Ongizate estatuaren desegite prozesuak aurrera darrai. Iragan astean, gure begien parean gorpuzten ikusteko aukera izan genuen. Izan ere, kapitalismo basatirako bidean hartu den trenaren isla baino ez da Bizkaiko Batzar Nagusiek onartuko duten Mendekotasuna duten Pertsonen eta Ezinduen Egoera eta Beharrizanen Txostena.
Txostenak zaintza lanetan eredu mistoa sustatzea bultzatuko du hemendik aurrera egingo diren arauetan. Hau da, kudeaketa publikoa eta pribatua uztartuko ditu. Hala, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema publikoa sortzeari uko egingo zaio, eredu pribatua zabaltzeko asmoz. Txosten berriaren Alde agertu direnek zaila izango dute herritarrei azaltzea ongizate kolektiboan atzera egin izana. Guretzat bidegabekeria besterik ez da, izaera publikoa duenaren aurkako bidegabekeria.
Kapital metaketaren eta erantzukizun publikoa murriztearen aldeko apustuak berretsiko dituzte, honenbestez, Batzar Nagusiek. Apustu sendoak dirudite. Florentino Perezek pozaren pozez hartuko du berria, dudarik gabe. Enpresaburuari parez pare zabaldu baitizkio ateak Bizkaiak, bere hamaikagarren filialaren bitartez zaintzari esker aberasten jarrai dezan. Zaintzagatik birritan ordaindu beharko dutenek, aldiz, ez dute pozik egoteko inolako arrazoirik izango.
Ordainketa partekatua; horixe baita, antza, herritarren zaintzarako eskubidea bermatzeko aurkitu duten ustezko finantzabide bakarra. Ordainketa partekatua baino, berrordainketa deitu beharko litzaioke. Desadostasunak irudikatu nahi dituzten arren, euskal erakundeak ados daude jarraitu beharreko ereduan: Euren gain dauden zerbitzu publikoen kostuak murriztu nahi dituzte, erantzukizuna familiengan utzita. Erakunde publikoek euren erantzukizunari uko egiteak nori egingo dio kalte? Mendekotasuna duten pertsona eta ezinduei, noski.
Ordainketa partekatua herritarren arteko elkartasunarekin lotu ohi dute neurri honen aldekoek. Guk, aldiz, argi daukagu hipokresiaz jantzitako elkartasuna eskatzen ari direla. Behin eta berriro erakutsi dute ez zaiela axola kontzeptu hau perbertitzea euren mesederako baldin bada. Izan ere, ordainketa partekatua bera da elkartasun eta berdintasun kontzeptuak zapuzten dituena. Sistema honen ondorioz, norberaren ordaintze ahalmenaren araberakoa izango da bakoitzak jasoko duen zaintzaren intentsitatea, edukia eta kalitatea.
Urteak dira Bizkaiko Foru Aldundiak zergak barkatzen dizkiela diru sarrera gehien eta ondarerik handienak dituztenei. Ondorioz, langileriari egotzi diote fiskalitatearen ardura. Arazoa, beraz, diru falta da. Gehien dutenei barkatu dieten dirua da, hain zuzen ere, orain inoiz baino gehiago behar dena. Besteak beste, aberatsenei ondare zerga kendu zaienetik urtean barkatzen dizkieten 106 milioi euroak.
Bestalde, Aldundiak azpikontratazio prozesuak sustatzen ditu aspalditik, prekarietatea berezko ezaugarria duen sektore baten egoera jasangaitza areagotuz. Hala, arlo publikoari zein pribatuari dagokionez, baldintza duineko lanpostu gutxi eskaintzen dira zaintzaren arloan, gehienak prekarioak baitira. Txostenak zabaldutako bideari ekinez gero, egoerak okerrera egiten jarraituko du. Izan ere, gero eta zailagoa izango da kalitatezko zaintza bermatzea, lan hori produktibitateak eta etekin ekonomikoek baldintzatzen badute.
Jakin badakigu klase behartsuenek pairatu ohi dituztela lan baldintzarik kaskarrenak. Kasu honetan, argi dago prekarietateak emakumezkoen eta, batez ere, emakume migratzaileen eskubideak kolokan jarriko dituela. Gure ustez, berebiziko garrantzia dauka arlo honetan dauden aukera desberdinak ezagutarazteko lanak.
Heldu da garaia zaintza lanak familien eta, bereziki emakumeen, ardura direlako ideia alde batera uzteko. Horrela, mendekotasunak beharrezkoak dituen politika publiko aktiboak abiarazi behar dira, benetan eraginkorrak izan daitezen baliabideak jarrita. Kalitatezko zaintzak bermatzeko bidean, ezinbestekotzat jotzen ditugu lansari duinak, lanari lotutako eskubide sozialen onarpena eta gizartean ikusezinaren eremura sokoratu duten errealitatea azaleraztea.
Txostenak, aldiz, pribatizazioa txalotzen du emakumezkoen enplegu-tasa handitzen lagunduko duelakoan. Langileen eskubideen bermea, ordea, airean utziko dute. Alternatibaren hausnarketan esanahai orokorragoa dauka lanak, (lana kontzeptu globalaltzat dugu), soldatapeko enpleguaz gain gizartearen iraunkortasunari eusten dion edozein beharrezko jarduera barne hartzen duela. Beraz, zaintza lanak, batez ere emakumeen ardura izan direnak, lan gisa hartzen dugunaren funtsezko atala da.
Aitzitik, ordainketa partekatuaren sistemak ez die mesederik egingo etxeko langileei. Izan ere, diru beltzez egindako kontratazioek ordainketa partekatua baino merkeagoa izaten jarraituko dute, formaltasun eta berme faltari eusteko aitzakia bilakatuz. Honen ondorioz, emakume migratzaileek zail izango dute erregularizazioaren bideari ekin ahal izatea eta are zailagoa izango dute ogibidez aldatu ahal izatea.
Hori gutxi balitz, testuak sendi barruko zaintzak eta zaintzaileak hobesten ditu edo, zehazkiago esanda, emakume jagoleen papera berrindartzera dator. Gure ustez, neurri honek emakumeak lan mundutik aldentzea besterik ez du eragingo. Bistan da etxeko langileen Gizarte Segurantzako erregimen bereziaren prekarietatea eta kalitate eskasa. Beraz, jagole hauek 45 eta 65 urte bitarteko andrazkoak izanda, ezin izango dute prestaziorik jaso.
Hau guztia ikusita, guk argi daukagu Aldundia aukera bikaina galtzen ari dela behar duten herritarrei eta sektore honetan diharduten langileei merezi duten aterabide duina eskaintzeko. Bizkaia, ostera, produktibitateari eta etekin ekonomikoei begira jarriko da, betikoen mesedera, alegia. Gauzak horrela, familiek eta, batez ere, emakumeek zaintzaren ardura bere gain hartzen jarraitu beharko dute.