Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatiba
Karl Marxek zioenez, sabela hutsik ezin da filosofian murgildu. Giza Eskubideen Kartak oinarrikotzat jotzen du, besteen artean, gizakiak ondo elikatzeko duen eskubidea. Aurtengo urrian mendeurrena egingo duen Lehen Iraultza Sozialista, “ogia, bakea eta askatasuna!” aldarriekin hasi zen.
Alabaina, kapitalismo gerrazale eta neo-liberalaren hegemonia itogarriaren garaiotan geroz eta zailagoa zaigu eskubideak modu banaezinean uztartzea. Kapitalismoak, bata edo bestea, eskubide desberdinen artean aukeratzera behartzen gaitu. Adibide batzuk: lanpostuak (ogia) ala ingurumena (osasuna). Ikatz meategi kutsatzaileak, fracking-a, zentral nuklearrak edo automobil gehiago produzitzea. Bestea, ogia edo giza eskubideak: armagintza, aeronautika militarra, lehergailu lantegiak eta abar.
Tranpa horretatik ezin atera dabiltza ia sindikatu guztiak, beste kontsiderazioen gainetik lanpostuei lehentasuna ematen diotenean. Lehentasuna, nahiz eta kongresuetan bere egiten duten garapen jasangarriaren kontzeptua. Zer esanik ez, alderdi politikoak, gehienak boto emaileen iritzien zordun. Badaude salbuespenak. Ezagutzen dut Leongo alkate ekologista bat, zeinak itxitako meategia irekitzeari uko egiteagatik, bere herriko biztanleek ia lintxatu zuten. Jakina, alkatetza galdu zuen.
Dilema larri horretan harrapatuta ikusi nuen Podemoseko Jose Maria Gonzalez Kichi, Cadizko alkatea, Jordi Ebolek oso modu zorrotzean galdetu zionean: “Aspaldiko antimilitarista eta giza eskubideen aldeko ekintzailea, eta halaber Espainiako langabezia-tasa handiena duen Cadizko alkatea. Ados zaude Saudi Arabiako monarkia misogino giza eskubide bortxatzailea izanda, harekin Cadizko ontziolan gerraontzi militarrak eraikitzeko?”. “Bai. Gure langileek behar dituzte lanpostu horiek”. Erantzunak ez ninduen harritu, bai ordea, penatu.
Kichi alkatea ez baita ohiko politikaria. Zintzoa da, bere herriari emana, instituzioen errapetik edaten ez duena eta segur aski alkatetza uzten duenean bere ogibidera eta oinarriko militantziara itzuliko den horietakoa. Patuak edo dena delakoak libra nazala batzuen giza eskubideak besteenaren gainetik hautatu edo jarri beharreko ataka gaitzetik. Zalantzak zalantza, uste dut badaudela zeharkatu ezin diren marrak (gorriak?), eta horietako bat da ezin dela, soldata baten truk urrutiko gizakiak zanpatzeko erabiltzen den tresneria fabrikatzearekin bat egin.
Beste bideak. Borrokatu dezagun, esate baterako Oinarrizko Errenta Unibertsalaren alde. Horrek herritarroi emango liguke, kaltegarriak, arriskutsuegiak edo beharrezkoak ez diren industriei muzin egiteko aukera. Errenta horren nondik norakoak beste baterako.
Argia-n argitaratua