Abenduaren 19an eta 20an, Alternatibak “Jaizkibel konpainia” komikiaren aurkezpena egingo du Gasteizen eta Oiartzunen. Liburuak Hondarribiko alardearen historia jorratzen du, jatorrizko gertaera historikoetatik abiatuta, irailaren 8an urtero gogora ekartzen direnak, eta azken hamarkadetan herriko jaiak parekidetasunean bizitzeko hainbat emakume eta gizonek abiatutako borrokarekin amaituta.
Egilea, Iñigo Goicocechea “Galgó” marrazkilari hondarribiarra, aurkezpen ekitaldietan izango da, eta ikerketa lanaren zein sorkuntza grafikoaren berri emango du. Komikia auto-edizioaren bidez argitara eman da, besteak beste, Alternatiba bezalako eragileen laguntzarekin, Jaizkibel konpainiaren borrokarekin aspalditik agertutako konpromisoarekin bat eginda.
Gasteizko ekitaldia hilaren 19an, asteartea, egingo da, alderdiaren egoitzan (Los Herran kaleko 25.eko behealdean) arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Hurrengo egunean, Oiartzunera (Gipuzkoa) eramango da aurkezpena, Manuel Lekuona udal liburutegira hain zuzen eta ordu berean, 19:00etan, hasita.
Ekitaldiotan komikia erosteko aukera izango dute bertaratutakoek. Salmentarekin bildutako dirua, osorik, Jaizkibiel Konpainiarentzat bideratuko da. Informazio gehiago nahi dutenek edota egilea elkarrizketatu nahi duten hedabideek, aski dute Alternatibaren komunikazio taldearekin harremanetan jartzea.
|