Aurreko batean lagun batek aipatzen zuen zenbat eskale zebilen herriko kaleetan eta kezka agertzen zuen txiro horiekin nolabaiteko laguntza politika egiten ote zen. Gogoratu nuen orduan nerabe garaian Quevedoren El Buscón edo Tormesko Itsumutila irakurtzerakoan eskaleen agerpena nola harritzen ninduen, aspaldiko garaietako irudikapen baten modura. Frankismoak txiroak ere hartu zituen kontuan eta 50eko hamarkadan “eguberrietan jar ezazu pobre bat zure mahaian” kanpaina bultzatu zuen, aberatsek bihozberatasuna eta karitatea erakuts dezaten egun seinalatu horietan. Berlangak filma ederra egin zuen horren gainean, Placido. Zorionez ez nuen halakorik ezagutzen, krisiak jota zegoen langile auzo eta herri batekoa izan arren. Pobreziaren ideia ez zen miseriarena, pobrezia gehiago zen langileen etxeetan egon zitekeen eskasia aberatsekin konparatuz. Eskaleak ia ia literaturaren mundukoak ziren.
Ipuin zaharretan ere ohikoak dira eskaleak, txiroak, bazterreko pertsonaiak, hamaika pasadizo bizi dituztenak euren egoeratik irteteko. Txiroak dira protagonista eta elkartasuna dute lagun beren abenturetan. Emakume eskaleak lagunduko dio protagonistari bere egoera aldatzen, haren eskuzabaltasunaren ordain gisa. Ezerezaren bizimoduan aberastasuna elkar laguntza da. Ipuin zaharretan ez dago karitaterik, elkartasuna baizik, bestearenganako arreta. Pobreak ez dira aberatsen mahaietan esertzen haien kontzientzia zuritzeko, mahaia hartu egiten dute. Kontalariak horien ahotsa transmitituko du.
Joxemari Carrere Alternatibako kidearen blogean argitaratutakoa