istiluetan ere, polizia askoren kexuak entzun ditugu. Ez omen dituzte merezi manifestarien herra eta erantzun bortitza. Zer esan Mossos d´Esquadraren jarduerari buruz. Batzuek eta besteek, ordea, ez diote galdetzen beren buruari ospe txar horren zergatia. Hor datza gakoa.
Argian argitaratua