PSOEren botoei eta EAJren zein CiUren abstentzioari esker Espainiako Kongresuak onartu duen lan erreformak lan merkatuan oinarrizko zenbait aldaketa ekarriko ditu. Sindikatuen arabera, langileen eskubideak urratzen ditu, kaleratzea merkatzen duelako, lan egonkortasunik eza areagotzen duelako eta negoziazio kolektiboa arriskuan jartzen duelako.
Espainiako Gobernuak bultzatutako lan erreforma irailaren 9an berretsi zuen Espainiako Kongresuak, soilik PSOEren aldeko 168 botorekin eta 173 abstentziorekin –tartean EAJ eta CiUrenak–. ERC-IU-ICV, BNG eta Na-Bai-ren zortzi parlamentariek kontra bozkatu zuten.
Langileek eta sindikatuek gaitziturik hartu dute erreforma eta enpresariek, aldiz, ondo hartu dute –aldaketa sakonagoak nahi dituzten arren–. Sindikatuek kaleratzea merkatzea eta lanaren egonkortasunik eza areagotzea salatu dute. Enpresarioek, neurri zorrotzagoak nahi bazituzten ere, badakite neurri berriok ziurtasun eta segurantza handiagoa ematen dietela.
Lan erreformaren funtsezko beste alderdietako bat negoziazio kolektiboarena da. Erreforma indarrean jarri eta sei hilabeteko epea izango dute patronalak eta sindikatuek gai horri buruzko akordio batera iristeko. Tarte horretan akordiorik lortu ezean, gobernuak bere erreforma ezarri beharko luke.
Langileen eta abertzaleen aurkako erreforma honek dagoeneko bi greba orokor eragin ditu Hego Euskal Herrian, iragan maiatzean eta uztailean sindikatu abertzaleek deitu zituztenak. Sindikatu abertzaleen arabera, lan erreforma hau “trantsizio hasieratik hona izandako lan eskubideen urraketarik larriena” da. Irailaren 29an CCOO eta UGT sindikatuek beste greba orokor bat deitu dute Espainiako Estatu osoan.
Galerak aurreikustea nahikoa da kaleratzeko
Onartutako lan erreformak jasotzen duen gairik polemikoena eta onarpen gutxien duena kaleratze objektiboaren arrazoiak dira. Erreformaren bidez, enpresarioentzat errazagoa eta merkeagoa da kaleratzea. Onartutako testuaren arabera, “benetako edo aurreikusitako galerak, edo diru sarrera mailaren murrizte iraunkorra” izanez gero, enpresek bidezko arrazoi ekonomikoengatik langileak kaleratzeko aukera izango dute. Gobernuaren jatorrizko dekretuak “egoera ekonomiko negatiboa” zuen hizpide. EAJrekin burututako zuzenketaren ondoren dekretua zehaztu izanak epaileei bidezko kaleratzeak onartzeko atea zabaldu die. Bidezko kaleratzeak askoz merkeagoak dira (20 egun lan egindako urteko, gehienez 12 hilabete) kaleratze bidegabeak baino (45 egun eta 42 hilabete gehienez, edo 33 egun eta 24 hilabete gehienez, kontratu mugagabe motaren arabera).
EAJk aurkeztutako eta PSOEk onartutako 185. zuzenketari dagokion testuak hauxe dio literalki: “Kaleratzeko arrazoi ekonomikoak daudela ulertzen da, enpresaren emaitzek egoera ekonomikoa negatiboa adierazten dutenean, hala nola enpresaren bideragarritasuna eta enplegu bolumenari eusteko ahalmena arriskuan jar dezaketen galerak daudenean edo aurreikusten direnean nahiz diru sarrera mailaren murrizte iraunkorra gertatzen denean. Horretarako, enpresak aipatutako emaitzak egiaztatu beharko ditu eta emaitza horien ondorioz, merkatuen duen toki lehiakorrari eusteko edo mesede egiteko kaleratzea arrazoizkoa dela justifikatu beharko du”.
Absentismoa bidezko kaleratzeak egiteko arrazoia izan daiteke
Erreforma guztietan, patronalaren eta zenbait alderdiren, esaterako, CiUren kezka nagusietakoa lan absentismoa izan da, azken urteetan behera egin duen arren. Erreforma honetan ere gai hau jorratu dute. Hala, erreformak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko mediku ikuskatzaileei urtebetez azpiko ezgaitasunetan alta emateko ahalmen handiagoa ematen die. Horrez gain, enpresa batek izan ditzakeen behin behineko bajen batez bestekoaren muga %5etik %2,5era jaitsi da, %20tik gorako absentismoa duten langileak bidezko moduan kaleratu ahal izateko, bajak justifikatuta egon arren.
Barne malgutasuna
Patronalaren beste eztabaidagai nagusietako bat da malgutasuna. CiUk interes handia du gai honetan eta, ordutegia, lanpostuak edo txandak aldatzerakoan langileen eta enpresarioen arteko akordiorik ez balego, azken horien erabakia lehenestea proposatu zuen. Enplegatuari epaileengana jotzeko aukera geratuko litzaioke baina horrek ez zuen neurri patronala geldiaraziko. Azkenean, PSOEren irizpidea nagusitu zen. Hala ere, bi parteek arbitro batengana jo ahal izango dute auzitegietara jo baino lehen.
Kaleratzearen diru laguntza eta langabezia sariak
Erreforma indarrean jarri ondoren sinatutako eta gutxienez urtebeteko iraupena izandako kontratua eteteko arrazoi objektiboak argudiatzen dituzten enpresarioek FOGASA Soldatak Bermatzeko Funtsaren diru-laguntza jasoko du, lan egindako urteko zortzi eguni dagokiona. Gainerakoa, kaleratzea bidezkoa edo bidegabea izan, enpresarioak ordaindu beharko du. Langabezia sariei dagokienez, enpleguak gora egin bezain pronto, langabezia sari eta diru-laguntza sistema erreformatzeko konpromisoa hartu du Gobernuak, langabetuak lana bilatzerakoan eta jardueretan –prestakuntza ikastaroetan eta abarretan– gehiago inplika daitezen.
Bestalde, Kontratazio iraunkorra bultzatzeko, gobernuak kaleratzeagatik 33 eguneko indemnizazioa jasotzen duen kontratua zabaldu nahi du.