Duintasunaren martxak babestu eta Madrilen ordezkaritza izango dugu

Alternatibako kide Joxe Iriarte ‘Bikila’ eta Kepa Olaiz izango dira, besteak beste, bihar arratsaldean Madrilen egingo den manifestazioan.

Duela urtebete, Andaluziatik deitutako Duintasunaren martxak, Espainiako estatuko eragile sozial eta sindikal ugariren babesarekin (tartean Euskal Herria zutabean elkartutakoak), ehunka milaka lagun bildu zituen Madrilen, aldarrikapen argiarekin: jatekoa, lana, etxebizitza eta duintasuna.

Egunotan Madrilera abiatutako martxak, bihar arratsaldez manifestazio bakarrean bilduko direnak, bestelako helburua duen bidearen urratsa izango dira, hain zuzen ere, urrian Greba Orokorra antolatzeko asmoz eta helburu zehatzekin: zilegia ez den zorra ordaintzea auzitan jartzea; zerbitzu publikoen defentsa; lan duina eta lan eskubideak; emakumeen eskubideen defentsa; gazteen etorkizuna bermatu; zapalkuntza eta mozal legeak salatu; finantza botereen mesederako TTIP bezalako akordioak bertan behera utzi; etxebizitza duina eskatu; pertsona, herrien eta nazioen erabakitzeko eskubidea aldarrikatu; etab.

Euskal Herrian zein Katalunian martxan diren autodeterminazio prozesuenganako aitortza eta babes ageriagoa gustatuko litzaigukeen arren, aipatutako helburu horiekin bat egiten dute Alternatibak eta EH Bilduk. Helburu horiek lortzeko bidearekin era bat gatoz, argi utzita Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoak izango direla horiek lortzeko moduak, bideak eta denborak erabakiko dituztenak. Kontuan hartu beharreko ezaugarriak dira espainiar estatuko gainerako eragileentzat, behin baino gehiagotan ahaztutako ezaugarriak baitira.

EH Bildutik azpimarratu beharra dugu aro politiko jakin honetan hauteskundeak daudela tartean eta oso litekeena da erakundeetan aldaketa garrantzitsuak ematea. Aldaketak ez dira benetan gauzatuko, alabaina, herritarrak ahaldundu gabe, indar politiko eta sozialen korrelazioa eraldatuta. Prozesu horrek elkartasuna izan behar du oinarri, espainiar estatuaren baitako zein kanpoko herri eta nazioekin. Greziak emandako irakaspena da. Gobernu ezkertiar bat aurrerapausoa da, kontraesanak kontraesan, herriaren eskakizunei erantzuteko orduan. Baina Troikaren oztopo eta presioek aldaketa horiek trabatu eta desegin ahal dituzte ez bada herri bat kalean, nazioarteko elkartasunak babestuta.

Euskal ezker subiranistarentzat, herri desberdinetako langileen arteko aliantzaren isla dira mobilizazio hauek. Helburu komunak gauzatzeko tresnak: benetako demokrazia ezarri, kapitalismo guztiz bidegabeari aurre egin eta botere finantzarien mesederako eraikitako Europako Batasunaren eredua iraultzea.

Euskal Bidearekin sustatu nahi dugun prozesua, gure prozesu eratzailea alegia, izaera anitzeko fronte politiko eta soziala sortzearekin uztargarria da, Europa osoko askotariko mugimenduak bere baitan hartuko dituena: ekologismoa, feminismoa, langile borroka, nazio askapena, oinarrizko askatasun demokratikoen babesa, antikapitalismoa, internazionalismoa, eta abar.

Guzti horrengatik. EH Bilduko militanteak Euskal Herria zutabearen baitan parte hartuko dute bihar arratsaldean Madrilgo manifestazioan amaiera izango duen mobilizazioan.

Alternatibaren adierazpena Askapenaren kontrako erasoaren harira

Alternatibatik Espainiako estatuko aparailu zapaltzailearen enegarren erasoa salatu nahi dugu. Berriz ere, elkartasuna gehien zabaltzen dutenen kontra egin dute: herrien duintasunaren alde borroka egiten dutenen aurka.

Hamaika borroketan aritzen diren ezinbesteko pertsonak dira, Euskal Herrian beti ikusi izan dugulako beharrezkoa beste herriekiko elkartasuna eta xamurtasuna erakustea, gure herriak pairatzen dituen bidegabekeriak salatzearekin batera.

Espainiako gobernuak Askapenaren internazionalismoa kriminalizatu nahi du, helburu argiekin: ezker iraultzailearen balioak eta, beraz, Euskal Herriarentzat eta Euskal Herritik eginiko internazionalismoa zigortzea.

Alternatibatik Askapenak sustatutako elkartasun internazionalistarako manifestuarekin bat egiten dugu, eta epaiketa politikoen amaiera exijitzen dugu.

Besarkadarik beroena helarazi nahi diogu erakunde horri, mundu justu, solidario eta askea eraikitzeko helburuan bidaide dugulako.

 

Manifestu honi atxikimendua adierazi dio Alternatibak

Internazionalismoa ez da delitua

Espainiako fiskalak Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke ilegalizatu eta Walter Wendelin, Aritz Ganboa, David Soto, Unai Vazquez eta Gabi Basañez euskal internazionalistak 6 urtez espetxeratzeko eskariaren aurrean, behean sinatzen dugun Euskal Herriko eragile, antolakunde, alderdi eta sindikatuok hurrengoa adierazi nahi dugu:

Lehenik, eskaera hau, pertsona bezala dagozkigun funtsezko eskubide sozial eta politikoen kontrako eraso berri bat dela salatu nahi dugu. Hain zuzen, onartezina eta antidemokratikotzat jotzen dugu Estatu Espainolak, interes partidario eta politikoen arabera besterenezineko eskubideak mozteko duen enpeinua, baita antolatzeko eskubidea bera ere.

Fase berri batean gaudela ohartarazi nahi dugu, eta gaur inoiz baino gehiago Euskal Herriak ez du ulertzen, ezta onartuko ere, errepresio, ilegalizazio eta herritarren espetxeratzean oinarritzen den dinamikan preso jarraitzea. Fiskaltzaren erabakia gure funtsezko eskubideen kontrako eraso bat bezala ulertzen dugu, eta aldi berean, gatazkaren konponbide demokratikorako oztopo arduragabea.
Hau honela, auziperatu eta ilegalizazioarekin mehatxatutako antolakundeei gure elkartasuna helarazi nahi diegu. Eragile hauen ekinbide politikoa, elkartasun internazionalistaren eremuan, gure herriaren eraikuntzan ekarpen handia dela aintzakotzat hartzen dugu. Hain zuzen, brigaden urteroko antolaketa, munduan zehar emantzipazio bidean dauden prozesuen gaineko elkartasun kanpainak edo eta potentzia inperialista handiek burututako eskubide indibidual eta kolektiboen urraketen salaketak gure herriko kultura politikoaren barnean kokatzen diren jarduerak dira. Urte luzeetako lan guzti honek, beste herri batzuekin elkartasunezko eta errespetuzko harremanetan sakontzeko aukera eman digu, errealitate ezberdinak gerturatuz baina mundu justu eta parekide bat lortzeko borroka berdin batean batuz.

Honegatik guztiagatik, Euskal Herria internazionalista baten alde lan egiteko beharra eta eskubidea, eta herri burujabeen arteko elkartasunezko harremanetan eraikiko den mundu bat aldarrikatu nahi dugu. Pertsona eta antolakunde internazionalista hauek modu eredugarrian garatu duten ezinbesteko lana eta horregatik, gure lan eremuetatik lagunduz, elikatuz jarraitzeko konpromisoan berresten gara.

Errepresiorik ez!
Gora Euskal Herria internazionalista!

Matute: “Baliabide publiko gehiago bermatu eta gehien dutenek gehiago ordaintzera behartuko dituen erreforma fiskala behar dugu”

Ezin gara proposamenetan sartu, egungo egoera sozial lazgarria eta krisiaren eta austeritatezko politika neoliberalen ondorio larriak kontutan hartu gabe.

– Gaur egun,160.000 pertsona baino gehiagok gizarte-bazterketa larria pairatzen dute HegoEuskalHerrian.

– Gaur egun, HegoEuskalHerrian 220.000 langabetu daude,hau da, %16ko tasa. Europakoa %11n dagoen bitartean.

– Krisia hasi zenetik sei urte luze pasa direnean, sektore guztietan milaka lanpostu galdu eta desagertu dira. Industriaren arloan bakarrik, 75.000 lanpostu galdu direla azpimarratu nahi dugu.

Egoera honi ekimen publikoaren bitartez eta arduraz erantzun behar zaio:

Krisialdiaren ondorio sozial larriei aurre egiteak ondorengoa eskatzen du:

– Austeritate gutxiago eta gizarte politika gehiago.

– Murrizketa sozial gutxiago eta gastu sozial gehiago.

– Eta noski, politika publikoen helburu zehatza ezartzea. Pertsona guztientzako bizitza duina bermatzea, alegia.

Baina aipatutakoa lortzea ez da nahikoa. Beharrezkoa bai, baina ez nahikoa. Enplegua sortu nahi badugu eta bizitza duinak bermatu nahi baditugu, aurretik ekonomia eraldatu behar dugu.

– Saldu nahi diguten susperraldi honek ez du enplegurik sortuko. Ez du milaka eta milaka langabetuen egoerarekin bukatuko.

– Horregatik, ekonomiaren gaineko kontrola berreskuratu behar da; pertsonak, haien eskubideak eta haien beharrak politika publiko, ekonomiko eta fiskalen erdigunean jarriz.

– Kalitatezko enplegua sortu behar da, eta horretarako, eredu sozial eta ekonomiko berri baten aldeko apustua egin behar dugu.

?   Tokiko garapena bultzatuz

?   Susperraldi ekonomikoaren eta berriztatze industrialaren aldekoa apustua eginez

?   Trantsizio energetikoa gauzatuz

?   Eta besteak beste, elikadura burujabetza edota saltoki txikiak babestuz.

Baina hau guztia aurrera ateratzeko, baliabide ekonomikoen eta sektore publiko sendo baten beharra dugu.

– Sektore publiko indartsua izatea lortzeko baliabideak eta kalitatezko zerbitzu publikoak behar ditugu.

– Aurrekontuak herritarren, gastu sozialaren, enplegu sorketaren, tokiko garapenaren, susperraldiaren, industriaren berritzearen, baserritarrak eta saltoki txikiak bultzatzearen zerbitzura jarri behar ditugu.

Asier Vega Artigas zabortegiaren inguruan “Bizkaiko Aldundiak ez du gardentasunez jokatu, ezta arduraz ere”

Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Asier Vegak erantzunkizunak eskatu zizkion atzo Ingurumenako Diputatu Iosu Madariagari, Artigaseko medialdea bi hilabete luzez tratatu gabeko hondakinez estalita egon denean, berak inolako azalpenik eman gabe. 

Bizkaiko Foru Aldundiak onartu duenez, Bizkaiak ez ditu hondakin guztiak aldez aurretik tratatzen zabortegietan utzi aurretik, orain arte kontrakoa ziurtatu badu ere. Hala ikusi daiteke hedabide batek argitaratu dituen argazkietan, Artigasko zabortegiaren inguruak tratatu gabeko plastiko poltsez estalita agertzen baitira. Artigaseko baso inguruen egoerari buruzko azalpenak emateko aurkeztu da gaur Iosu Madariaga Batzar Nagusietan, EH Bilduren eskariz. Tratatu gabeko hondakinak zabortegietara bidaltzeari buruz honakoa esan du: “Hori noiztik da arazo bat? Ze arautegik esaten du hori ezin dela egin?”

Madariagak adierazi duenez, Artigaseko inguruak garbi daude dagoeneko. Aldiz, hedabide batek gaur argitaratu dituen argazkiek kontrakoa frogatzen dute. Asier Vega EH Bilduko batzarkideak argazki horiei buruz galdetu dio Madariagari. “Irudi hauek ikusita, inguruak garbi daudela ziurtatu dezakezu?” Diputatuak erantzun du gertakari horiek “normalak” direla eta “txikikeriatzat” jo ditu.

Ingurumen diputatuak ez du argitu ezta ere zergatik bete ziren Artigaseko inguruak plastiko poltsez, zergatik zeuden hondakin horiek tratatu gabe eta zergatik ez ziren behar bezala estali, haizeteak eraman ez zitzan. “Azalpenik ematen ez bada, bakoitzak bere ondorioak atera ditzake” erantzun dio Vegak. “Gure ustez, hondakin horiek aldez aurretik tratatu gabe isuri ziren zabortegira eta ez ziren behar bezala estali. Eta beraz, Europak zehazten dituen gomendioak urratu ziren. Gainera, uste dugu hondakin horiek ez direla oraindik garbitu eta Artigaseko inguruetan jarraitzen dutela”.

Aldundiak onartu egin du Artigaseko zabortegira eramaten diren hondakin guztiak ez direla aldez aurretik tratatzen, nahiz eta TMB planta ondoan egon. Beraz, agerian gelditu da Artigasko TMB planta ez dela gai hondakin guztiak tratatzeko zabortegira bidali aurretik. EH Bilduren iritziz, Bizkaiko hondakin kudeaketak hutsune garrantzitsua du zentzu horretan ere. “TMB plantak gainezka egin du, ez ditu hondakinak tratatu eta tratatu gabeko hondakinak eraman dira Artigasko zabortegira” ziurtatu du Vegak.

Haizeteak tratatu gabeko hondakinak barreiatu zituenetik, bi hilabete pasa dira eta Aldundiak azalpenak eman arte hainbeste denbora igaro izana kritikatu du EH Bilduk. “Bizkaiko Aldundiak ez du gardentasunez jokatu, ezta arduraz ere”. Vegaren iritziz, kudeaketa ona izan bada, ez luke arazorik egon behar azalpenak emateko.

Irakurri ehbildu.eus webgunean

X