Ezer gutxi aurreratu dugu. Bi mila urte eta gero, Eusko Jaurlaritzak Pablo de Tarsoren hitzak berrartu ditu: “Ez dezala jan lanik egiten ez duenak”. Lan-eskaintza bati uko egiten dionak Oinarrizko Errenta galduko du eta erabaki horrek langabezia-prestazioarengan ere eragina izan lezake. Sorospen hau, beste batzuen artean, herritarrei beharrezko ondasunak bermatzeko helburua duen gutxieneko soldata da. Modu honetan, mezu argia helarazten dute: ez diogu zertan biziraupena bermatu behar edozein lan ordaindu onartzen ez duenari.
Parentesi bat. “Lan ordaindua” erabiltzen dut murriztaile eta baztertzailetzat jotzen dudalako “lana” eta “lan-kontratua” parekatzea. Eusko Jaurlaritzak ez du aintzat hartzen behar ordaindutik kanpo, beste lan mota batzuk badaudela, besteak beste, boluntarioak edota etxeko lanak. Baina, “zer dela eta sartu behar dira gizakiak egiten dituen jarduera probetxugarri guztiak lan-kontratu baten barruan?”, Claus Offe soziologoak galdetu zuen legez. Murrizketa hau ontzat joz gero, honako paradoxa honekin topo egin dezakegu: bere etxean ordu jakin batzuetan lanak egiten dituen lagun bat ez da beharrean ari, baina, diru kopuru baten truke, zeregin berberak beste etxe batean egiten baditu, lanbide bat dauka. Hau da, lanaren definizioa merkatuaren eskuetan uzten dugu. Izan ere, merkatuak agintzen du zeintzuk diren ordaindu beharreko lanak.
Hasieran esandakoari berrekinez, badirudi Gemma Zabaleta sailburuak uste duela biziraupenak kontrapartida bat eskatzen duela. Beraz, lagun horrek jan nahi badu, edozein lan-kontratu hartzeko prest egon behar da, baita baldintza prekarioak dituztenak ere. Antza denez, euskal Administrazioarentzat buruhaustea suposatzen du txiro batek jatekoa izatea ordaindu gabeko lan bati ekinez. Hala ere, arazo hau ez da gainontzeko gizarte-mailetan ematen. Klase horietan badaude, lan egin ez arren, jaten dutenak, kapitala edo lurrak dituztelako. Arazoa pobreak dira, berriz ere.
Azken hilabeteotan kanpaina politiko eta mediatiko ikaragarria burutu da jendeak onar dezan gutxien dutenei dagozkien laguntza publikoak kentzeko beharra. Kanpaina hura prestazioei lotutako ustezko iruzur masiboan oinarritu dute. Ez da zaila zabaldutako gezurra bertan behera uztea. Oinarrizko Errentaren inguruko iruzurra ez da %2ra heltzen. Hartzaile guztiei ikerketa bana egiten zaie urtean behin gutxienez. Kapitalari lotutako errenten azterketak, berriz, %1,2 baino ez dira. Nortzuk ikuskatu beharko lituzke Administrazioak?
Harridura sortzen du ikusteak ordaindutako lan bat aurkitzeko gai ez diren Oinarrizko Errentaren hartzaileak kolokan jartzen dituzten bitartean, politikari berek erretiro adina atzeratzeko neurriak onartu izana, lan-merkatura sartzeko aukerak are gehiago murriztuz, hain zuzen ere.
Berbaldi honek bere oinarria dauka pobreziaren tranpa delakoan: baldintzatutako laguntza berdintzen ez duen ordaindutako lanaren bilaketa zailtzen da. Hala ere, ezin daiteke tranpa horri aurre egin langileei baldintza kaskarrak eta gaizki ordainduak dauden lanak hartzera behartuz. Horrek enpresarien ideologiari amore ematea suposatzen du. Izan ere, Confebask-ek konplexurik gabe azaldu zuen: “Kontuan hartu behar da laguntza mailak askotan baldintzatzen duela lanari ekiteko premia”. Tristea da Eusko Jaurlaritzak pobrezi-mugan dauden zabor kontratuen aurrean kezkatu beharrean, baldintza prekarioei ezezkoa ematea ahalbidetzen duen laguntza baten inguruan aritzen ikustea.
Hori baita iragarritako neurriaren ondorio beldurgarri bakarra: askatasunaren galera. Edozein lagunek ez baditu asetuta aurrera egin ahal izateko gutxieneko baldintzak, ez dauka benetako askatasunik, beharrizanek aukeratzeko askatasuna baldintzatzen dutelako. Edozein lanpostu hartzera behartzeak enpresariaren nagusitasuna berrindartzen du lan-harremanetan eta langileen jarrera are gehiago ahulduko du negoziatzeko orduan.
Helburua pobreziaren tranpari eta ustez baldintzatutako laguntzek suposatzen duten oztopoari aurre egitea izango balitz, Jaurlaritzak Hiritartasun Oinarrizko Errentaren alde egin lezake. “Bermatutako gutxieneko errenta honek hiru desberdintasun nagusi ditu Europako zenbait estatutan gaur egun dutenerakin alderatuta. Hasteko, norbanakoei ordaintzen zaie eta ez familiei; bestalde, gainontzeko errenta iturrietatik aparte ordaintzen da; azkenik, hartzaileak ez dauka zertan lanik egin behar edota eskainitako lan bat onartzeko borondaterik erakutsi behar”, Basic Income Earth Network-en definizioaren arabera.
Formula honek askatasunez jokatzeko baldintzak bermatzen ditu: %100eko estaldura ezartzen du; kontrol iraingarriak baztertzen ditu; aberastasunaren banaketa hobea bermatzen du; Administrazioari dirua aurrezten laguntzen dio; autoenplegua, lanaldi partziala eta arriskua bultzatzen ditu; borondatezko zein etxeko lanak aintzat hartzen ditu; iruzurra desagertarazi eta pobreziaren tranpari aurre egiten dizkie. Hiritartasun Oinarrizko Errenta gauzatzeak ez du oztopo teknikorik, baina bai oztopo politiko ugari. Hobeto daudenek ezin dute onartu, besterik gabe.