Batu gaitezen: Otsoa dator!> Jon Lasa (Alternatiba)

Azken aldian, EAJk mehatxu berria asmatu du. “Batu gaitezen” proposamenaren bitartez, bide baketsu eta demokratikoetatik erabakitze eskubidearen alde gaudenen batasuna deitu du, ustez PSE eta Alderdi Popularraren arteko ituna geldiarazteko datozen foru eta udal hauteskundeei begira. EAJk ke gortina zabaldu du berriro ere “besteak” baino hobeak eta bertakoagoak direla ziurtatzeko, interes ekonomiko berberen ordezkari diren arren.

Sirena kantuak dira. Ez naiz EAJk aipatu duen autodeterminazioaz ari, Alternatiban uste berekoak garelako, baizik eta gizakia ez delako bizi bakarrik autodeterminazio eskubideaz, Mateok esandakoa berreginez. Ulertzen da Urkulluk hauteskundeei begira bere alderdiaren aldeko frontea osatzeko duen premia, baina erabakitze eskubidea ezin da aitzakia bihurtu askok gorroto ditugun EAJren gainontzeko politika eskuindarrak ezkutatzeko.

Bistan da beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzatik, PPren babesarekin, PSEk sustatu dituen neurri neoliberalei muga jarriko dien frontea. Fronte honek, ordea, honako neurri hauek bultzatu beharko lituzke: garapen kontzeptu desberdina, azpiegituren sistema jasangarria, bidezko eredu fiskala eta banatzailea, eta publikoaren aldeko apustu sendoa. EAJ, PSE eta PPrekin batera, politika hauen aurkakoak dira.

Hori dela eta, bitxia da EAJk hartu duen jarrera. Zapaterok abiatutako lan-merkatuaren erreforma eta aurrekontu murrizketak bermatu, makroegitura jasangaitzak sustatu eta gehiago dutenei gutxiago ordaintzeko eskatzen dien egitura fiskalaren aldeko apustua berretsi duen bitartean, gainontzekoei dena ahazteko eskatu digute, erabakitze eskubideaz aritu behar garelako bakar-bakarrik. Euskal abertzaletasunaren aldeko berbaldiak ematen ditu Afganistango inbasioaren alde bozkatzen duen bitartean, altxor publikotik milioika euro AEBren mesederako egin den gerra batean inbertituz, hain zuzen. Ez al dute afganiarrek NATOren aurrean erabakitzeko eskubiderik?

Zentzurik al dauka otsoa datorrela oihukatzeak EAJ, PSE eta PP lagun minak direnean? Urkulluren alderdia da PSOErekin estatuko aurrekontuak babestu, EAEkoak ontzat jo eta hiru herrialdeetako aurrekontuei foru-baimena eman dizkiena. Hau guztia egin du EAJk “Estatu erantzukina” delakoaren ustezko babesaz baliatuz edo, hobeto esanda, euren artean egungo status quo ekonomikoari eusteko.

Ez ditugu ulertzen, beraz, PSEk eta PPk foru erakundeak zuzendu ditzaten ekidin behar dela dioten adierazpen alarmistak, egun EAJ burutzen ari den politikatik aldenduko balira bezala. Gauza bera izango litzateke-eta! Krisi ekonomiko eta gizarte eskubideen murrizketa egoera honetara eraman gaituzten politikei benetako alternatiba eraiki beharra dago. EAJ eta PSE-PP bikote bihurriaren artean baino ezin dela hautatu sinistarazi nahi izateak, eztabaida politikoari dagokionez, gabon hauetan Barbie eta Bratz panpinen artean hautatu behar izatearen maila bera dauka.

Herri honek eskubide guztiak errespetatzen dituen bloke ezkertiarra behar du: giza eskubidek eta eskubide zibilak, erabakitze eskubide demokratikoa barne. Diskurtso desberdina osatu behar dugu, saldu nahi diguten sirena kantuetatik aldentzen dena, alegia. Posiblea da beste dinamika bat eta, aurrean duguna ikusita, baita premiazkoa eta behar-beharrezkoa ere. Denbora luzea da otsoa oilategian sartu zenetik.

Bakerantz legalizazioa

BILBON, 2011ko OTSAILAren 15ean – Alternatibak datorren larunbatean, otsailak 19, Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioarekin bat egin du, euskal politika, kultura eta gizarteko 22 ordezkari ezagunek deitutakoa eta bakea zein Sorturen legeztatzea eskatuko duena. Martxa isilak ‘Bakerantz, legalizazioa’ leloa izango du eta gizartearen gehiengoaren borondateari erantzun egingo dio, “indarkeriarik gabeko bidetik aurrera egitea aukera politiko guztiak zilegi direla”.

Ildo honetatik, Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak gogorarazi du “herritarrak direla, haien botoekin, apustu politikoak berretsi edo ezeztatu behar dituztenak” eta, horrexegatik, “beharrezkoa” deritzo “ezker abertzaleak datozen udal eta foru hauteskundeetan” egoteari. Errefusatu ditu, aldiz, “hauteskunde interesei jarraituta euskal gizartearen zati adierazgarri baten botoa bahitzen jarraitzeko legeak sortu eta manipulatzeko asmoak dituztenak”.

 “ETAren indarkeria behin betiko baztertuta izango duen garai berriaren beldur diren alderdiak eta erakundeak” egotea deitoratu du Matutek eta, azpimarratu du, halaber, “eskubide zibil eta politiko guztien urraketak gaindituko dituen egoera eraikitzea beharrezkoa dela gatazka gainditzeko”. Hori dela eta, Alternatibako bozeramaileak Brian Currin abokatu hegoafrikarrak sustatutko Nazioarteko Harreman Taldeko kideen bitartekaritza txalotu du.

Eralketa publikoa Karrantzako plantan

Karrantzako plantako “txapuzaren” arduradunek bere gainkostea ordain dezatela eskatu du Alternatibak

Karrantzako Mindako arduradun politikoek beren “kudeaketa txapuzeroa eta arduragabearengatik” ordaindu eta plantaren gainkostua bere egin dezatela eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietako Alternatiba taldeak. Era berean, administrazio publikoek “inolako ikustatze publikorik ez duen sozietate baten esku hainbat milioi euro” jarri dituztela salatu du Jonathan Martinez batzarkideak.

Martinezek nabarmendu duenez, Alternatibak behin eta berriro ohartarazi du obra honen inguruko “iluntasuna” eta EAJko udal agintariek “irregulartasun ugari“ egin izan dituztela, “haien nagusiak jakinaren gainean zeudela”. Gogorarazi du, halaber, talde honek eskatu eta “gogoz espero” dituela Batzar Nagusien aurrean Jose Maria Martin Karrantzako jarduneko alkatearen eta Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Nekazaritza sailburuaren agerraldiak.

Planta eraikitzeko kudeaketa txarraren ardura baieztatuz gero “dimisioak” espero ditu Martinezek, “ez daitezen herritarrak izan haien zabarkeriaren erantzule”. Azkenik, Alternatibak abeltzaintzaren aldeko aldarria egin nahi izan du, “abeltzainak direlako sektorea galbidera daraman hamaikagarren zatarkeriaren kaltedun nagusiak”.

Zumalakarregiko errausketa-labeari baimena ematearen aurka

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek gai honekiko ardura duten administrazioei, Udalari zein Lakuari, Zumalakarregiko errausketa-labeari baimena ez emateko eskatzen diete. Euren artean erantzukizuna elkarri leporatu ez diezaiotela eta errausketa-labea hiritik kanpo lekualda dezatela eskatzen diete. Otsailaren 16rako deitutako auzo manifestazioarekin bat egiten dute.

Bilboko ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiak Zumalakarregiko errausketa-labea zabaltzearen aurkakoak dira. Hiri barruan jarduera kutsagarriak baimentzea bidezkoa ez dela uste dute. Funeraria Bilbainak sortuko duen kutsadurak Uribarri, Zurbaran, Begoña, Zurbaranbarri eta Iturrialde auzoetako 25.000 biztanle kaltetuko du.

Arazo honen aurrean ardura duten administrazioek axolagabeki jokatu dute. Ezin ahaztu, Funeraria Bilbainak errausketa labea martxan jartzeko udal baimena lortu zuela, Hirigintza zinegotziaren arduragabekeria dela medio. Era berean, Gasteizko Gobernuko Ingurugiroko sailaren ardura azpimarratzen dute. Pilar Unzaluk zuzentzen duen sailak 1976. urteko lege batean oinarritzen da baimena emateko. Europatik datozen zuzentarauak eta araudia, aldiz, oso zorrotzak dira gai honen inguruan: halako jarduera kutsagarriek hirigunetatik kanpo egon behar dute.

Lotsagarritzat jotzen dituzte Bilboko Udalaren zein Lakuaren jarrerak. Batera jo eta herritarrek osasunerako duten eskubidea bermatu beharrean, elkarri leporatzen diote ardura.

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek uste dute kutsadura eta minbizia eragin dezaketen partikulak sortuko dituen tximiniaren eragin-eremuan bizi diren 25.000 biztanleen osasunerako eskubidea lehenetsi behar dela.

Hori dela eta, EAJ, IU zein PSOE alderdiei dei egiten diete akordio batera heltzeko eta errauste-labea hirigunetik kanpo lekualdatzea agintzeko, herritarrek eskatzen duten moduan.

Bukatzeko, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek bat egiten dute otsailaren 16rako arratsaldeko 7etan Zumalakarregiko beilatokitik abiatuko den manifestazioarekin. Bide batez, bertan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei.

Osasunerako eskubidea orain!!!

Legalizazioa

Alternatibako ordezkariak Euskaldunan izango dira astelehenean Lokarrik antolatutako ekitaldian

BILBON, 2011ko OTSAILAREN 5ean – Alternatiba Bilboko Euskalduna Jauregian izango da astelehenean Lokarrik antolatutako ekitaldian, ezker abertzalearen estatutu berrien aurkezpenean. Alternatibako ordezkaritza Ander Rodriguez Gipuzkoako batzarkideak, Jonathan Martinez Bizkaiko batzarkideak eta Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak osatuko dute.

Hauteskundeetan aukera politiko guztiak egotearen aldeko apustua berretsi du Alternatibak eta, berriz ere, ‘ad hoc’ sortutako salbuespen legeak salatu ditu, eskubideak murriztu eta sistema demokratikoari kalte egiten diotelako.

Bizkaia 0’7

Alternatibak salatu du Jose Luis Bilbaok ez duela garapenerako laguntzarekin zer ospatu, ez baitu %0,7a betetzen

BILBON, 2011ko OTSAILAREN 3an – Bizkaiko Foru Aldundiaren hipokresia salatu du Jonathan Martinez Alternatibako batzarkideak atzo, otsailak 2, inauguratutako Bizkaia 0,7 izeneko erakusketa dela eta, “lankidetza eta garapenerako laguntza kopuru horretatik oso urrun egongo baita 2011ko aurrekontuetan”. Jose Luis Bilbao beraren arabera, aurten 9,07 milioi euro bideratu dituztel atal honetarako, foru gobernuak aurten gastatuko dituen 1.892,53 milioi euroetatik %0,48. Era berean, Martinezek nabarmendu du “azken bi urteetan atal honek behera egin duela, ehunekoetan (-0,16 puntu) eta euroetan (2,82 milioi euro)”.

Alternatibako batzarkideak, halaber, 0,7aren helburuaren berezko definizioa garapenerako laguntza herrialde baten Barne Produktu Gordinaren %0,7 bideratzea dela gogorazi du. “Administrazioek laguntza hauek aurrekontuekin lotzeko darabilten tranpa onartuta ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du kopurua legealdi osoan bete”, atxikitako datuek ageri dutenez, 2009a izan dela gertuen ibili diren urtea aurrekontuaren %0,64 bideratu zela. Bizkaia 0,7 erakusketa, beraz, “2010etik aurtengo aurrekontuetara lankidetza eta garapenerako laguntzan 2 milioi euroko murrizketa zuritzeko baliatu dute”. Azpimarratu duenez, “BFAk lankidetzarako laguntza faltsutu ohi du ‘Herritarren eskubideak’ deritzon ataleko gastuak ere aintzat hartzen dituztela, lankidetza eta garapenarekin loturarik ez dutenean”.

Alternatibak ez du ulertzen zer da ekitaldi honekin, propaganda instituzionaletik haratago, Jose Luis Bilbaok ospatu nahi duena eta, bide batez, garapenerako “laguntzarako %0,7ko konpromisoa benetan betetzeko dei” egin dio ahaldun nagusiari. Azkenik, “Jose Luis Bilbaok hain ondo zaindu nahi duen Petronor behi esnedunak BFAk laguntzen omen dituen herrialde azpigaratu horiek txirotu eta kutsatu” egiten dituela gogorarazi dio, ahaldun nagusiak Muskizko plantari buruz egin berri dituen adierazpenak gogora ekarrita.

Pentsionen erreformari buruzko bideo elkarrizketa

Elkarrizketa Mikel De la Fuente-ri, Lan Harremanen Unibertsitateko Eskolaren Irakaslea (EHU)

“Aurrean duguna ez da gizarte Segurantzaren krisialdia, baizik eta ekoitzitakoaren inguruko afera: alde batetik, soldatak eta kotizazioak; bestetik, enpresen mozkinak”

2011 Otsaila

Batu Gaitezen: Otsoa dator!

"Zentzurik al dauka otsoa datorrela oihukatzeak EAJ, PSE eta PP lagun minak direnean? Urkulluren alderdia da PSOErekin estatuko aurrekontuak babestu, EAEkoak ontzat jo eta hiru herrialdeetako aurrekontuei foru-baimena eman dizkiena"

http://alternatiba.net/idazlanak/770/batu-gaitezen-otsoa-dator-jon-lasa-alternatiba

Soldatak x Produktibitatea = Soldata- Mozkinak+

Alemaniako kantziler Angela Merkelek inflazioa alde batera utzi eta soldatak produktibitateari lotzearen alde eginiko proposamenak atxikimendu oldea jaso du. Funtsean, langileen lepotik mozkinak handitzeko helburua duen mugimendu berria da hau.

http://www.alternatiba.net/idazlanak/796/soldatak-x-produktibitatea-soldata-mozkinak-jonathan-mart%C3%ADnez-alternatiba

Ez dezala jan, lanik egiten ez duenak

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako neurrien arabera, lan-eskaintza bati uko egiten dionak Oinarrizko Errenta galduko du eta erabaki horrek langabezia-prestazioarengan ere eragina izan lezake. Modu honetan, mezu argia helarazten dute: ez diogu zertan biziraupena bermatu behar edozein lan ordaindu onartzen ez duenari.

http://alternatiba.net/idazlanak/797/ez-dezala-jan-lanik-egiten-ez-duenak-ander-rodriguez-lejarza-alternatiba

Bideoa: Munduko Foro Sozialaren jarraipenari buruzko eztabaida

Dakarren egindako azken Munduko Foro Sozialaren ostean, espazio honek kapitalismoari alternatibak bilatzeko orduan duen erabilgarritasunaren inguruko eztabaida piztu da. Foruen jarduna berraztertzeko garaia heldu al da? Hobe dugu espazio hauek alde batera uztea eta formula berriak asmatzen ahalegintzea? Bideo honek ezinbesteko eztabaida honen inguruko argudio batzuk biltzen ditu.

http://www.alternatiba.net/idazlanak/793/bideoa-munduko-foro-sozialaren-jarraipenari-buruzko-eztabaida

Serge Latocuhe: Bideo elkarrizketa deshazkunde teoriaren sustatzaileari

Deshazkunde teoriaren oinarrian daude hazkundearekin apurtu beharra, hazkundearen ideologia eta gizartea. Serge Latouche teoria honen sustatzaileetako bat da.

http://www.alternatiba.net/idazlanak/791/serge-latouche-elkarrizketa-deshazkunde-teoriaren-sustatzaileari

Sortu

Alternatibak albiste pozgarria deritzo Sorturen sorrerari Euskal Herriaren normalizaziorako eta “bakeari trabarik ez jartzeko” eskatu du

DONOSTIA, 2011ko OTSAILAren 9an – Alternatibak baikor hartu du Sorturen jaiotza, “Euskal Herriaren normalizaziorako albistea pozgarria” delako. Izan ere, “bakea lortzeko helburuan laguntzera datorren indar politiko berria da eta, horrez gain, herri honetan beren burua ezkertiar eta abertzaletzat duten herritarren kopuru handi baten bozka askatuko du, orain arte bahituta egon baita”.

Hala esan du Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak ETAren indarkeria estatutuetan “argi eta garbi” errefusatzen duen Sortu erakunde berriaren hamar sustatzailek atzo eginiko aurkezpenaren harira.

Alderdi honen sorrerak, Matuteren esanetan, “aro berria ireki du euskal politikagintzan, ez baitago ETA justifikatzen duen indar politikorik eta, ondorioz, ezin da legez kanpoko alderdirik egon”.

Horregatik, “alderdien legea baztertu eta herri honetan ebatsi diren eskubide zibil eta politikoak berrezartzeko ordua dela” ohartarazi du, “normalizazio politikorako eta demokraziaren oinarrizko printzipioak erabat errespetatuta gatazka gainditzeko xedean aurrera egin ahal izateko”. Bakea helburu duen bidean, buruzagi ezkertiarrak nabarmendu duenez, “soberan daude alderdien arteko zangotrabak eta epe luzera begiratzea lehenetsi beharra dago”, beraz, “ez da zilegi Sortu bezalako alderdi demokratikoak jokoz kanpo uzteko trikimailu legalak erabiltzea”.

Euskal Herria Ezkerretik, greba orokorrarekin bat

‘Euskal Herria ezkerretik’ akordioaren oinarri nagusiak nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza dira. Txanpon beraren bi aldeak dira. Akordioaren aurkezpen ekitaldian azpimarratu genuenez, erantzun irmoa eman behar zaie langileen eskubideak gutxietsiz merkatuen nagusitasuna mantendu nahi duten neurri ekonomiko eta sozialei.

Horixe da, hain zuzen, Gasteizko, Iruñeko eta Madrileko gobernuak (azken hau EAJren babesarekin) egiten ari direna. Bere azken ekarpena erretiro-adina 67 urte bete arte atzeratzea da, eta horrekin batera pentsioa kobratzeko eskubidea izatearren kotizatu beharreko urte kopurua ere handitzea.

Neurri hori, eta ez da bakarra, atzerapauso argia da langileen lan eta gizarte eskubideen ikuspegitik, eta beste behin krisiaren ondorioak gizartearen sektorerik ahulenen bizkar gainean erori da, hau da, gazteak, etorkinak eta emakumeak bereziki, azken hauek zigor bikoitza jasaten ari baitira krisiaren ondorioz.

Espainiako Erresumako Gobernuak hitzez hitz bete ditu banku-botereen exijentziarik onartezinenak; botere horien helburu bakarra haien etekin iraingarriei eustea da, guztiei, horrek hondamen kolektiboa ekarri arren. Banka pribatua da benetan gobernatzen gaituena; alegia, Zapateroren txeke multimillonarioak diru-gosez pilatu dituena, Estatuko zor publikoa erosita interes altuak lapurtzen dizkigun bitartean.

Horrela, banka pribatuak patronalari likidezia eskatzen dio, eta patronalak PSOEk eta EAJk lotsarik gabe txalotzen duten lan erreforma eskatzen dio espainiar Gobernuari.

Hori dela eta, datorren ostegunerako, hilak 27, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba erabat justifikaturik dagoela uste dugu, eta deialdi horrekin bat egiten dugu.

Zalantzarik ez dago, pentsioen erreforma eta haien ustezko bideragarritasunik eza saio bat baino ez dira sistema publikoarekin amaitzeko eta sistema bera pribatizatzeko. Guk prozesu horri aurre egingo diogu, gure oposizioa erabatekoa delako. Enplegua sortu eta lan-prekarietatea murriztu beharrean, langileen egoera larriki ahuldu da; gobernuak langileak bakarrik uzten ari dira espekulatzaileen interesen alde egiteko. Eusko Alkartasunak, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak gizarte-justizia defendatzen dugu, eta argi dugu murrizketa sozial hauek guztiak gure burujabetzaren aurkako buruz buruko eraso bat direla, guk aldarrikatzen dugun lan harremanetarako euskal esparruaren ukazioa direla. Erabakitzeko eta gizarte-elkarrizketarako estatuko esparruaren inposaketa jasaten du euskal gizarteak, eta esparru horren eredua mimetikoki aplikatzen da EAEn zein Nafarroan, Euskal Herri osoaren errealitate soziala, politikoa, ekonomikoa eta sindikala aintzat hartu gabe.

Pertsona guztiek pentsio duin bat jasotzeko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzen dugu, eta horretarako enplegua sortu behar da, baina kalitatezko enplegua; soldata altuagoa, kotizazioa ere altuagoa. Gazteek eta emakumeek lan merkatuan sartzeko aukera izan dezaten, baldintza eta aukera berdintasunean. Zerga politika aurrerakoia eta progresiboa ezar dadin. Eta lehenago esan dugun bezala, Euskal Herriak bere pentsio-sistema erabakitzeko ahalmena eta tresnak izan ditzan, hau da, erabakitzeko euskal esparrua izan dezan.

Hau guztia dela eta, datorren ostegunerako, hilak 27, euskal gehiengo sindikalak deitutako greba orokorrarekin bat egitea erabaki dugu, argi eta garbi.

Greba Orokor honek ez die erantzunik ematen amorruari edo haserreari bakarrik. Benetako aldaketaren alde lan eginez jarraitzeko bidea da. Beste eredu ekonomiko, sozial eta politiko baten alde lanean segitu behar dugu. Eredu bat non herritarrok ez garen egongo batzuk bakarrik babesten dituen eredu ekonomiko baten zerbitzuan, ekonomia bera herriaren interesen zerbitzuan egon dadin. Euskaldunok kalera irten eta mobilizatu behar dugu gure eskubideak errespetatuak izan daitezen.

X