Joxe Iriarte ‘Bikila’
1994. Mexiko ustez otzandu eta baretu batean, Salinas de Gortadi presidente neoliberalak sinatu berria du TLCAN- NAFTA ituna. Amaitutzat ematen da Pancho Villa eta Emiliano Zapataren iraultzaren hondarrean Lázaro Cárdenasek baliabide energetiko eta indar produktibo nagusiak nazionalizatuta eraikitako ongizateko estatu paternalista eta abertzalea. Kapital transnazionalei (eta bertako oligarkiei) parez pare irekitzen zaizkio ateak ondare nazionalak pribatizatzeko eta ustiatzeko.
Supituki, Emiliano Zapata ikur Lacandona oihanetik beren buruak mozorrotuta daramaten indigenek osaturiko armada batek (EZLN) San Cristóbal de las Casas bere egiten du, Lurra eta askatasuna! aldarri. Armada horrek ez du zer ikusterik ohiko gerrila-rekin. Izaera indigena du eta bere helburua ez da Estatu boterea bere egitea, botereari aurre egitea baizik.
Eta gu harri eta zur.
Harez geroztik EZLNk bidea egin du Chiapas lurraldean, komunitate indigenen auto-antolakuntza babestuz eta komunitatea helburu duen filosofian oinarrituriko obedecer mandando (aginduz obeditu) xedez eraturiko gobernu autonomoak (caracolak) osatuz. Alabaina ez da mugatu liberatutako txokoan goxo egotera. Gai izan da La sesta deituriko internazional sarea sustatzeko, baita egoeraren arabera Mexiko osorako ekimenak antolatzeko ere aldian-aldian. 2006an izugarrizko arrakasta izan zuen La Otra Campaña Mexiko osoan era askotariko komunitate eta talde desberdinen laguntza eta sostengua lortuz.
2016. Mexikok amildegiaren ertzean dagoen traza guztiak ditu. Instituzioak pipiak janda daude; ustelkeria da nagusi politikan eta herrian miseria; baliabide naturalen ustiaketa basatia aurrera doa komunitateak deseginez; gizartea militarizatu egin da narkoei aurre egiteko aitzakiaz, eta indar parapolizialen jazarpen hiltzailea nonahi dago. “Emakumezidioa” ahaztu gabe.
Berriro, ustekabean, ohiko abstentzioa alde batera utziz, izugarrizko lurrikara politikoa eragin du EZLNk eta CNIk (Indigenen Biltzar Nazionala) hauteskundeetan parte hartuko dutela adierazi izanak, komunitate auto-antolatuak oinarri, presidentegaia emakume indigena izango dutelarik.
Eta gu aho bete hortz.
Eliteen erantzuna. Mespretxua, arrazakeria eta misoginia. Castillas 1 (gazteleraz, alegia) erdipurdi hitz egingo duen emakume ezjakin bat presidente gai? Izorratuenenean, berriz, poza eta itxaropena.
(1) Galeano (lehen Marcos) subkomandanteak ohiko zuhurtziarekin erantzun die: emakume horrek agian ez du castilla-z egoki hitz egingo, baina argi eta garbi bai, eta denok ulertzen dugu. Zuen erretolika ikasia, aldiz, hutsala, iluna eta ulertezina da herriarentzat. Horra diferentzia!
Argian argitaratua