Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba
Arreta eta plazer handiz, are miresmenez, irakurtzen dut Anjel Lertxundik idazten dituen zutabe jori eta zorrotzak. Beti eragiten dit zer pentsatua. Eta oraingoan ere bai. Duela egun batzuk hauxe zioskun: “Eta salbuespenik mirari, langile mundua, koipez belztua eta bestelakoa, ez da gure obretan ageri, esku langile gutxi dabil gure orrietan: langile klasea missing dago gure iruditeria literarioan. Langilea klasea espresioa bera ere desagertu egin da panorama kulturaletik, diskurtso sozialetik, jardun politikotik”.
Bai eta ez; alde batetik ados bestetik ez, edo ez behintzat modu hain drastikoan. Esan nahi dut, gure hurbileko langileriari begiratzen badiegu, egia da, izorratua baina bere klase izaeraz harro zen giza talde hark, asko aldatu dela itxuraz, jarreraz eta jardueraz. Izan ere, industria lantegi handietan metatuta edo enpresa ertain eta txikietan pilatuta, gure geografia osoan zabaltzen eta agertzen zen lantegi panorama hura ia desagertua dago. Baita, langile mota hura, ia guztiz maskulinoa, eguerdiro eta arratsaldero gure herritako tabernetako txikiteoaren liturgian murgiltzen zena futbolaz eta politikaz sutsuki eztabaidatzeko.
Baina langileria hor dirau. Izan finko, izan prekario; kontratua bukatuko zaiolako edo lantegia deslokalizatuko ote dioten etorkizunari beldur, baina bere izerditik bizi den langilez inguratuta bizi gara; turismo egitea goazen tokietako ostalaritzan edo supermerkatuetan; gure inguruko saltokietan, industria poligonoetan, errepideak artatzen, mendi lanetan, neskame klase ertaineko eta ez hain ertaineko etxeetan, edo zahar-etxetan (zuriz jantzita baina presaka eta korrika adinekoen beharrei ezin helduz) edo kaleetan zaharren zaintzan, edo langabe alderrai, erreserba armada bihurtuz. Gainera, langileriak inoiz baino gehiago hartu du emakume aurpegia. Horrek bihurtzen du ere ikusezinagoa.
Ikusezinagoa baina aldi berean kalean presente, ikusi nahi duenentzat. Adibidez, Bizkaia osokoak Bilboko kaleetan, eta astelehenero eta asteartero Errenteriako udaletxearen aurrean elkartzen dira zahar-etxetako langileek (ia denak emakumeak) soldata eta lan baldintza duinen alde. Eta gure begirada mundu osora zabaltzen badugu gure aspaldiko itxurekin ikusiko ditugu Hegoafrikako meatze zuloetan edo Txinako industria astuneko guneetan, edo Arabiar penintsulako petrolio prospekzioetan, edo Hego Amerikako laborantza industrialeko zelaietan. Inoiz ez da ezagutu egungo langile klasearen zabalkuntza eta kopurua munduan zehar. Beste upeleko kontua dugu mugimendu izaeraren aldetik, eta bere eragin soziopolitikoaren aldetik, batez ere Europan. Hots. Langile mugimenduaren sorlekuan. Hasi ezkerreko alderditik, garai batean ia denak klase izaeran oinarritzen zirenak eta amaitu sindikatuekin, aldaketa nabarmena da. Adibide bat dira Maiatzaren leheneko garai bateko manifestaldi borrokalarien eta egungo manifa erritualizatuen aldea. Bestea, badela urte batzuk ez direla greba gogorrak egin, gehienetan greba bakoitzak beren aldetik ia isolaturik egiten direla. Hala ere, ez dezagun behar baino txikiagotu bere eitea eta egitea. Dena ez da itzala. Badaude argitara azaltzen diren uneak. Nahikoa izan da ELA bezalako sindikatu batek jaurlaritzari patronalaren alde ari dela leporatzea, klase borroka ere eremu politikoan islatzeko. Horrek asko haserretu du jaurlaritza eta patronala. Kontua da, badela garaia sindikatuek neguko kuartelak utzi eta neguko palazioak erasotzeko.
Eta literaturan? Zoritxarrez eremu horretan arrazoi handigoa du Anjelek. Ez dator, ez, oparo langile literatura euskal letretan. Garai batean langile munduak literaturan zuen garrantzia ia desagertu da munduan eta are gurean. Gorkiren Ama edo Zolaren Germinal, edo Jack Londonen Burdinazko orpoa bezalako lanak jada ez direla idazten. XIX. eta XX. mendeetan ez bezala, gaur egun langileria demode edo boladaz kanpokotzat jotzen da. Batez ere belaunaldi berrian. Hortik kontuak! Gabriel Aresti, Koldo Izagirre eta bakan batzuk izan ezik, gure idazleek ia ez dute aintzakotzat hartu literatura mota hau. Ez atzo langile mugimendua epikarako ematen zuenean ezta gaurko garai hitsetan. Eta ez da literaturaren aldetik berezko interesa ez duelako.
Nire uste apalean, mundu horrekiko historiak eta istorioek askotarako eman dute, edota eman lezakete, idazlearen trebetasunaren baitan. Horregatik idatzi nuen Kamaradak eleberria. Nerbioi ibaia ardatz duen eremua leku aproposa iruditu zitzaidan joan den mendeko laurogeigarren hamarkadaren inguruko langile gatazka harrigarrienen istorioak deskribatzeko. Bertan izan baita euskal langile mugimendu potente eta epikoena (agian ez politizatuena; seguru aski, Errenteria inguruko langileak gehiago inplikatu ziren politikan). Baita ere langile mugimenduaren ondoratzearen ondorio larrienak, drogamenpekotasunaren ilunpeak, langabeziak eta bazterkeriak sortutako fenotipo bitxienak, txirotasun narrasena, bertan ditugu, dudarik gabe.
Zergatik aukeratu nuen langile mugimenduan oinarrituriko eleberri bat idaztea? Gogoa nuelako eta une batez iruditu zitzaidalako, neuk ez banion ekiten lan horri beste inork, edo inor gutxik, ez ziola ekingo. Eta zoritxarrez, halaxe izan da.Nahiko nuke nik baino talentu gehiago duen beste batek segida hartuko balio eta, gatazkaren inguruan gertatu den bezala, langile mugimenduan oinarrituriko obra bikain bat burutuko balu.