Apirilaren 30ean, hiru urte beteko ditu Donostiako Udalak kalamu elkarteen egoera erregulatzeko onartutako araudiak, aho batez onartua eta Estatuko lehena. Arautegia EH Bilduko Udal Gobernuaren ekimena izan bazen ere, eskerrak emateko modukoa izan zen gainerako talde politikoen jarrera, baita udal zerbitzu juridikoena ere.
Donostiako Udalak onetsitako araudia aurrera pauso handia izan zen, izan ere, kalamuaren gaia aspalditik dago bi agendatan: publikoan eta politikoan. Bi horietan, eta gaur egungo marko politiko-juridikoan, kalamuaren kontsumoak eta banaketak zailtasun handiak dituzte. Oztopoak oztopo, arautegia onartuta, esan behar dugu asmatu genuela. Araudiak, hain zuzen, honako helburu hauek zituen: eskubide zibilak handitzea; paradigma aldaketa bat egitea; arriskuak gutxitzea eta debate publikoa egitea.
Eskubide zibilak handitzeari dagokionez, handitzearen helburua zen herritarren eskubideak — kalamu-kontsumitzaileenak, zehazki – bermatzea. Izan ere, garai hartan, Espainiako Gobernua eskubide zibilak murrizten ari zen. Murrizketen adibide ziren Zigor Kodearen erreforma eta Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea, besteak beste. Murrizketen aurrean, Donostiako Udalak, kalamu elkarteetarako araudiaren bidez, kalamua kontsumitzen zutenei babes politikoa eta juridikoa eman nahi zien, betiere beren eskubideak aitortuz. Udalak, halaber, gizarte zibilari mezu bat, giza eskubideak indartzeko beharrarena, helarazi nahi zion.
Paradigma aldaketara etorrita, esan gabe doa zeintzuk izan diren administrazio publikoen jarreraren oinarriak: debekuan oinarritzea eta drogen kontrako politikak egitea. Bi funts horiek, funtsean, zigortzaileak dira. Eta, zigor horien aurrean, Donostiako Udalak araudian, legezko testuan, babes juridiko-politikoa ematen zien kalamu elkarteei.
Arriskuak gutxitzeari begira, drogen kontra egiten den edozein politikaren helburuak arriskuak —ukaezinak direnak- txikitzea beharko luke izan. Gainera, politika horrek onartu beharko lituzke kalamu bazkunek perilak gutxitzeko duten gaitasuna: kontsumitzaileak merkatu beltzetik ateratzearena.
Debate publikoa egitearen aldetik, kalamu elkarteak erregulatzeko, ezinbestekoa da publikoki —baita politikoki ere eztabaidatzea. Izan ere, jakin badakigu gai honen kudeaketa udal administraziotik haragokoa dela eta ezin dela soilik hirigintzako araudi batean kudeatu.
Behin Donostiako Udalak onetsitako araudiak hiru urte beteta eta hori hainbat udalek eredu gisa hartuta, Espainiako Gobernuak arautegiaren kontra errekurtsoa aurkeztu zuen Justizi Auzitegi Nagusian, lehenik. Ondoren, bertan auzia galdu eta gero, Gobernuak Auzitegi Gorenera jo du.
Egia esan, ez naute Espainiako Gobernuaren arestiko bi helegiteek harritzen. Izan ere, Gobernuak gai honetan beste gai batzuetan bezala jokatu du. Jokaera horrekin, auzitegiak baliatuz, herritarroi gure eskubideak ukatu nahi dizkigu; ez baita debate politikoan parte hartzeko gai. Espainiako Gobernua ez da gai jendarte heldu batek eskatzen duen eztabaida politikoa irekitzeko. Gizarte zibilak, tokiko erakundeekin batera, jarraitu beharko du lanean aurrerapauso gehiago eman ahal izateko.
BERRIAn argitaratua