Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatiba
Zuria, faltsua dela zioen Orixek. Izan ingurumen arloan, izan genero zapalkuntzaren arloan, nazkatua nago instituzio batzuei darien zurikeriarekin. Eguneroko ogia bihurtu zaigu gauza bat esan eta bestea egitea. Esate baterako, uda honetako jai guztietan: jaia berdintasunean leloa entzun dugu ia udal guztietako arduradunen ahoetatik. Beraz, erbesteratu egin behar omen dugu gure jaietatik generoarekin zerikusirik duen edozein bortizkeria mota. Alabaina, diskurtso horrek ez du, dirudienez, zerikusirik Hondarribiko eta Irungo alardeekin gertatzen denarekin. Alegia, emakume izatetik baztertua izatea herriko jaiaren ekimen garrantzitsuenean.
Askotan entzun dugu, generoen arteko indarkeria edo diskriminazioaren atzean dagoena botere kontua dela. Botere ekonomikoa, fisikoa, psikologikoa eta kulturala. Irungo eta Hondarribiko herri tradizioaren inguruan gauzaturiko botere faktikoek oso argi ikusi zuten Alardearen auzian beren botere kulturala zalantzan jartzen zela eta, zoritxarrez, gurean ere hain errotua dagoen sen gregarioaz baliatu ziren (horien artean emakume askorenak ere) alarde parekidearen aurka era guztietako biolentzia motaz oldartzeko. Argitu iezadazue bestela, urte guzti hauetan Alarde parekidekoak jasandakoa, biolentzia ez bada, zer arraio den. Arantxa Urretabizkaiari eta Ixabel Alkaini egindako elkarrizketan eta, batez ere, Arantxaren azken eleberrian (Bidean ikasi nuena) azaltzen den guztia nahiko froga ez bada.
Ni neu, nire aldetik, gatazka sortu zenetik bertatik bertara ikusi dut bi herrietako Alarde parekideen aldekoek sufritu izan dutena. Plastiko beltzarena icebergaren tontorra besterik ez da. Eta hori dena Hondarribiko eta Irungo udalen konplizitatearekin eta Aldundiaren bestaldera begiratzearekin. Irailaren 8an Hondarribiko alkatea ausartuko al da esatera sexu erasorik gabeko jaiak nahi dituela? Alarde parekidekoek Ertzaintzaren zaintzapean desfilatzea behartuta jarraitzen duten bitartean eta, gainera, udalak bizkarra ematen jarraitzen dienean.
Irakurri BERRIAn